Etxeko langileentzako aholkularitza zerbitzua Donostian

Etxeko langileentzako doako aholkularitza zerbitzua martxan jarriko du Donostiako Udaleko Berdintasun Sailak Emakumeen Etxean.

 

Etxeko langileek urriaren 3tik aurrera parte hartu ahal izango dute, horretarako beharrezkoa izango da hitzordua lotzea 943 48 34 70 telefonora deituta edota Donostiako Emakumeen Etxera gerturatura.

Aholkularitza zerbitzuaren bitartez etxeko langileek euren jardunarekin lotutako behar eta eskubideen gaineko informazioa lortzeko aukera izango dute. Halaber, ordainsariak, kontratu motak, langileen espezialitateekin lotutako informazioa, opor egunak, egun eta ordu libreak, gizarte segurantzako kotizazioa, baimenak, kaleratzeak edota uko egiteak.


Aholkularitza zerbitzuari buruzko albistea idatzi dute Irutxuloko Hitzan:

Garbitu,  zaindu, entzun, egon. Egiteko bat baino gehiago ditu etxeko langileak; “emakumea gehienetan, eta atzerritarra askotan”.  Lanbide horretan aritzen direnei euren eskubideen berri emateko aholkularitza zerbitzua jarriko du martxan Donostiako Udaleko berdintasun sailak urriaren 3an Emakumeen Etxean.

“Aspalditik genuen ideia buruan. Emakumeen etxean badago aholkularitza zerbitzu bat emakume guztientzat edozein gairen inguruan galdetzeko; baina asko ziren euren eskubideen inguruan galdezka deitzen zuten etxeko langileak. Hori dela eta, aholkularitza zerbitzu espezializatu bat ematea erabaki genuen”, azaldu du Laida Arrieta Cristobal, Donostiako Udaleko berdintasun teknikariak.

Emakume kolektibo honen egoera “prekarioaz” jabetuta jarri dute martxan doako aholkularitza zerbitzua. Egoera “larrian” dagoen kolektibo bat da etxeko langileena, eta euren egoerari “aurre egiteko” erremintak eskaini nahi dizkiete. Horregatik, urriaren 3tik aurrera doako aholkularitza zerbitzua eskainiko dute astelehenero 16:30etatik 18:30etara. Beharrezkoa da aurrez hitzordua hartzea, eta horretarako bi aukera daude: Donostiako Emakumeen Etxera joatea edo 943483470 telefonora deitzea.

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA