Gasteizko herri borroken harrotasuna

1976ko langile asanbladak, Errekaleor auzo autogestionatua, Gora Gasteiz! mugimendua… Hiriko eta auzoetako elkartasun eta inkonformismoa agerian utzi duten esperientziak bildu ditugu hiru emakumeren ahotsetik Oihanederren.


Horietako bat ekarri dugu Bilguneren webgunera, beste guztiak ikusteko, jo Angelu Itsua, Urko Apaolazak Argian duen blogera.

Azaroaren 3an zabaldu genuen ARGIAren argazki artxiboko irudiz osatutako Trantsizioak erakusketa Gasteizen, Oihaneder Euskararen Etxean. Euskal Herriko hainbat txokotatik igaro ondoren (Oñati, Hernani, Ondarroa, Lasarte, Laudio…), Arabako hiriburuan azaroaren 24ra arte egongo da ikusgai eta zenbait ekitaldi ere antolatu ditugu Oihaneder eta Alearekin elkarlanean, erakusketa aitzakia hartuta.

Azken 40 urteotan Euskal Herrian izandako eraldaketa sozial eta politikoak islatu nahi ditugu, baina herri eta auzoetan gertatutakoa ere oinarri hartuta. Bide horretan, Gasteizen inaugurazio egunean hiru gonbidatu izan genituen hango hainbat borroka eta esperientzia konta ziezaguten.

Hiru emakume eta hiru ahots: Bego Oleaga, Estitxu Villamor eta Amelia Barquín, 70eko hamarkadako langile mugimenduaz, Errekaleor auzo-proiektuaz eta etorkinen integrazioaz mintzatu zitzaizkigun hurrenez hurren.

Haien azalpenek batez ere hitz batez bete zuten Montermoso jauregiko  klaustroaren atmosfera: harrotasuna. Harro Gasteizen lehen eta orain lortutakoarekin, harro etorkizunera begira lortzeko bidean direnarekin. Hemen bakoitzak esandakoaren laburpen bat.


Bego Oleaga Erdoiza

“Patronalak lantokiak itxi zituen, eta orduan kaleak eta elizak okupatu genituen”

“Penintsulan greba giroa zen, Michelinen esaterako 1972an greba gogorra izan zen eta errepresio krudela. 1975ean Franco hiltzean talde klandestinoak biltzen dira mendian, elizetan eta tabernetan. Batzuk alderdi edo sindikatuetako programekin joan ziren, besteak autonomoak ziren. Eztabaida askoren ondoren lortu zen Aldarrikapen Taula bat osatzea, oso nobedosoa, adibidez soldata igoera lineala eskatzen zuelako.

Beraz, greba 1976ko urtarrilean hasi zen, baina aurretik klandestinitatean lan handia egin zen. Hasieran patronalak lantegiak itxi zituen, baina orduan kaleak eta elizak okupatu genituen; asanbladetatik langileen ordezkariak atera ziren eta enpresariak behartuta aurkitu ziren haiekin negoziatzera. Sindikatu bertikala bazterturik geratu zen horrela.

Gasteizko langileria nekazaria zen, penintsulatik etorritakoa, ez zuten esperientziarik lantokiko arazoekin.  Zaramagan astean behin asanblada irekiak egiten ziren eta hor jende guztia izaten zen, etxeko lanetan aritzen ziren emakumeak ere bai. Beldurra eta ulertezina zegoen haien artean: gizonak lanik gabe geratzeko, diru faltan izateko… Horrekin moztu behar zela-eta langileen emakumeak ere asanbladan biltzen hasi ziren.

Gogoan dut nola atera zen emakume bat hitz egitera: “Ni analfabetoa naiz, baina janaria hala prestatzen badugu merkeago aterako zaigu, eta etxea hala garbitzen badugu ere bai…”.

Martxoaren 3aren trauma

Martxoaren 3an giro arraroa zegoen, goizean tiroak izan ziren, polizia asko… Greba orokorra izan zen, orokorra benetan. San Frantziskon jende pila bat geunden eta batzuk egon ziren poliziarekin negoziatzen, baina desastre bat izan zen, kristalak hautsi eta gasak bota zituzten, ez zegoen modurik arnasa hartzeko.

Gogoan dut hura gertatu eta hilabetera manifestazio batera joaten nintzenean ezin ibili geratzen nintzela polizia bat ikusi orduko, ez nuen funtzionatzen, sekulako ikara pasatzen nuen.

Gauza asko lortu ziren: sindikatu bertikala pikutara bidaltzea, harremanak horizontalak izatea, emakumeak borrokan sartu ziren… Baliabide oso onak erabili genituen: asanblada eta kalea, kalea eta asanblada. Asanbladak eskola bat izan ziren guretzat eta kaleak balio izan zuen sozializatzeko. Kalean harro sentitzen ginen, duintasuna eta jendearen babesa sentitzen genuen”.

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA