Emakume bertsolarien esperientziak jasotzen dituen ikerketa

Emakunde- Emakumearen Euskal Institutuak “Emakume bertsolariak. Ahanzturatik diskurtso propiora” izenburuko ikerketa aurkeztu du. Ikerketa hau Emakundek urtero genero eta berdintasuna gaiak lantzen dituzten lanei ematen dizkien hiru beketako baten emaitza da. Gema Lasarte EHUko irakaslea izan da ikerketaren zuzendaria, eta lan taldea osatu du beste lau ikerlarirekin batera: Amaia Alvarez Uria, Ana Isabel Ugalde, Pablo Lekue eta Judit Martinez.

Iturria: Emakunde Aldizkaria

Ikerketa egiteko, sakoneko elkarrizketak egin zaizkie 35 emakume bertsolariri, eta jardunean dauden 200 bertsolariren informazioa jaso ahal izan da galdetegien bitartez. Egindako sakoneko elkarrizketetatik ondorioztatu daiteke emakume bertsolariek ahalduntzerako lurralde berri bat sortu dutela eta bide honetan kontzienteki lanean dabiltzala, aurrean aurkitutako zailtasun guztien gainetik eta historikoki jasan duten isiltasunaren gainetik.

Hegemonikoki gizonena izan den eremura emakumeen hurbilketa ahalbidetu duten faktoreen artean daude bertsolaritzaren modernizazioa, bertso-eskolen sorrera eta garapena (ikasleen artean orekatua dago emakume eta gizonen presentzia), genero identitatearen eraikuntza, erreferenteen agerpena (Maialen Lujanbio da zalantzarik gabe XXI mendeko erreferentzia nagusia denentzat), eta emakumezko bertsolariek egindako ekimenak.

Ikerketak azaltzen duenez, alde emozionala oso faktore garrantzitsua da emakumeak oholtzara atera ahal izateko eta bertsolaritza munduan jarraitzeko. Izan ere, oraindik ere txapelketetan nagusi da gizonen kopurua. Autoestimua eta segurtasuna lantzea erabakigarria da entzuleen aurrean inprobisatu ahal izateko, hain justu, segurtasun falta izaten baita emakumeen bertsolaritza aktiboa uzteko arrazoietako bat. Zentzu honetan, emakume bertsolariek lan handia egin dute emakumeen ahalduntzea bultzatzeko. Horrela, 2009. Urtean Bertsozale Elkarteak Genero Batzordea jarri zuen martxan.


Hain zuzen, Bertsolaritzako Emakumeen V. Topaketa egin da Askizun Irailaren amaieran.

Iturria: Bertsozale elkartea

Urteotan egindako bidea ospatzea izan da aurtengo edizioaren gaia.

Bertso munduko emakumeak urtean behin elkartzeko espazioa bihurtu da Emakumeen Topaketa. Irailaren 23tik 24ra ospatu da V. edizioa izan dena, Getariako Askizu auzoan; 16 urtetik 51 urtera bitarteko 19 emakumek jarri dute beretik.

Aurtengo edizioaren gaia urteotan egindako bidea ospatzea izan da. Partaideengan umore ona eta elkartu izanaren poza utzi ditu topaketak, eta eraikitzen eta partekatzen jarraitzeko gogoa.

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA