Familia, isiltasun gotorleku

Adinez txikikoen kontrako indarkeriak hamaika aurpegi ditu. Sistema patriarkaleko subjektu zaurgarrienak diren heinean, ordea, badute berezko ezaugarri bat: sufritzen dutena ezkutuan gertatu eta geratzen da, erasotzaileak haien senideak direlako gehienetan. Isiltasun horrek, baina, ezin duela errealitatea desitxuratu kontatu digute Bilgune Feministako kide Saioa Iraolak eta Eraikiz elkarteko pedagogo Aitziber Bañuelosek. Indarkeria sufritzen duten umeak ez dira bat edo bi; guztiok omen dugu inguruan biktimaren bat, baita erasotzaile bat ere. Eta horrek beldurtu egiten gaitu, bazterrak ez nahastera bultzatu, arazoa konpontze aldera funtsezkoa denean gaiaz hitz egitea.

Iturria: Eider Madina Berasategi - Argia

Umeak sistema patriarkalaren subjektu ahulenak direlako eta ezkutuan gertatu eta geratzen den indarkeriaren biktimak direlako heldu dio gai konplexu honi Euskal Herriko Bilgune Feministak, eztabaida eremu publikora zabaldu eta konponbideak aurkitzea xede. Kolektiboaren hitzetan, garrantzitsua da egoera horietan sortzen diren isiltasun-hitzarmenak haustea: “Horretarako, sufrimenduz betetako bizi-hastapena izan duten subjektu zaurgarriak ikusgarri egin behar dira. Lehen pausoa, haurrei subjektu izaera, ahotsa eta sinesgarritasuna ematea da”. Taldeko kide Saioa Iraola Urkiolak azaldu digunez, umeek arazoa plazaratzeko urratsa ematen dutenean, maiz ez diegu sinesten: “Haien hitza ez da kontuan hartzen eta umeen fantasia eta asmakizunak direla argudiatzen da, sarritan erasotzailea familiakoa edo ingurukoa delako”.

Sistema patriarkalean boterearen hegemonia heldua, gizona eta heterosexuala da; eta hori mantentzeko tresnarik nagusiena modu eta forma anitz dituen bortxa”, dio Bilgune Feministak. “Horrenbestez, indarkeriaren monopolioa gizon helduek dute (gehienetan senarrak, aitak, osabak, anaia nagusiak, aitonak) eta hori sufritzen dutenak nagusiki jendartean zaurgarritasun-egoeran bizi diren subjektuak dira: emakumeak eta haurrak”. Indarkeria horren gotorlekua, datuek erakusten duten moduan, familia dela dio Iraolak. “Familia egitura hori eta haren gertuko sarea dira, gehienetan, errealitate lazgarri horien isilpeko babesleku; horren adibide adierazpen hauxe dugu: trapu zikinak etxean garbituko ditugu”.

Sexu erasoak, erdigunean

Bilguneko kidearen hitzetan, “indarkeria aldaera anitzen zutabeak estuki lotuta daude patriarkatuaren baitako jendarteratze-prozesuei”. Eta horri lotuta dago gizon heldu eta heteroaren hegemonia sostengatzen duen sexualitatearen eraikuntza: “Gizonek haien gozamenerako eta onurarako nahieran erabil ditzakete inguruko gorputz anitzak; horren adibide dira sexu-erasoak, bortxaketak, publizitate sexista, haurren hipersexualizazioa edota pornografia”.

Halaber, egunerokoan (modu sotilagoan) haur guztiak zipriztintzen dituen indarkeria kultural, sozial eta sinbolikoa ere salatu du Bilgune Feministak, haur eta nerabeen bizi-ibilbidea urraketaz betea dagoen heinean: “Jendarte honetan haur guztiek genero rolen banaketa pairatzen dute jaiotzen diren mementotik eta haien sozializazio-prozesuan zehar eredu binomiala modu zurrun eta hertsian jasotzen dute”.

Indarkeria oro aintzat hartu arren, sexu erasoak nabarmendu ditu Bilgune Feministak, “eguneroko errealitatea baitira gurean”. Gaia oso delikatua da, eta ez da erraza datuak aurkitzea. Informazio falta dago eta dauden ikerketa ofizialak zaharkituta geratu dira. 1994an Felix Lopez doktoreak Espainiako Gizarte Gaietako Ministerioak eskatuta eginiko txostenean jasotzen denez, “Kanada, AEB eta Europar Batasuneko hainbat herrialdetan (Espainiako Estatuan tartean) eginiko ikerketek erakusten dute 17 urtetik beherako nesken %23-25ak eta mutilen %10-15ak sexu gehiegikeriak pairatu dituztela. Eta eraso horien %70-80a familia giroan edo haurraren konfiantzazko inguruan gertatu direla”.

Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako egunean, umeak izan ditu gogoan Euskal Herriko Bilgune Feministak, sufritzen duten indarkeria bistaratzea xede.

Isiltasun hitzarmena

Umeen kontrako indarkeria sistema patriarkalaren ezaugarri askoren ondorio da: familia eredua, gorputzen sexualizazioa, jendartearen isiltasuna eta konplizitatea, figura patriarkala, helduen nagusitasuna eta abar. Horiek guztiak dira, besteren artean, datu, ikerketa eta irakurketa gutxi egotearen arrazoi nagusiak. Ildo berean, beldurra, lotsa, errudun sentimendua, isiltasun-hitzarmena edota familia ereduaren indarraren ondorio da biktimen isiltasuna.

Bestalde, kaleko jendea “egiaren beldur” da, eta ez du informazio eta ikerketa gehiagorik eskatzen. Politikoek, horretaz jakitun, “beste aldera” begiratu ohi dute ardurak saihesteko. Bilgune Feministako kidearen ustez, “arazo bat konpontzeko lehen urratsa aitortu eta onartzea da; jendarteak begiak irekitzea nahitaezkoa da, gai honen inguruko beldurra eta tabua gainditzeko”.

Lanketa eta hausnarketa prozesu kolektibotik ateratako irakurketan argi utzi dute dimentsio zabal eta anitza duen gaia dela honakoa. “Umeen kontrako indarkeria patriarkalak ertz asko ditu, eraso fisikoez harago, arduragabekeria fisikoa eta emozionala, eraso psikologikoak, sexu-abusuak edota euren amak pairatzen duen indarkeriaren lekuko izatea”. Salatu dutenez, “azken kasu honetan legeak hutsune nabarmenak ditu, etxean indarkeria-egoerak bizi dituzten haurrak ez direlako zuzeneko biktimatzat hartzen”. Adituen arabera, haurrengan albo-ondorioak izaten ditu indarkeria mota horrek eta sarritan gaitz psikologikoak, agresibitatea edota urduritasuna eragin ditzake.

Erakunde feministak ohartarazten duen bezala, “sistema judizialaren egitura bera patriarkala da eta haien baldintzen arabera aztertzen dira kasuak. Orokorrean epaileak gizonezkoak dira, eta haurraren hitzak ez du pisurik, sarritan ez dagoelako froga garbirik. Lekukoa oro har, haurraren ama izan ohi da eta haien hitza zalantzan jartzen da sarritan, manipulazioa argudiatuta”.

Kasu gehienak artxibatu egiten dira

Sexu abusuen kasuan oso ohikoa da hori. “Hasteko, salaketa gehienak ez dira epaitegietara iristen eta lortzen duten apur horiek trabaz betetako bide bati egin beharko diete aurre, eta zenbait kasutan gertatu den bezala, seme-alaben zaintza kentzeko arriskua hartuta”. Iraolak gehitu duenez,  prozesuen geldotasuna kontuan izanik, auziak aurrera jarrai dezan aparteko abokatu bat behar izaten da gehienetan, eta askok ezin izaten dute aurrera segi, baliabide ekonomikoen faltagatik. “Azken batean, epaitegietara iristea lortzen duten salaketek bide judizial motza izan ohi dute, kasu gehienak  artxibatu egiten baitira”.

Bilgune Feministak urte hasieran Gasteizen jazotako muturreko adibidea ekarri du gogora. Alicia izeneko 17 hilabeteko haurrari sexu-abusuak egin eta gero balkoitik botata hil zuen haren  amaren bikotekideak. “Eusko Jaurlaritzak berak ez du indarkeria sexista gisa izendatu eta onartu. Horrez gain, zaintza partekatuaren legea onartu zenetik, epaitegietan erabakitzen diren banaketa gehienetan ez dira indarkeria sexista egoerak kontuan hartzen, eta erasotzaileei bisita-erregimena mantentzen zaie”, salatu du elkarteak.

Guztion ardura

Azaroak 25, Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako egunaren harira Bilgune Feministak egin duen irakurketa ez dela zerotik abiatzen esan digu Iraolak. “Psikologo, abokatu, hezitzaile eta elkarteak lanean ari dira aspaldian, baina Bilgunetik gure ekarpena egin nahi dugu, gaia ezkutukoa dela jakin badakigulako. Umeen aurkako indarkeria lehen planora ekarri eta eztabaida publikoa sortzea da gure helburua: konpartitzeko beldurrez barnean ditugun bizipen lazgarriez hitz egiten hastea, ezkutuko errealitate anitzak bistaratu eta horietara gerturatzea; finean, ezkutuko bortxa sistema horren biziraupena onartzen duen isiltasun hitzarmenak haustea”.

Egin duten irakurketa politikoa gai honetan sakontzeko abiapuntua dela diote: “Jendarte heldu gisa dugun arduraren jabe izan behar dugu. Agintari politiko eta judizialen ardura eta inplikazioa exijitzen dugu, baina baita jendarte osoaren elkarlana ere. Hortaz, nahitaezkoa da txikitatik autodefentsa feminista lantzea eta hezkuntza eredu hezkidetzaile eta feminista baten aldeko jardunarekin jarraitzea”.


Gaian sakontzeko, klikatu hemen Aitziber Bañuelosi egindako elkarrizketa irakurtzeko.

ETIKETAK

Elkarbanatu!