Gure haurrak "ama" eta "mamá" dauzka

Ainara Lasa bilgunekidearekin egindako erreportaia, harrera familien inguruan.

Iturria: A. Iraola - Berria

Memoria argitu beharrik ez du izaten Ainara Lasak (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1984) bera eta bikotekidea —Asier Rodriguez (Ataun, Gipuzkoa, 1978)— etxean ume bat harreran hartzea aztertzen noiz hasi ziren gogoratzeko. «2014ko iraila zen». Ondo gogoan du Donostian zebiltzala, ordurako etxean zituzten bi haurrak —bi seme-alaba biologikoren gurasoak dira— aitona-amonekin utzita, eta aldundiak harrera familiak eskatuz eginiko iragarki bati erreparatu ziotela. «Han ipintzen zuen telefonora deitu, eta hortxe hasi zen abentura». Nolanahi ere, familia beste era batera handitzeko gogoa lehendik ernaldua zuten. «Esana genien umeei haur gehiago etorriko zirela, eta ez zirela amatxoren sabeletik etorriko». Hiru haur dituzte orain etxean: 2016ko otsailean 3 urteko ume bat harreran hartzeko proposamena egin zieten. Ez du ahazteko une hori ere: «Ezagutu, eta argi ikusi genuen gure etxera etorri behar zuela». Umea larrialdiko kasuak artatzen dituen familia batekin zegoen, eta apurka-apurka, haienera hurbilduta, txikia ezagutzeko bidea egin zuten Lasak eta familiak: apiriletik daude batera.

Dena ongi doa. «Oso desiratua izan da familiako kide guztien partetik, eta bera desiratua izateko irrikan zegoen». Aurretik egin behar izan zuten bide luzea gogoan du, hala ere; kezkaz eta eragozpenez betetako prozesu bat dela ez du ezkutatu nahi. Aldundirako diharduten teknikariek harrera familia izan nahi duten sendi guztiak zorrotz ikertzen dituzte; garrantzitsua izaten da bakoitzak zer motibazio klase duen ongi neurtzea, eta zer ume klaserentzat egokia izan daitekeen ikustea. «Pertsona, bikote eta familia bezala, erabat analizatuta sentitu ginen; deseroso ere bai zenbaitetan», onartu du.

Denborarekin, ordea, lan horren guztiaren garrantzia entenditu dutela azaldu du: familian hartu duten haurra ezagutu zutenean, esaterako, ulertu zuten haren premiak asetzeko ezaugarri asko zituztela haiek. eta teknikariek taxuz egindako lan baten emaitza izan zela hori.

Epe luzerako harrera prozesu batean —iraunkorrak izaten dira, gutxienez lau urtekoak— murgiltzeko asmoa zuten, baina bestelako ezaugarriak dituen proiektu batean ari dira. Bi urterako hartu dute umea. Haren amaren egoerak hobera egiten badu, haurra berriro ere harengana itzultzea da asmoa. Astero eramaten dute harengana, bisitan; harekiko duen maitasunean ere haurra hazten ahalegintzen dira. «Gure haurrak ama eta mama dauzka. Hura ere izugarri maite du». Ez dakite noiz arte izango duten haurra haiekin, baina familia giroa trinkotzen saiatzen dira egunero. «Hirurak anai-arrebak dira; inork ez du hori kenduko». Jatorrizko familiarekin joan behar badu ere, haren ondoan egoteko beste era batzuk lantzen saiatzea dute helburu.

Klikatu hemen irakurtzen jarraitzeko.

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA