Emagune sortu dute, andreen ahotsa gatazkaren konponbidera eramateko

Gogoeta prozesu baten ostean, boterearen «banaketa bidezkoa» eta «demokrazian sakontzea» proposatu dute 125 emakumek agiri batean.

Jatorri eta pentsamolde askotariko emakumeek Emagune izeneko ekinbidea aurkeztu dute, hainbat ikusmoldetako emakumeen topaleku eta gogoeta gune gisa, eta horren helburua da «ETAk armak utzi ondoren euskal gizartean sortutako egoera berriaren inguruan ekarpena egitea». Elkargunea eta beronen sorreran dagoen agiria Bilbon aurkeztu zituzten joan den ostiralean EHUren Bizkaia aretoan egindako jardunaldi batzuen bidez.

Iturria: Gotzon Hermosilla - Berria

Ekinbideak badu antzekotasunik Ahotsak izeneko mugimenduarekin —apirilean hamar urte bete ziren topagune hark lehenengo agiria plazaratu zuenetik—. Hura ere askotariko emakumeek sustatutakoa izan zen, eta gatazkaren konponbidearen norabidean emakumeen ikuspegia plazaratu nahi izan zuten.

Desberdintasunik ere badago, ordea: Ahotsak bultzatu zutenak esparru politiko eta sindikalekoak ziren batez ere —geroago beste hainbat arlotako emakumeak batu zitzaizkien arren—. Aldiz, Emaguneren prozesuan parte hartu duten emakumeak —60 inguru— unibertsitatean, sindikalismoan, lankidetzan, feminismoan, gobernuz kanpoko erakundeetan eta bake mugimenduetan aritzen dira, nahiz eta horietako batzuk arlo politikoan ere jardun.

Gatazka eta gatazkak

Euskal gatazkaz eta horri loturiko indarkeriaz aritzen dira agirian berau sinatzen duten emakumeak —125 bat, orain arte—. Baina ez horretaz soilki. Argi esaten dute horren inguruan «begirada murriztailea» egon dela, eta euskal gatazka deritzonaren erabateko nagusitasunak «gizartean sustraituta eta egituratuta dauden beste gatazka eta desberdintasun sozial batzuen garrantzia ezkutatu eta desitxuratu» egin duela.

Ezkutuan gelditutako gatazka horietako batzuk aipatzen dituzte agirian: genero desberdintasunak, lan prekaritatea, immigrazioa, kultur aniztasunari lotutako gatazkak eta abar.

Euskal gatazka politikoari dagokionez, horren inguruan dagoen sentsibilitate, bizipen eta pentsamoldeen aniztasuna aintzat hartzen dute, eta «kontakizunen ugaritasun eta baliokidetasuna» ona dela diote. Baina badago denek partekatzen duten oinarririk: «Aldaketarako gogoa, aurrera egiteko indarra eta bestearen sufrimenduarekin enpatizatzeari aitortzen diogun garrantzia».

Kritiko mintzatzen dira ETAren jardueraz, eta nabarmentzen dute horren aurreko jarrerak aldatuz joan direla denborak aurrera egin ahala: adibidez, «ETAren logika militar eta bertikalari buruzko kontzientzia eta desadostasuna gero eta handiagoa» izan dela diote.

«Estatuaren indarkeria» ere aipatzen dute, «ETAren aurretik eta ondoren ere errealitate bat izan dena», eta nabarmentzen dute gizartearen zati handi batek «hamarkadak» daramatzala indarkeria mota hori nozitzen, gizartearen beste zati bat «guztiz aparte» bizi izan den arren.

Agirian hainbat neurri proposatzen dira bakea eta elkarbizitza finkatzeko. «Demokrazian sakontzeari» nahitaezko deritzote agiria sinatzen duten emakumeek, eta, horretarako, nagusiki gizonezkoen esku dagoen boterearen «banaketa bidezkoa» proposatzen dute, emakumeak gatazka politikoaren konponbidean partaide izan daitezen.


Irakurri ere Arantza Urkaregi Emaguneko kideari egunkari berean egindako elkarrizketa.

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA