Beren bidezko defentsan

Munduan egoteko modu bat da. Jarrera bat. Emakume gisa bizitzari aurre egiteko dugun tresna". Horixe erran du Euskal Herriko Bilgune Feministako kide Idoia Arraizak, autodefentsa feministari buruz. Antzeko hitzak baliatu ditu Maitena Monroy ekintzaile eta irakasle feministak ere: "Bizitzeko jarrera bat da, eta lotuta ekartzen du herritar gisa ditugun eskubideen defentsa".

Iturria: Edurne Elizondo - Berria

Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna da gaur, eta indarkeria horrek egunerokoan erakusten dituen hamaika aurpegiak identifikatzeko eta haiei aurre egiteko tresna gisa autodefentsa feministak duen garrantzia nabarmendu dute Arraizak eta Monroyk, bai eta bertze hainbat talde feministatako kideek ere. "Ahalduntzea da", erran dute Emakume Internazionalistak taldeko Hortensia Serranok eta Miriam Perezek. "Ekintzazko borroka politikoa da, ikuspuntu feminista batetik, emakumeek eta arauz kanpo dauden subjektu eta gorputzek sufritzen dituzten eraso sexisten aurka", erantsi dute Farrukas kolektiboko kideek —eraso sexisten kontrako feminista autonomo, zalapartari eta erradikalek—.

Maitena Monroy duela ia 30 urte hasi zen autodefentsa feministako ikastaroak egiten. Urteotan guztiotan, Euskal Herriko 25.000 emakumek baino gehiagok parte hartu dute. Azaroaren 14tik, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren eta Nafar Lansareren eskutik, autodefentsa feministako trebatzaileentzako ikastaroan ari da Monroy, Burlatan, irakasle gisa.

Autodefentsa feministak, halere, herri mugimenduarekin du loturarik sakonena. Emakumeek emakumeentzat sortutako tresna da. "Azken helburua da indarkeria matxista eta indarkeria hori ekartzen duen ezberdintasuna hutsean uztea; urgentziazkoa da, berriz, emakumeei beren kontrako indarkeria mota guztiak identifikatzeko behar dituzten ezagutzak ematea, beren eskubideak urratzen dituzten egoera guztiei aurre egiteko gai izan daitezen", azaldu du Monroyk.

"Eraso guztiei ezin diegu kolpe batekin erantzun", nabarmendu du Arraizak. Autodefentsa feministako ikastaroak ere egiten ditu, eta argi utzi du eraso fisiko bati aurre egiteko gai izateko trebatzea baino anitzez ere gehiago dela. "Hilketak eta bortxaketak gertatzen direnean ateratzen da jendartea kalera, baina izozmendiaren tontorra dira halakoak; beste eraso askoz ere sotilagoak badira, eta egunero gertatzen dira, dela txiste bat, begirada bat, edo zuk esateko duzunari kasurik ez egitea, emakume zarelako".

Ukabilkadak ez du balio bertze eraso mota horiei erantzuteko. Baina autodefentsa feministak baditu bertzelako tresnak ere: "Inportantea da autoestimua lantzea, bai eta emozioak eta gorputzaren jarrera ere. Nire gorputzarekin, ibiltzeko moduarekin edo nire ahotsaren tonuarekin lor dezaket eraso bati aurrea hartzea".

"Funtsezko" bertze elementu bat jarri du Arraizak mahai gainean: "Emakumeon arteko elkartasuna. Ulertu behar dugu niri ez didatela eraso egiten bakarrik Idoia naizelako, baizik eta emakume naizelako, edo emakume gisa sozializatu naizelako". Hau da, kolektibo bateko kide gisa egiten die eraso indarkeria matxistak emakumeei. "Subjektu hori indartzea inportantea da, sentitzea beste emakumeak nire aliatuak direla eta sare baten parte garela denok". Segurtasunezko espazioak eta babesak sortzen dituztelako sare horiek, hain zuzen ere.

"Jazartzea ez da ligatzea"

Iruñeko eta, oro har, Nafarroako mugimendu feministak badaki sareak osatzea zer den. Elkar elikatzen dute mugimendu horretako parte direnek. Eta elkarlan horrek eman ditu hamaika fruitu. Besten esparruan, adibidez, nekez uler daiteke aurtengo Iruñeko sanferminetan gertatutako eraso sexistei emandako erantzuna, mugimendu feministak azken hogei urteotan egindako kanpainak kontuan hartu gabe. Aurten egindako elkarretaratze jendetsuak ez dira hutsetik sortu, eta atzean emakume anitzen lana dago. Eraso eta jarrera matxistak ere ez baitira egungo kontu, bakarrik.

Sanferminetan gertatzen ziren erasoekin "nazkatuta" zeudelako hasi ziren Emakume Internazionalistak taldeko emakumeak mugitzen, hain zuzen ere, 1996. urtean. "Itsasgarriak egin genituen Jazartzea ez da ligatzea leloarekin, eta tabernetako komunetako paretetan jartzen hasi ginen", gogoratu du Hortensia Serranok. Hurrengo urtean kartelak prestatu zituzten; betiere, inoren izenean sinatu gabe. "Gure kanpainak beti izan dira irekiak, eta parte hartu duten emakume guztienak izan dira, ez talde batenak edo bertzearenak", argitu du Serranok.

Kartelak egin zituztenean, tabernetako jabeekin hitz egiten hasi ziren emakumeak ere. "Eraso bat gertatuz gero emakumeak laguntzeko eskatu genien, musika kentzeko, erasotzailea kanporatzeko; nolabait, jarrera bat hartzea nahi genuen", erantsi du Miriam Perezek. Hasierako urte haietan ezezkoak jaso zituzten, batez ere. Taberna horietan lan egiten zuten hainbat emakume zerbitzarik haiekin bat egin zuten arte. "Orain, gure kartelak, Gora Iruñea plataformako kideena eta udalarena daude tabernetan, baina hasieran gauzak ez ziren batere errazak", gogoratu dute.

2000. urtean bertze urrats bat egin zuten, eta hasi ziren eraso sexisten aurkako pankartekin Alde Zaharreko balkoiak eta hiriko sarreretako zubiak apaintzen. Leloa indarkeria matxistaren aurkakoa izaten zen beti, baina behin baino gehiagotan amaitu zuten pankartek polizien esku, jartzen ari ziren emakumeak identifikatu eta gero.

Pankarta horiek eta eraso sexisten aurkako leloa duten sanferminetako zapiak indarkeriaren aurkako ikur bilakatu dira Iruñeko bestetan. "Iruñetik bertze hamaika herritara salto egin du kanpainak, gainera; hori izan da politena", nabarmendu du Perezek. Prozesua bera "jardun politiko biziki interesgarria" izan dela erantsi du Serranok. "Hori da mugimendu feministaren ikurra". Bilgune Feministak Gora Iruñea plataformaren bitartez besta feministen alde egindako lana ere nabarmendu dute emakumeok, bai eta Arraizak ere.

Urratsak egin ditu mugimendu feministak, baina sistema heteropatriarkala indar handiko arerioa dela nabarmendu dute emakumeok. Haren eragina, finean, egunerokoan islatzen da. "Emakumeok generoaren arabera gizarteratzen gaituzte, eta horretaz jabetzea funtsezkoa da. Kontuz ibiltzeko erran digute beti; beldurra eragin digute beti, gertatzen ahal zaigun guztia nabarmenduz. Hori atzean uzteko ordua da. Subjektu gisa agertu behar dugu, eta geure buruaren defentsan aritu", erran du Monroyk.

Bidezko defentsaren ideia jarri du Arraizak ere mahai gainean. Eta agerian utzi ditu, oraindik ere, autodefentsa feministaren inguruan dauden erresistentziak. Sanferminetako erasoak eta haien aurrean herritarrek emandako erantzuna jarri du adibide. "Lortu dugu jaien testuinguruan gertatzen diren erasoak jendartearentzat kezka bilakatzea; baina erasoei erantzutea, oraindik ere, ez da bidezkotzat jotzen. Autodefentsa feminista ez da erabat bidezkotzat hartzen". Emakumeek erantzuten dutenean, hain zuzen ere, "zigor soziala" jasaten dute. "Zalantzan jartzen da emakumearen kontaketa; erasoa bera jartzen da zalantzan, eta erantzuten duten emakumeak histerikotzat hartzen ditu jendarteak"

Artikulu osoa irakurtzen jarraitzeko, jo hona

ETIKETAK

Elkarbanatu!