Kartzela kontrola eta mutilazioa da

Zazpi urte preso egin eta kalera irten berritan, Elena Beloki ziur da ekarpena egin nahi duela «agertoki emantzipatzaile» bat bultzatzeko: «Euskal Herria subirano izan daiteke, arlo guztietan, geuk hala sinetsiz gero».

Iturria: Hodei Iruretagoiena - Berria                      Argazkia: Jon Urbe

(Albistea Abuztuaren 17an argitaratu zen. Egunerokotasun handia, eta hausnarketa sakonak dituelako ekarri dugu gurera.)

«Oraindik ez dugu ondo azaldu kartzela zer den». Eseri orduko hasi da hizketan Elena Beloki (Areta, Araba, 1961). Hemengo eta hango euskara darabil, hara eta hona ibilitako bizitzaren erakusgarri. 2009tik hau izan du azken espetxealdia; Villenan (Herrialde Katalanak) eman ditu azken urteak. Abuztuaren 5ean irten zen. Pare bat aldiz eman diote ongietorria, Hernaniko (Gipuzkoa) Ezkiaga pasealekuko terraza batean elkarrizketan ari zela. «Orain, ahaztera», esan dio batek. «Ez da ahaztu behar, horren parte ere bagara». «[Kartzelak] Eraistera?». «Hori da: eraistera».

Esker hitzak izan zenituen lehen harreran. Norentzat, zergatik?

Eskertu nituen lagunak, afektuen mundua elikatzeagatik. Are gehiago, kartzela kontrola eta mutilazioa denean: afektiboa, soziala, kulturala, politikoa eta sexuala. Eskertu nituen emakumeak, beren idatzi eta ekintzekin lagundu digutelako pentsaera hierarkikoa desmelenatzen. Gazteak, tresnak eman dizkigutelako belaunaldi hausturarik egon ez dadin. Herri mugimendua, gure iturburu izan delako beti, komunitatea azpimarratzen lagundu digulako, gizabere kooperatibo izatea, indibidualismo basati honetan. Eskertu nuen ezker abertzalea, abian jarri duelako agertoki emantzipatzaile batera joan daitekeen prozesua. Eta eskertu nuen kolektiboa [EPPK], badituelako balio batzuk oso modan ez daudenak: elkartasuna, batasuna —batasuna ez da homogeneotasuna— eta proiektu batekin bat etortzea. Leialak gara; oso kritikoak, baina leialak. Maiz hitz egiten da inteligentzia koletiboaz, eta barruan dago kapital humano eta politiko oso garrantzitsua.

Zer balio dute horiek guztiek barruan dagoenarentzat?

Lanabes kutxa moduan balio digute, esparru propioak sortzeko. Espazio horietan gu formatu gara, zaindu gara, eztabaidatu dugu, elikatu gara pertsona gisa. Hor, kartzelaren begia, kontrola, ez zen sartzen. Ez da idealizatu behar, baina kartzelaren espaziotik at kokatzen gara, han egon arren.

Hori bada botere hartze bat, burujabetzaren adibide bat, ez?

Bai. Preso politikoak gara, eta prozesu bateko partaide sentitzeak indar handia eman digu. Nork jasotzen du astero bisita bat, 35 urtez, Puerton [Espainia] edo Monterroson [Galizia]? Garrantzitsua da, militante izatetik harago, pertsonaren osotasuna bilatzea.

Kartzela mutilazio bat dela esan duzu. Azken urteetan aldatu da kartzela, gizartea aldatu den bezala? Kaleko joerak iristen dira?

Kartzela kontrol indibiduala da, berez. Baina era berean, EPPK-koen aurka ezartzen dutena salbuespen kolektiboa da. Azken urteetan, inboluzio handi bat gertatu da eskubideetan; begira, adibidez, gaixo daudenekin gertatzen ari dena. Gero, indibidualizazio joera handia da, eta hori izugarria da bakarrik daudenentzat, preso sozialentzat. Haien kontrako jarrera kanpokoaren isla da: despertsonalizazio esparru bat da kartzela. EPPK-koen kasuan, badira muturreko egoerak, batik bat, emakumeentzat. Hamar bat kide bakarrik dituzte. Eta bada muturreko kasu bat: Arantza Zulueta. Hor bada bakartze prozesu bat, nahita egina. Hala, ahula zarela uste dute. 30 urtean ulertu ez dutena da kolektiboak hormak ere zeharkatzen dituela.

Espetxea patriarkala da?

Bai. Indarkeria bat dago, sinbolikoa, baina oso ikusgarria. Emakumearentzat, beti egon da hor. Batetik, atera zarelako jendarteak eman dizun roletik, eta, gainera, araua apurtu duzulako. Kartzela gorputzen kontrola da. Horregatik esaten dut mutilazio sexuala ere badagoela. Kartzela da espazio bat hipersexualizatua, eta, era berean, kastrazio sinboliko bat.

Hipersexualizatua, zergatik?

Emakumea gorputza da. Preso gehienak, nola ez diren sartu jendarteak emandako roletan, oso bakarrik daude, eta bizitzeko bilatu behar dituzte eskura dituzten bideak. Nola? Harremanen bidez. Prostituzio modu berezi bat da, eta horren bidez lor ditzakete kartzelan bizirik irauteko bitarteko materialak. Gero, badaude arau moralistak: minigonarik ez, eskoterik ez... Kartzela ez da soilik zigor edukiontzi bat, denbora pasatzeko leku bat; batik bat, kontrola da, buruan, gorputzean. No-person's-lands bat da, ez da pertsonentzako leku bat. Infantilizazio prozesua ere oso larria da. Horrela, ez dizut uzten autonomo izaten. Gero, gorputzen miaketa bidezko kontrola dago. Euskal emakumeok ez dugu halakorik onartzen. Biluztea, alua miatzea, uzkia... Inon onartuko ez genukeena, bortxaketatzat joko genukeena, kartzelan inpunitate osoz gertatzen da.

18/98 auziagatik zigortu zintuzten. Zer gogorarazten dizute auziaren aurreko urteek?

Herri honek berau izateko egindako bidean, egon dira paradigma aldaketak. 1980ko hamarkadatik aurrera, ezker abertzalea kontziente zen Europan gertatzen ari zenaz. Sozialdemokrazia instalatzen ari zen, eta bazegoen herri mugimendua isiltzeko eta homologatzeko nahi bat. Instituzionalizatu, eta isildu. Euskal Herrian, homologazio orokor horri aurre egiteko tresna kolektibo bat bazegoen, ezker abertzalearena. Orduan mundu guztiak alderdi abangoardistaz hitz egin arren, gurea zen bloke abangoardista. Bagenuen egituratze eta lidergo kolektibo bat. Eta hori berreskuratu nahian gabiltza orain.

Aljerren, gatazkako aktore nagusien artean [ETA eta Espainiako Estatua] hitz egiten zen, eta justu, 1990eko hamarkadan, Alternatiba Demokratikoarekin eta Lizarra-Garazirekin, paradigma aniztu zen, sektore ezberdinek hartu zuten parte. Gainera, lurraldetasunaren paradigma aldatu zen: nazio ikuspegia hartu zen. Esango nuke garai hartan hasi zela aldatzen naziotasunaren kontzeptua. Ez zen soilik kontzeptu esentzialista batekin lotzen, bestelako garapen sozial eta kultural bat ere hasi ginen lantzen.

«Nazio eraikuntzaz» ari zara? Zer uzta utzi du gaur egun?

Bai. Herrigintzaz eta eraikuntzaz. Bazegoen ikuspegi integral bat. Gaur, badago jada naziotasunari buruzko kontzeptu bat, lurraldetasuna egituratzeko bide gradual bat. Gaur, esaten dugu estatua behar dugula; edo erabaki guneetan zaude, edo beste inork ez zaitu ordezkatuko. Inportantea da esatea herri baten borrokan ez dela etapa isolaturik, garapen bat dela.

Hor hasi zen legez kanporatze prozesua: HB, gazteak, 18/98... Zer zen, estatuaren erantzuna?

Estatuak, horrela erantzunez, erakutsi zuen ukatu nahi zuen hura: gatazka politikoa dela. Bageunden sektore inportante bat pentsatzen zuena Euskal Herria bizitzea nahi bagenuen agertoki emantzipatzaile batera eraman behar genuela. Estatuak alternatiba horren kontra jo zuen.

Nola bizi izan duzu estrategia aldaketa? Agertoki emantzipatzailerako ateak ireki dira?

Agertoki emantzipatzailea ez da orain sortu. Oraina ulertzeko eta etorkizunari begira jartzeko, iragana ezin da saihestu. Bizi dugunaren emaitza gara. Eta bizi dugun sistemaren golik handiena izan da jendea homologatzea. Barruko talaiatik, bi gauza sentitzen dira: indibidualismoa eta berehalakotasuna. Ezker abertzaleak aipatzen zuen lehen lasaitasun estrategikoa: erakusten zigun aurrera begiratzen, denboraren jabe izaten. Barruan oso kontziente gara kanpoko joerez. Beste bat ere aipatuko nuke: nola kontzentratu den sistema, nola egotzi dituen interesatzen ez zaizkion pertsonak. Langabeak, presoak, errefuxiatuak... Jende bat bazterretan dago, eta jende horrekin egin behar dugu bestelako jendarte bat. Hori ondo ikusten da barrutik.

Nola eman buelta joera horiei?

Ez dago giltza magikorik. Beste eredu bat jarri behar dugu martxan, ekonomia sozialaren eskutik-edo... Asmatu behar dugu. Uste dut ezker abertzaleak baduela alternatiba bat, baina iruditzen zait inportantea dela pentsatzea Euskal Herria subiranoa izan daitekeela, zentzu guztietan, geuk hala sinesten badugu. Independentziarako bidea jorratuz eta gehiengo sozialak zabalduz, lor dezakegu agertoki emantzipatzaile bat; batik bat, gaur egungo kontratu soziala aldatzeko.

Herri mugimenduak ere jarraituko du hor garrantzia izaten, ez?

Euskal agenda bultzatu behar da, uste baitut agenda espainiarrak izugarrizko pisua duela. Hori politikariek bakarrik ezin dute egin, eta herri mugimenduak badu esperientzia bat eta kapital bat.

Azkenaldian, mugimendu feminista indartsu sumatzen da. Bilakaera hori nola jarraitu duzu?

Iruditzen zait bi logika daudela feminismoan. Bat, asko ikusten ez dena, baina joerak aldatzera doana. Eta, beste bat, egunerokoan oinarritua, ikusgarriagoa. Adibidez, sexu erasoen aurkako Iruñeko protokoloa. Herri mugimenduari esker sortu da, heldu da udalera, eta pasatu da beste instituzioetara. Gero, badira beste joera batzuk, adibidez, harreman sexualen inguruan; boterearen inguruan, finean. Feminismoak ekarri du utopiak errealitate bilaka daitezkeen irudia. Edukiz bete ditu eslogan hutsak zirenak.

Adibide bat?

Zaintza. Gaia bere tokian jarri du: eremu sozial eta ekonomikoa da zaintza, eta jendarteak funtzionatzeko beharrezkoa da, ekonomia produktiboarekin batera. Sartu du ideia berri bat: harreman sozialak aldatu behar dira, eta boterea ere bai. Bestelako botere mota bat sortu behar dugu.

Presoen gaiari, nola heldu?

Norbaitek uste badu presoen gaia modu isolatuan konponduko dela, tronpatzen ari da. Eman behar da erantzun integral bat: presoak, deportatuak, errefuxiatuak, biktimak... Eta hori ere ez da bakarrik konponduko. Konponduko da gai baldin bagara bestelako agertoki batera abiatzeko. Presoen eskubideek ez dute inolako prezio politikorik behar.

Orain, zer asmo?

Jendearekin egon, Euskal Herria usaindu, ukitu, entzun. Gero, argi dut Euskal Herria beste agertoki batera bultzatzeko nire esku dagoen guztia egingo dudala, horrek irekiko dizkigulako barrukoen ateak, eta gureak ere bai.

ETIKETAK

Elkarbanatu!