EMAKUME ETXEKO LANGILEAK: Ilunpetik argira

Azken urteetan geroz eta gehiago lantzen ari garen gaia da hau, baina oraindik ikusezintasun eta ezjakintasun handia daukagu pertsona hauen lan baldintzei eta egunerokotasunari buruz. Pixka bat gehiago jakiteko, haiekin batera lanean ari diren hiru emakumerengana jo dugu eta argazki kezkagarri baten berri eman digute.

Iturria: EMARAUN aldizkaria

LOREA URTETA ATHko (Bilbo) kidea da. Txikitatik lan  munduak arduratu du eta gero feminismoan murgildu zen. Biak uztartzeko lekua da berarentzat ATH elkartea. ath-ele.com/es/

Zeintzuk dira momentu hauetan zuen aldarrikapen nagusiak?

Lan eremuan, esaterako ordu kopuruaren parekatzea nahi dugu, gainerako sektoreek asteko 40 lan ordu dituzte eta etxeko langileek 60. Gizarte segurantzarekin larriena da ez dutela langabezia-prestaziorik. Etxeko langileek hasieratik zero kotizatzen dute, horregatik bere kotizazio media izugarri jaisten da.

2011ko legeak onura inportantea ekarri zuen: etxeko langileen lan istripua aitortzea. Borroka historikoa da guretzat. Baina hau bermatzeko baldintzak oso eskasak dira. Langileen lan osasuna zaintzeko jarraibideak, irizpideak eta bitartekoak behar dira.

Beste borroka esparru garrantzitsu bat kontratazio agentzien kontrakoa da. Etekinak lortzeko guztiz esplotatu eta prekarizatzen dituzte langileak zirrikitu legal guztiak urratuz, eta askotan familia enplegatzaileei ere iruzur egiten diete. 4 agentzia ixtea lortu dugu ia, nahiz eta gehienetan isuna jartzea baino ez dugu lortzen. Agentziek betetzen duten lana Lanbidetik egin beharko litzake, eremu publikotik.

 

“Interna” moduan dauden etxeko langileak desagertu beharko lirateke. Barne langile hauen egoera onartezina da: jai egunak ezkutatzen zaizkie, eguneroko atseden tartea eskasa da, gaueko orduengatik aldatzen zaizkie… bideraezina da.

 

Baina ez da kasualitatea etxeko langileen egoera kaxkarra. Jendarte honek zaintzarekin arazo sakon bat du, eta estatuak ez duenez bere ardura hartzen beste modu esklabista honetan erresolbitzen ari da, administrazioarentzat oso merkea eta erosoa izanik. Zaintzarako zerbitzu publikoak ez daude apenas, pribatuak ere lepo daude, nola zainduko genuke etxeko langilerik gabe?

Zer eskatzen diozue edo zer nahiko zenukete mugimendu feministatik (MF)?

Gu Mugimendu Feministaren parte gara. MFtan zaintzaren antolaketa gure agendan lehentasun puntu gisa kokatu beharko genuke. Eztabaida sozialera atera behar dugu nola dagoen antolatua zaintza jendartean, beste eztabaida batzuk atera ditugun moduan, abortuarena, indarkeriarena… Ba zaintza lanarekin berdin. Sozializatzeko kanpainak egin, inurri lana egin, bidea urratzen joan, politikaren zentrora ekartzeko. Jendarteak hau planteatu behar du, premiaz. Nork ikusten du hemen gaizki zaintzen ari garela?

 

SILVIA CARRIZO FERNANDEZekin, Malen Etxea elkarteko kidearekin, elkartu gara Zumaian. Emakume etorkinen elkartea da Malen Etxea eta borroka fronte asko dituzten arren, gaurkoan,  zaintza eta etxeko lanen ingurukoak jaso nahi izan ditugu.

Zein azpimarratuko zenuke etxeko langileen egoeraren inguruan?

Barne erregimeneko etxeko lanekin amaitzea beharrezkoa ikusten dut. Azken batean, 24 orduetarako zaintza beharrak asetzeko erresidentzia pribatu bat eskatzen ari zara. Ez dut hori kontenplatzen duen lan erregimenik ezagutzen, esklabutza izan ezik.

Gainera, ikusteko dago orain zer gertatuko den Zaintzaile Ziurtagiriarekin (Certificado de Profesionalidad como Cuidadora) . Ziurtagiri hau lortu duen oro sartuko litzateke zaintzaileen lan-hitzarmenaren baitan. Halaber, arazoa egon da: Eusko Jaurlaritzak dei bat egin zuen Internet bidez, formulario bat betetzeko eskatuz. Dependentzia Legearekin etxeetan zaintza lanetan ari diren langileei eskutitza bidali beharrean, euren etxeko nagusiei bidali zieten; horregatik langile askok ez zuten deialdi honen berri izan. Gu, azken momentuan enteratu ginen eta saiatu ginen asteburu batean deialdia egiten, emakumeak abisatzen, formularioa betetzen…

Horrek zertan eragingo du?

Emakume zaintzale asko egonen dira ziurtagiria lortu ez dutenak, eta hauek kontratatzeko orduan, gutxiago ordainduko diete. Erregistro bat da, zeinetan, gobernuak esango duen zein aitortu eta zein ez. 2017ko otsailaren 1etik aurrera eskatuko dute ziurtagiria.

Zeintzuk dira zuen aldarrikapen nagusiak?

Eragile gisa ditugunak, 189 Lan Hitzarmena betetzea exijitzeaz gain, barne erregimeneko etxeko lanei dagokionez, hauek dira: gutxieneko soldata 1200 euro, 14 ordainsari, oporrak eta jai egunak eta asteko deskantsua. Gainera, emakume etorkinen osasunerako sarbidea izan dezaten aldarrikatzen dugu. Arreta protokoloak genero, klase… ikuspegia kontuan hartzea beharrezkoa da, ezinezkoa da protokolo berbera aplikatzea emakume guztioi. Emakume askok ez dute lorik egiten, osasun mentaleko eritasunak dituzte, eta osasunerako eskubidea oinarrizko elementua da.

Mugimendu Feministarekin elkarlanari begira, zer egin genezake?

Mugimendu feminista eta emakume etorkin langileen elkarteen artean baditugu loturak, asko lotura pertsonaletatik datoz. Nire ustez, interesgarria litzateke Euskal Herrian bizi garen emakume guztiok nahi eta beharrezkoak ikusten ditugun minimo batzuk adostea.

 

LIZ QUINTANA prokuradorea da eta urteak daramatza mugimendu feministan. ATHn ibili zen, eta egun beste hainbat espaziotan dabil etxeko langileen aholkularitza lana egiten, Barakaldon eta Getxon batez ere.

Zein diagnostiko egiten duzu egungo etxeko langileen egoeraz?

Nire ustez arazo larriena ikusezintasunarena da. Interesak daude pertsona hauen egoera ikus ez dadin, azken finean, haiek egiten ari diren lana zerbitzu publikoek egin beharko baitzuten. Horretaz gain ere, inondik inora baloratzen ez den lan batean aurrean aurkitzen garela da. “Interna” zerbitzuak (ordu libre gutxirekin, etengabeko arreta eskatzen duena…) kontratatzen dituzten askori entzun behar izan diot, “bueno, baina ordu askotan ez du ezer egin behar”. Hau da, erreklamazio bat egitera goaz, emakume honek dituen egoera tamalgarriak salatzeko, eta zerbitzuak “kontratatu” dituzten pertsonek diote langileek ordu askotan ez dutela ezer egiten, hori bai, gero ez diete momentu bat bera ere ez etxetik ateratzen uzten! Beraz, ezer ez badu egiten, zergatik ez dizkiozu ordu libre gehiago ematen? Diskurtso oso ohikoa da, zerbitzua ez da baloratzen, baina gero ez dizute inolako baldintza egokirik ematen.

Horretaz gain, lan esparruan, oso eskubide gutxi dituen sektorea da. Egia da 2012ko legeak hainbat onura ekarri zituela, baina legearen zirrikituak bilatzen dituzte kontratatzaileek, oso gutxi dira errealak diren kontratuak. Lan egiten dituzten orduak baina askoz gutxiago jartzen dituzte kontratuetan, eta gero horrek eragin da jubilazioan, baja hartzeko garaian… Gainera, gizarte segurantzatik bertatik proposatzen dute ordu gutxiago jartzea!

Gainera, etxeko langileen arteko saretzea oso zaila da, lan oso indibidualizatuak direlako, eta horrek zailtasunak ditu eskubideak aldarrikatzeko garaian.

Beraz, milaka emakumerekin aurkitzen gara zeinak guztiz ikusezinak diren eta eskubide galera ikaragarria dituzten.

Zer eskatzen diozu edo zer egin beharko genuke Mugimendu Feministatik?

Urteak daramatzat esaten, indarkeria, abortua… bezalako gaiak lantzea bezain garrantzitsua dela zaintzaren gaiari heltzea. MFri zehazki, borrokaren testigua hartzea eskatuko nioke, bere egunerokotasunean txertatzea.  Ez dugu hausnarketarik egin emakumezkoak lan munduan sartu garenean (eta ez diot honekin eztabaida hau emakumezkoei dagokigula bakarrik) zer egiten dugun guk betetzen genituen etxeko lanekin. Bitartean, etxeko langileekin “partxeak” betetzen gabiltza, baina hausnarketa sakona behar dugu.

 

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA