Kontraesanak azalera

Ostiral arratsaldeko zazpiak. Hainbat neska gazte eta ez hain gazte Tolosako Kultur Etxearen kanpoaldean, barrura sartu eta sistema heteropatriarkalak harreman afektibo-sexualen inguruan sortutako mitoetatik eta kateetatik askatzeko ideiak entzuteko irrikaz. Harreman afektibo sexualetan bizi izandako eta izandako jarrera eta jokabideak auzitan jartzeko gogoz.

Iturria: Ane Urkola - Tolosaldeko Ataria

(Larunbat goizean, haiekin egon ginen Bilgune Feministako kideak. Urte askotarako neskak!)

Barrura sartu ziren poliki-poliki; ordurako, Irantzu Varela jendez lepo betetako kultur-etxeko oholtzaren gainean zegoen. Bertaratutako emakumeei galdera: «Zer da maitasun erromantikoa zuentzat?» Post-ita hartu eta bakoitzak burura etorritako lehen ideiak idatzi zituzten. Post-it horiek erabili zituen gero maitasun erromantikoaren gakoak azaltzeko.

Zer da beraz maitasun erromantikoa? «Maitasuna, bere horretan, ez da existitzen. Eraikia da, ez da neutrala eta intentzionalitate argia du. Ikasi egiten dugu maitatzen». Horren adibidet garbitzat jo zuen txiki-txikitatik jasotako heziketa: Errauskine, Sirenita, etab. «Liburu horietako guztietako protagonistak printsesak dira. Ixilekoak, pasiboak, heterosexualak dira, jakina. Gure bizitzako erdigunea maitasun erromantiko hori aurkitzea dela sinetsarazi digute istorio horiek».

Sistemaren oinarri

Sistema heteropatriarkatuak beharrezkoa du maitasun erromantikoa funtzionatzen jarrai dezan: «Sistema horrentzat ezinbestekoa da bikote heterosexualak eta monogamoak sortu, harreman sexualak izan eta seme-alabak izatea. Pentsatzen dugu, gainera, hori dela harremantzeko forma naturala. Hori egiteari utziko bagenio, sistemak ez luke funtzionatuko. Zergatik ez ditugu maitatzeko modu berriak planteatzen eta guk geure arauak jartzen? Inguruak ez digu horrelakorik ahalbidetzen, eta guk geuk geure buruari inposatzen diogu».

Hori, ordea, ez da kasualitatea. «Maitasun erromantikoaren atzean ideologia bat eraiki dute, maitasun harremanen arau idatzi eta ez idatziak». Horren arabera, bikote harremanek ezaugarri jakin batzuk izan behar dituzte: kontrola eta dependentzia, esaterako. «Bestelako harremanetan onartuko ez genukeen kontrola onartzen dugu harreman afektibo sexualetan. Maitasunaren izenean, geure burua kontrolatzen uzten diegu beste pertsonei. Trukean ez dugu ezer jasotzen, maitasuna soilik». Kontrol horrekin erabat lotuta dago autonomia falta: «Inork ez digu inposatzen gure autonomia galdu behar dugunik. Pentsatzen dugu maitasun erromantikoaren ezaugarrietako bat dela hori».

«Zu gabe ez naiz ezer»; laranja erdiaren mitoa. Pertsonek beste pertsona bat behar dute osoak izateko. «Oso arriskutsua da gure zoriontasuna beste pertsona batzuengan aurkitzea. Guk geuk sortu behar dugu gure zoriontasuna, eta pertsona hori gure zoriontasunaren parte egin. Horrela, pertsona hori falta bada ere, zoriontasunak jarraituko du». 

Monogamoa. Hil artekoa. Pertsona baten idealizazioa. Sufrimentua. Hitzaldian aipatutako beste kontzeptuetako batzuk dira. Gizakiek harremanak eraikitzen dituzte etengabe. Kontraesanak azaleratu, harreman horiek auzitan jarri eta harreman eredu berriak sortzea. Hori da jendarte askeago bat sortzen hasteko bidea.

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA