Autodefentsa Feministaren bidean kontzientziazioa lantzen

Udan zehar, hainbat herritan ibili gara autodefentsa feministaren aldarria lantzen. Agian, zure herriko jaietan, ikusiko zenituen Emagineko lagunak txiringitoa jarri eta hainbat materialekin lanean.

Argi daukagu kalean, jendearekin... landu beharreko gaia dela!!!

Horretaz gain, Amara Berriko langunekin egindako lanketa berezia aipatu nahiko genuke (Irutxuloko Hitza):

Amara Berriko jai batzordeak auzoko festen inguruko hausnarketa sakona egin du. Feminismoaren tresnak bereganatu dituzte lan taldea indartu eta jai parekideak lortzeko.

Zergatik egiten dituzten jaiak, zein den festen sinbologia, nola kudeatzen dituzten jai batzordeko  kideen arteko harremanak, benetan parekideak eta parte hartzaileak diren…  Amara Berriko jai batzordeak hausnarketa sakon baten ondoren ospatuko ditu aurtengo jaiak, urriaren 6tik 9ra.

«Jaiak amaitzen direnean beti esaten dugu hausnarketarako tarte bat hartu behar dugula, baina gero zaila izaten da horretarako denbora hartzea», azaldu du jai batzordeko Garazik. Duela bi urte jardunaldi batzuk egin zituzten auzoko beste bi jai batzordeekin batera.
Geroztik, hausnarketa sakon baten beharraz jabetu ziren: «Jai batzorde bakoitzak bere egoera azaldu zuen. Margaret Bullen antropologoa etorri zen. Jaien gaian aditua da, bereziki jaiak eta parekidetasunean. Bi urte pasata, eta jai batzordeko kide batzuek gogoeta hori modu formalago batean egin nahi genuen. Hau da, goazen esatera zertarako diren jaiak. Ziurtzat ematen dugu denok berdin pentsatzen dugula baina agian desberdin pentsatzen dugu», jarraitu du. Jai batzordeko kideak eta jaien bueltan dabiltzan guztiak gonbidatu zituzten parte hartzera.

Emaginekin elkarlanean

«Argi ikusi genuen feminismoaren bidetik egin behar genuela. Benetako parekidetasun batetarako bidea irekiko duen ildoa feminismoa delako. Hutsune handi batzuk ikusi genituen, eta horrela erabaki genuen tailer batzuk egitea. Emagin elkarteari laguntza eskatu genion. Festa dezagun gaurdanik geroa dokumentalaren bultzatzaile nagusiak dira,  eta formazioan ere lan handia egiten dute», zehaztu du Garazik.

Hiru gairen inguruan aritu dira: jaien esanahia, esaterako. «Lehen tailer honetan parte hartzeari buruzko gogoeta sortu zen. Zein hutsune daude? Zein jende falta da? Zer egin dezakegu jendea etortzeko eta ez joateko? Hizkuntza sexista ez erabiltzeko materiala ere eman digute. Orain baditugu tresna asko».

Beste tailer bat eraso sexisten ingurukoa izan zen: «erasoen aurrean zer egin behar da? Gure gabeziei nola aurre egin pentsarazi zigun. Gakoak identifikatu ditugu jada. Eraso bat gertatzen denean jendeak jakin behar du norengana jo, eta guk hori zehaztu gabe geneukan». Hirugarren tailerra, botere harremanen ingurukoa: «Gure arteko zaintza landu, eta horretan sakondu genuen. Jaien zirimolan ez gara bakoitzaren egoera pertsonalaz jabetzen. Pertsona bat muturtuta etortzeak duen eragina, zein garrantzitsua den sentimenduak adieraztea…».

Honek guztiak nolako eragina izango duen aurtengo jaietan? Garazik uste du gauza txikiak diruditela, baina gauza txikiez osatzen dela mundua: «Pala txapelketako kartelean Emakumezkoen eta Gizonezkoen pala txapelketa jarri genuen, baina aldatu genuen. Emakume eta gizon izendatuen pala txapelketa. Horrela bakoitzak aukeratuko du zer den. Musika taldeekin apustu berezia egin da, emakumeak agertoki gainean gehiago ikusteko. Erreferenteak falta zaizkigu, eszena publikoa gizonezkoena da. Emakumeak egotearekin ez du esanahi feminista denik. Trabestiak ere ekarri beharko genituzke, edo beltzak, jende anbiguoa… Eta horretan gaude».

Urte gutxitan asko aldatu da jai batzordea Garaziren ustez: «Pertsona berriek ekarri duten jai batzordea beste bat da. Ez hobea, ez okerragoa, beste bat. Une batean soilik bi emakume ginen. Bizi zen egoeraren isla zen. Jai batzordea ilegala zen, egoera errepresiboa zen».

Omenaldi berezia

Jai batzordean egin duten hausnarketaren harira, auzoko jaietan emakumeek egiten duten lana omenduko dute urriaren 7an. Hitz joko batean oinarritutako ideia bat izan dute inspirazio iturri: «Antolakuntzaz hitz egitean, askotan, brometan, ‘Anton de Lakuntza’-taz hitz egiten dugu, eta hain zuzen ere, honi buelta emateko asmoz ‘Lakuntzako Anttoni’ omentzea bururatu zaigu, eta horrela izendatuko dute auzoko gune bat».

ETIKETAK

Elkarbanatu!