Nekane Txapartegiren mezua

Nekane Txapartegi Suitzan espetxeratuta dagoen euskal preso politikoak mugimendu feministari zuzendutako mezua irakur dezakezu jarraian:

Emakume eta kide guztioi!

Patriarkatuak emakumeen aurka erabiltzen duen arma da bortizkeria sexista. Gure duintasuna kendu nahian gure gorputzetan bortxatuak izan ginen gutariko asko. Poliziek, senarrek, apaizek, politikariek, familia kideek, irakasleek, medioek edo norbaitek umiliatu eta erasotu gintuzten. Baina eraso hauek ez ziren kasualitatez gertatu edo norbaitek kontrola galdu zuelako, bortizkeria estrukturala jasan genuen.

Inkomunikatua izan ninduten 5 egunetan Guardi Zibilek nire gorputza guduzelai politiko bihurtu zuten. Nire konpromiso politiko eta sozialengatik zigortzeaz gain, emakume eta feminista bezala nire sakonean zauritu ninduten zapalkuntzaren aurka borrokatzeagatik. Baita estruktura patriarkalak ezarritako rola ez onartzeagatik ere.

Orduan komisaldegi hartatik bizirik ateratzea erabaki nuen eta bizitako tortura sexisten aurka borrokan jarraitzea; zoritxarrez emakume gehiegi bidean gelditu dira eta bortizkeria horrekin bukatu behar dugu!

Errebela gaitezen! Ez dezagun utzi gure gorputzak esplotazio, zapalkuntza eta espazio politiko bihur ditzaten. Suntsitu ditzagun gure gorputzak kontrolatu nahi dituzten arau eta debeku kultural, erlijioso eta mekanismo guztiak. Denok batera indartsuak eta geldiezinak gara!

Gaur Emakumeen aurkako bortizkeriaren kontrako eguna ez dadila eraso guzti horiek salatzeko parada bakarrik izan. Eman dezagun beste pauso bat patriarkatuaren aurkako borrokan eta erresistentzia feminista antolatzeko bidean.

Emakume guztioi dei egiten dizuet iraultza feminista lortzeko altxatu, antolatu eta borrokatzera! Ni zuekin izango nauzue!

Besarkada iraultzaile bana!

JTK!

Nekane

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA