Berriro gerta ez dadin, kalitatezko sistema soziala behar dugu!

Pasa den astean jakin genuen 61 urteko Koldo hilik aurkitu zutela Bilboko kaleetan abenduaren 20ean. Lehenik eta behin, Koldoren ingurukoei doluminak adierazi eta besarkada bat bidali nahi diegu.
Kalean eta babesgabetasun egoeran bizi zen euskal herritarraren heriotza salatu nahi dugu. Era berean, gogor salatu nahi dugu Koldoren heriotza “ondorio naturalengatik” izan dela zabaldu duten hedabide zein instituzioak. Izan ere, kalean bizitzeak ondorio sozial, ekonomiko, politiko eta kulturalak dakartza pertsonen bizitzan. Koldoren heriotza politika neoliberalek sustatzen duten babesgabetasun sozialaren ondorio izan da.


Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzaren 2017.urterako aurrekontuetan babes sozialerako ahalegina handitzea exijitzen dugu, aurrekontu publikoen bidez finantzaturiko kalitatezko sistema sozial unibertsala eta duina behar dugu. Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu publikoek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarron eskubide sozialak bermatzeko tresna izatea aldarrikatzen dugu.
Euskal Herriko eskubide sozialen Karta osatzen dugun eragileok politikaren lehentasunak aldatu eta pertsona zein natura erdigunean izango duen eredu sozial berri baten beharra berresten dugu eta borrokatzen, mobilizatzen zein berau eraikitzen jarraituko dugu.

ETIKETAK

Elkarbanatu!