Zuluetaren bakartze egoera «torturatzat» jo dute hainbat elkarte feministak

Abokatu presoaren egoeran «genero aldagaiak» duen eragina nabarmendu dute. «Elkartasun feminista» eskatu dute horren aurrean

Iturria: Gotzon Hermosilla - Berria

Irakurketa osorik deskargatu dezakezue albistearen amaieran

Ia hiru urte daramatza espetxean Arantza Zulueta abokatuak. Bakarturik egon da denbora horretan, espetxe zaindariekin ez beste inorekin harremanik izan gabe kasik, egunean ziega barruan 20 ordu ematen dituela. Hori salatzeko, azken bolada honetan ugaritu egin dira protestak eta ekinbideak; orain, Euskal Herriko mugimendu feministako elkarte eta erakunde ugarik ere bat egin dute Zulueta bakartzetik atera eta libre uzteko eskaerarekin. Eta gogora ekarri dute nazioarteko erakunde askok torturatzat jotzen dutela preso bat hamabost egun baino gehiago bakarturik edukitzea —bi urte eta hamar hilabete eman ditu Zuluetak egoera horretan—.

Euren idazkian, feministek ez dute salatu soilik Zuluetaren bakartze egoera, eta ikuspegi feministatik «genero aldagaiak» abokatu presoaren egoeran duen eragina aztertu dute. Salatu dute Espainiako Puerto III kartzela —han dago Zulueta gaur egun— eta hango bakartze modulua «gizonezkoentzat prestaturiko guneak» direla: «Gizonez inguratuta dago; gizonezko espetxezainek zelatatzen dute, eta haren ziega miatzen dute; espetxezainen konfiantzako presoak ibiltzen dira inguruetan zelatatzen, eta ziegatik ateratzen den aldiro ukimen bidezko miaketa bat egiten dio espetxezain emakumezko batek inguruan gizonak begira dituelarik», azaldu dute.

Ez hori bakarrik: inoiz edo behin, Zuluetari gizonezko presoren bat egokitu zaio aldameneko ziegan, lekualdatze baten ondorioz behin-behinean hara sartuta. Teorian, emakumezkoak baino ez lituzkete ziega horietan sartu behar, baina «salbuespen» gisa gizonezkoak ere sartu dituzte —gutxienez zortzi aldiz gertatu da «salbuespen» hori—. Feministek nabarmendu dute gizonezko horietako batzuk «emakumeekin duten jarrera matxistagatik» ezagunak direla. Kartzelari eta bakartzeari «matxismoan eta boterean oinarritutako harremanak» gehituta «koktel indartsua» sortzen dela ohartarazi dute.

Ekinbideekin bat

Horiek ikusita, Arantza Zuluetaren alde antolatuko diren ekinbide guztiak bultzatzea erabaki dute feministek, eta bereziki sinadura bilketarekin eta Zuluetari gutunak bidaltzeko eskaerarekin bat egingo dute. Zulueta «bakartze egoeratik atera» eta libre uzteko eskatzea da ekinbide horien guztien helburua. Izan ere, gogoratu dute Zulueta behin-behinean dagoela preso eta sumario berean auzipeturik dauden 40 bat lagunetatik espetxean dagoen bakarra bera dela. «Zuluetak kalean beharko luke, eta ez inongo epailek ezarri ez dion zigorra betetzen», esan dute.

Dei berezia egin diote Espainiako eta Andaluziako mugimendu feministari, egoera honen aurrean «elkartasun feminista» erakuts dezaten.

 

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA