Itziar Moreno preso politikoaren iritzi artikulua

Hemen duzu Itziar Moreno Martinez euskal preso politikoak, Fleury Merogis-eko espetxetik idatzi duen iritzi artikulua, Bilgune Feministaren 15. urteurrena eta larunbat honetan, Bilbon burutuko den presoen aldeko manifestazioa aitzaki.

Lotura: Berria

Borroka feminista kartzelan

Bertan egon ginen, bai, ehun bat titi-pare mundua eraldatzeko prest; gosari lokartuak hitzaldietan luzatzen, eztabaida beroak mahai-inguruetan, plenarioetan pailazoa nagusi, lantaldeetan putak, ikasleak eta etxekoandreak eskuz esku, egitarautik kanpoko parranda klandestinoren bat edo beste... elurra bera ere etorri zitzaigun elkarbizitza feministari pintzelkada magikoa ematera. 15 urte igaro dira, Leitzan, Euskal Herriko emakumeok lehenengo topaketa haiek ospatu genituenetik. Hiru bosturteko hauetan euskal feminismoak orratz txikiz jositako urratsez nahiz aizkorakada ausartez egin du bere bidea, auzo/herrietatik Euskal Herrira eta handik mundura salto eginez; gaur egun, sistema heterokapitalistaren kontrako borrokan, abangoardia errebeldearen ikur izateraino.

Bertan egon ginen hainbatek harresiaren bestaldetik jarraitzen diegu orain borroka feministaren zein gure herriaren eraikuntzaren gorabeherei. Jarraitu, eta parte hartu. Espetxe guztiak erauztea lortu arte, gatibu gauzkaten zigor-eremu-biolento-falozentriko hauetan asko baitago borrokatzeko. Egun, euskal preso politikoen kolektiboa osatzen dugun 355 kideotatik 47 gara emakumeak, eta 27 espetxetan sakabanatuta gauzkate. 19 dira, orotara, bakartuta dituzten kideak, horietatik 12 emakumezkoak. Hau da, kolektibo osoaren %13 bagara ere, bakartutako kideen %63 osatzen dugu. Batzuetan zenbakiak hutsalak dira; beste batzuetan, aldiz, euren kabuz hitz egiten dute. Doakiela hemendik indarrez beteriko besarkada xamurra bakarrik diren kide guztiei, zuen ondoko hutsunean gaituzue!

Kartzelan, kaleko kaiolan bezalaxe -espetxeak estatu baten isla leiala besterik ez dira-, zapalkuntza bikoitza pairatzen dugu: sistemari aurre egiten dion militante politiko eta emakume gisa. Izan ere, pertsona suntsitzeko asmatuak diren tortura-zentro moderno hauetan, emakume izateagatik, berariazko errepresioa jasaten dugu. Hasteko eta behin, espetxearen espazio fisikoa bera gizonezkoentzat pentsatuta eta eraikita dago. Presoen kopuru orokorra aintzat hartuta, emakumezkoak gutxiago garen aitzakiarekin, sarritan, egokitzen zaigun espazioa txikiagoa edota gizonen moduluen «soberakinekin» egindakoa izaten da (emakumeen ziegak ezagutu ditugu espetxeko garaje zaharra zenaren barruan, baita ziegetan dutxarik ez izatea ere, gizonezkoen aldean lanak egin ostean aurrekonturik gabe geratu direlako...). Instalazio bereziak ere gizonen aldean egon ohi direnez, aktibitate aukera urriagoa izan ohi dugu: futbol zelaira joateko debekua, «gizonen bistan (!) egongo garelako» (adi egon daitezela, bai, ... gure titi eta izterrek matxinadak eragiteko indarra daukate eta!). Kontua da espetxe gehienetan halako obsesio paranoide bat daukatela agintariek: gizon eta emakumeak ez daitezela gurutzatu, ez elkar entzun, ezta ikusi ere! Danger! Desintegrazio nuklearrerako arrisku gorena! Ukazioaren erreinuan, zaharrak berri. Aisialdirako aukera gutxiago, hortaz. Gainera, eskaintzen zaizkigun aktibitateen artean ere aldea dago, hots, erabateko banaketa sexista: gizonentzat kirol jarduerak (dela futbola, dela boxeoa), hain «maskulinoak» diren harria edota egurra lantzeko aukera... ; emakumeoi, berriz, josketa, pintura, zeramika (askozaz «femeninoagoa», noski!), estetika... eta horien gisako jarduerak proposatzen dizkigute. Hori da sistemaren kaiolak buruan iltzatu nahi digun eskema: neskatilak, izan zaitezte otzanak, femeninoak, zintzoak eta panpoxak...!

Sakatu hemen irakurtzen jarraitzeko

ETIKETAK

Elkarbanatu!