Mahaingurua: Nork du zilegitasuna belodun emakumeak epaitzeko?

Belodun emakumeak: Nork du zilegitasuna haiek epaitzeko?

Iturria: Onintza Irureta Azkune - Argia

Pena izan da. Mahaian hiru baino ez dira aritu berriketan. Laugarren bat, Muna, gure artean izango zela uste genuen. Azken momentuan ezin izan du etorri. Emakume musulman batzuek janzten duten beloak sortzen duen eztabaidaz hitz egin nahi genuen, eta hara non azkenean, zapia erabiltzen duen bakarrak kale egin digun.

Eguskizak, Uriak eta El Halouik ez dute erabiltzen buruko mantelina, baina ez daude debekuaren alde. Ahulenen kontra, alegia, gure artean bizi diren emakume musulmanen kontra, azkenaldian sortzen ari den diskurtsoaz oso zuhur hitz egin dute.

38 arropa-neurrian sartu nahian dabiltzan emakume mendebaldarrak musulmanei lezioak ematen hasteko ez daudela uste dute, eta burujabetzaren bidean, onena, emakume bakoitzaren prozesua errespetatzea dela.

Hanka puntetan dabiltza hirurak gaia lantzerakoan, badakitelako emakume musulmanak hormaren aurka jarrita piztia elikatzen dela, hau da, islamofobiari jaten ematen zaiola.

...

Kultura europarrean munduaren zilborra izan nahian segitzen al dugu?

A. Eguskiza: Gauzak zalantzan jartzea gustatzen zait, hain daukagu heziketa sexista eta arrazista. Ez badugu hausnartzen betikotuko dugu sistema heteropatriarkal eta arrazista. Zergatik da hain erraza beloa zalantzan jartzea? Botere posizioan gaudelako gu.

I. Uria: Mendebaldeko gizon zuriak arrazionalak, objektiboak, neutroak, gardenak dira, zer dagoen ondo eta zer gaizki esaten dutenak. Beraz, mendebaldeko emakume zuriek, ez badute ezer zalantzan jartzen, uste dute beraiek ere gardenak, neutroak eta arrazionalak direla. Bitxia da, gizonek emakumeei esan digutena, alegia, haiek arrazionalak / gu irrazionalak, haiek askatasunaren alde borrokan / gu mendekoak, haiek zientzia egiten dute / guk magia edo horrelako zerbait… beste kulturetako emakumeekin errepikatzen ari gara. Ez baitugu ikusten gure motxila. Aitziberrek esan duen moduan, zalantzan jartzen hasten bagara, guk zein motxila daramagun konturatzen bagara, nondik hartua den ohartzen bagara eta ez badugu onartzen gizonek egin digutena, orduan jabetuko gara ez dugula gauza bera nahi beste emakumeentzat.

A. El Haloui: Eurozentrismoa bizi dugu guk bai, haiek dakite dena. Niri lehenengo egunetan gertatu zitzaidan. Politikaz zerbait esan nahi nuen eta ondokoak esan zidan, “zuek ez duzue hortaz ulertzen”. Nik orduan ez nuen ondo hitz egiten gaztelaniaz, eta harrituta gelditu nintzen, nola ez dugula politikaz ulertzen? Garbi dago, hona iristen garenean, gugandik espero dena da berriz ikasi behar ditugula gauzak, hemengo kulturara moldatzeko. Baina guk ere badakargu gurea, guk ere badaukagu gure jakintza.

A. Eguskiza: Bera entzunda hitz batzuk etortzen zaizkit burura. Nola erabiltzen ditugun “gu” eta “besteak” hitzak. Garrantzitsua da jabetzea oraindik badirela “besteak”. Gogoratu behar dugu, emakumeez hitz egiten dugunean, “gu” esaten dugunean haiek ere hor sartu behar ditugula. Beste hitz bat: zaurgarritasuna. Pribilegio gutxiago dituzte eta zailtasun gehiago dituzte ikusgarriagoak izateko eta komunikatzeko (sarri hizkuntza ere ez dute menderatzen). Beste hitz bat: gutxiestea. Nola gutxiesten dugun emakume bat haren itxuragatik, zapia daramalako, azal ilunagoa daukalako, ezgaitasun fisikoa daukalako. Lelotzat hartzen dugu, patriarkatuaren biktimatzat, joera orokorra da gizarte honetan. Berak ez daki, eta irakatsi egin behar zaio, eta lagundu egin behar zaio. Borondate ona oso arriskutsua da, bi aldiz biktimatzat hartzen ari gara. Asistentzialismoan, paternalismoan, erortzen gara.

A. El Haloui: Horrek min handia egiten du. Horregatik baino ez dira gugana gerturatzen, nire bizipenengatik diot. Laguntzera datoz, eta kito, hor geratzen da kontua. Ez dira gerturatzen zu ondo ezagutzeko, laguntasun harreman bat sortzeko. Lagundu, lagundu eta lagundu, diruarekin, ostatuarekin, konpainiarekin… eta kito. Zu hor eta ni hemen.

Gauza bat da onartzea ez dagoela ikuspuntu bakarra, eta beste bat ikuspuntu guztiak onargarriak direla pentsatzea. Beste kulturetatik datorren guztia onargarria al da? Emakumeen eskubideak ardatz hartuta beste kulturetako hainbat bizimodu eta ohitura ez dira ontzat hartzeko modukoak.

A. Eguskiza: Feministometroa hitza datorkit gogora.

...

Sakatu hemen mahainguru osoa irakurtzeko

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA