Turismo gida berri bat erretiratzeko eskatu dute hainbat talde feministak

Atlanticak «Euskal Herria, berebiziko gida udatiar eta bertakoentzat» izenburuarekin argitaratu berri duen Christophe Berliocchiren liburua mediateketatik eta liburu-dendetatik erretiratzeko eskatu dute Emazteek Diote, PAF, Planning Familial eta Bortizkeria Sexisten aurkako Kolektibo Feministak.

Iturria: Arantxa Manterola - Gara

Beren ustez, liburuak «turismo sexualaren apologia» garbia egiten du. «Erosketak egiteko aholkuen eta pintxoak jateko helbideen artean, kapitulu bat eman die Hegoaldeko putetxeei» salatu dute. «Frantzian ase gabeko desira duten irakurle ar helduei» zuzendutako kapitulu horretan, gainera, prostituitzen diren pertsonen helbide eta ordainsariak zehazten direla eta liburuaren azalean bertan apeu moduan «putetxe» hitza ere agertzen dela nabarmendu dute talde feministek, jokamolde hori «proxenetismotik gertu» dagoela adierazita.

«Emakume bat ez da erosten ahal, zigarro kartutxo edo alkohol botila balitz bezala» adierazi dute beren haserrea ezkutatu gabe. Ildo horretan, «emakume bat merkantzia merke edota atrakzio turistiko bezala aurkeztea onartezina eta erabat sexista» dela gaineratu dute idazleari zuzendutako gutun irekian.

Liburuak sinatzen

Horiek horrela, gida Ipar Euskal Herriko mediateka eta salmenta guneetatik erretiratzea eta argitaletxeari hurrengo argitalpenetik «kapitulu zital» hori kentzea exijitu diote.

Hain zuzen ere, larunbatean bertan Ikea-Ametzondo merkataritza gune berrian dagoen kultur dendan bere liburua sinatzen izatea aurreikusia du egileak.

ETIKETAK

Elkarbanatu!