Karina Ochoa GLEFAS

Karina Ochoa Muñoz, Mexikoko unibertsitateko irakaslea eta La Guillotina taldeko kidea izateaz gain, Grupo Latinoamericano de Estudios Formación y Acción Feministako (GLEFAS) partaidea da. Mexikoko hainbat talde indígena eta feministarekin lan egin izan du eta epistemologia feminista, zeharlerrotasun eta instersekzionalitatearen inguruko lan ezberdinak argitaratu ditu. Euskal Herrian egon zen, Mugarik Gabe eta Emakume Mundu Martxak gonbidatuta eta elkarrizketa hau eskaini zigun saio eta saio artean. Gorputza, maitasun, askatasun eta sorkuntza espazioa direla azpimarratu zigun, eta ikuspegi dekolonialaren garrantzia adierazi.

Iturria: Emaraun

Zer da GLEFAS?

Proiektu hau arrazatutako emakumeen gaia eztabaidaren eta hausnarketaren erdigunera eramateko beharra atzeman zen momentu batean garatu zen. Ni ez nago hasieratik, bigarren etapa batean sartzen naiz, eta nirekin batera beste hainbat pertsona sartzerakoan, taldearen hasierako ideia moldatzen doa. Beraz, momentuan, sare bat bezala funtzionatzen dugu, feminismotik eta akademiatik gatozen pertsonez osatua dago. Hego Ameriketako herrialde ezberdinetan gaude, eta feminismo dekolonialaren hausnarketaren beharra lantzen hasten gara.

Urtero herrialde ezberdin batean elkartzen gara, eta dekolonialaren inguruko hausnarketak burutzen ditugu herrialde horretako emakume feminista antolatuekin batera. Aurten adibidez Guatemalan elkartu ginen eta besteak beste Bertha Caceres etorri zen, gerora eraila izan dena, eta oso espazio interesgarria sortu zen. Interesgarriak dira elkartruke hauek, haien buruaren zein ekintzaren inguruan asko hausnartzen duten emakumeak biltzen baitira, baina hauek askotan ez daukate denborarik haien jakintza liburuetan partekatzeko. Beraz, espazio hauetan jakintzen elkartruke aberatsak ematen dira.

Zertan kokatzen dira momentu hauetan eztabaida dekolonialak?

Latinoamerikan momentu hauetan, iraganarekin hitz egiten ari gara, eta hizketaldi hauetan, aztertzen ari gara zein mekanismo erabili izan ziren dominazio kolonial maskulinoak batez ere populazio kolonizatuetan eta batez ere emakume kolonizatuetan eragiteko. Eta horretan aurkitzen gara antzinako patriarkatuak aztertzen eta kolonizazioaren aurreko eta ondorengo jendarte egitura patriarkalak aztertzen.

Gero beste eztabaida bat da genero kontzeptuaren ingurukoa. Gizonek emakumeekiko duten botere harremana ikusten badugu ere, argi daukagu genero aldagaiak ez duela adibidez emakume txuri batek gizon arrazializatu baten gainean duen boterea aztertzeko aukera ematen. Beraz kolonizazioaren aldagaia azterketaren erdigunean kokatzea ezinbestekoa dela uste dugu.

Jatorri indigena, beltza … dugun emakume askorentzako eztabaidarako aukera ematen digu feminismo dekolonialak. Baina ez da totemikoa. Eztabaidarako gakoak ematen dizkigun arren, helduko da momentua zeinetan ez digun balioko, elkargune puntua ez den izango, eta beste kontzeptu eta kategoria batzuek bila jo beharko dugu. Unibertsalizazioaren aurreko kritika da behintzat, eta gainera neutralizazioaren kontrako jarrera da. Adibidez, Euskal Herriko sektore bati nazionalista deitzen zaio, modu negatibo batean, aldi berean hori erabiltzen dutenak Espainolista nazionalistak direnean, baina neutraltasunaren erabilera egiten dute haiek, haiena neutrala balitz bezala, eta besteena arraroa eta markatu beharrekoa. Antzeko zerbait gertatzen da feminismoarekin. Honek sortzen duen teorietako bat ikuspuntu zuritik egiten da, eta hau neutraltzat jotzen da. Baina indigenak, beltzak… garen emakumeak ez gara bat etortzen azterketa horrekin, ez dugu bertan tokirik.

Gorputzaren garrantzia azpimarratu izan duzu. Erdigunean jartzea ekintzarako tresna bezala, baina aldi berean zaindua eta osatua izan behar duena, pertsonalean eta kolektiboan.

Nik bi bide elkartu nahi izan ditut, nire militantzia akademiko zein feministarena alde batetik, kolektiboak izan direnak orain arte, eta aldi berean maila pertsonalean garatu izan ditudan osatze prozesu indibidualak. Zubi lana egin nahi dut bi bide hauen artean, ulertzeko, dominazio patroi hauek ez dira soilik kultural edo sozialak baizik eta gure gorputzetan iltzatuta geratzen direla. Gure gorputzetan ere mugak eta elementuak inprimatu dira eta gure gorputzen osatze prozesuak garatu behar ditugu honi buelta emateko eta indartuta ateratzeko.

Lantzen ditudan teknikak ez dira nik asmatutakoak, handik eta hemendik egun garatzen ari diren, edo tradizio luzea daukaten tekniken berreskurapena egin dut. Eta momentu hauetan, egiten saiatzen ari garena da, orain arte maila indibidualean erabili izan diren teknikak prozesu kolektiboetan erabiltzea, eta gorputzak erdigunean jarrita azterketa hau burutzea. Kasu honetan, gorputz femeninoetan lan egitea interesatzen zait niri.

Gure gorputzak politizatzea ahalbidetzen digu honek. Gure gorputzak dira erresistentziarako geratzen zaizkigun azken espazioak. Nik buruan dut, munduari bira eman zion irudi hori zeinetan emakume zapatistak ikusten diren, haien gorputzekin militarren sarrera oztopatuz lurralde zapatistetan. Azkenean, erresistentziarako azken gotorlekua gure gorputzak direla erakusten du honek.

ETIKETAK

Elkarbanatu!