Ana Txurruka, bizi bat feminismoan

Militantzia eta instituzioa gurutzatzen diren lekuan jardun da Ana Txurruka azken hamarkadan, buru-belarri. Oreka zailean, eutsi dio: kalean, Medeak taldea eta transfeminismoa izan ditu ardatz; lanean, berriz, ahalik eta emakume gehienengana eta askotarikoengana iristea, eta puntu komunak abiapuntu lan egitea.

Iturria: Danele Sarriugarte Mochales - Argia

Berdintasun teknikaria zara. Nolatan?

Humanitateak ikasi nituen, etorkizunik eta lan aukerarik gabeko karrera, eta bukatu eta gero ez nekien zer egin. Ni jada feminista nintzen, militantzian hasi berria, eta banekien mundu hura gustatzen zitzaidala eta gustatuko litzaidakeela horretan lan egitea. Justu urte horretan sortu zuten EHUko Berdintasun masterra eta han sartu nintzen, ez bainuen ikerketan aritzerik nahi. Gauza handia izan zen niretzat, bai ikasketa aldetik bai pertsonalki.

Zer ikasten zenuten?

Eduki aldetik, berdintasun politikei zuzendutako masterra da eta feminismo instituzionala lantzen da. Bazegoen beste eduki akaso ez hain nabarmena: boteretzeko tresna oso potentea izan zen eta kontzientzia ere garatu genuen. Urtez urte galdu den arren, interes politiko feminista handia geneukan bai sortu zutenek bai ikasten genuenok.

Akaso orain egonkortuago dago lanbidea eta horregatik aldatu da?

Normalizazio prozesu bat egon da eta nik uste dut hori feminismoaren lorpen bat izan dela, eta arrakastatzat hartu behar dugula, baina kasu batzuetan normalizazio horrek eduki politikoa leundu du. Hasierako berdintasun teknikariena oso jardun militantea zen.

Zergatik hartu behar dugu arrakastatzat?

Instituzioek ardura bat daukate berdintasuna sustatzeko eta matxismoarekin amaitzeko, eta ardura hori zehaztu beharra dago, eta baliabideekin lagundu. Iruditzen zait feminismoak lortu duela instituzioetan sartzea, eta borroka hori egin ez balitz, oraindik ere berdin jarraituko lukete erakundeek. Gero, pentsa dezakegu nola egiten ari diren gauzak, nahikoa egiten ote den, baina ezinbestekoa iruditzen zait feminismoa edo berdintasun politikak instituzioetan sartzea.

Zer aldatu da, adibidez?

Orain dela 15 urte udal bat ez zen behartuta sentitzen erasoen kontrako kanpaina egitera, edo hezkidetza sustatzera, edo emakumeentzako jabekuntza tailerrak eskaintzera... Orain, nahiz eta alderdi politiko askorentzat lehentasunezko gaia ez izan, ez dira ausartzen horrelako gauzei ezetz esaten. Kontua da azalean gelditzen dela sarri, eta horretan sakondu beharko dugula, baina aurrera egin dugu, dudarik gabe.

Zer moduzkoa izan zen zure estreinako teknikari lana?

Europar Batasunak diruz lagundutako proiektu batean hasi nintzen, Urola Garaian, etengabeko hezkuntza sustatzeko, genero ikuspegiarekin. Lana beste errealitate bat da, ikasketetakoa ez bezalakoa. Oso oroitzapen onak dauzkat. Asko ikasi nuen nire lankideari esker, ez dakit hainbeste teknikari gisa edo pertsona bezala.

Bestalde, teknikari hasi nintzenean ohartu nintzen jendeak etengabe jartzen zuela auzitan nire lana.

Zergatik?

Beti sentitu izan dut kafe-orduko gaitzat jotzen dela berdintasunaren auzia. Edozeinek esan dezake edozer gauza horren inguruan. Beti egon da tipo bat, ardurak zeuzkan tipo bat, txisteak egiten. Adibidez, hizkuntza ez-sexistaren harira, nagusi batek esan zidan: “Eta orain zer, hola eta holo esan behar al dugu?”. Giza baliabideetako sailean ariko bazina lanean, ez dut uste halakorik esango zizuketenik. Gaztetan odola berotzen zitzaidan, baina orain ikasi dut beste era batera egiten aurre halako gauzei. Era berean, urteekin, zilegitasuna lortu dugu eta jendea ez da hain erraz ausartzen horrelako gauzak esaten.

Arrasateko Emakumeen Txokoan ere aritu zinen.

Erreferente handiak izan dira, besteak beste, Ermuko eta Arrasateko emakumeen etxeak. Ezinbestekoa iruditzen zait, berdintasun politiketan, jabekuntza lana egiteko espazio propio bat sortzea. Horri beste hainbat politika gehitu behar zaizkio, noski, zeharkako politikak eta udal barruan egin beharrekoak, baina uste dut emakumeen etxeak hobeto bizitzeko tresnak ematen dizkizula. Batzuetan balio dizute, beste batzuetan ez hainbeste, baina egote hutsa bada zerbait. Halaxe da Donostian ere. Ez dira hiriko emakume guztiak etortzen, baina badakite hor dagoela, erreferente bihurtzen da, tartean behin etor daitezke proiekturen batean parte hartzera...

Caritasen jardun zinen gero.  

Bai, ez nuke berehala pentsatuko hantxe arituko nintzenik, Bizkaiko parrokia guztietan formazioak ematen. Oso positiboa izan zen Caritasen gisako erakunde batean lan egitea, gustatzen baitzait egoera okerrenean daudenekin jardutea, eta kasu honetan egoera oso zaurgarrian dauden emakumeekin nenbilen. Gainera, asko inplikatu nintzen boluntarioekin, langileekin, baita erabiltzaileekin ere. Ondo ikasi nuen emakume guztien egoera ez dela berdina, oso behar ezberdinak dauzkagula, eta erantzunak ere halakoak behar dutela izan: bakoitzari berea. Masterrean lantzen genituen gaiek emakume profil jakin baten beharrei erantzuten zieten, eta Caritasen ezagutu nuen jendeak ez zeukan zerikusirik profil horrekin.

Eta ondo hartu zituzten zuk eramandako gaiak?  

Ba bai! Adibidez, asko gustatu zitzaidan mojekin indarkeriaz eta abar hitz egitea. Gauza asko konpartitzen genituen, eta haiek ondo baino hobeto ezagutzen dute emakumeen eguneroko errealitatea, ez dira epelkeriatan ibiltzen. Oso garbi neukan huraxe zela inportanteena: puntu komunetatik abiatuta egin behar genuela lan, eta horiek indartu.

Formazio asko eman dituzu. Zer irakasten da halakoetan?

Saiatzen naiz berdintasuna eta dena delako gaia uztartzen. Adibidez, emakumeentzako ekintzailetza ikastaroetan berdintasun modulua ematera joaten nintzen, eta teoriari buruz aritzen nintzen, noski, baina hor neukan kontzientzia pizteko grina ere. Ikasleen gauzak astindu nahi nituen. Pertsonala politikoa da, ezta? Bada, enpresa berrietako kontziliazio neurriak aipatuko ditugu, noski, baina ikus dezagun ea nola kontziliatzen ditugun etxe barruko eta kanpoko lanak. Emaitza askoz garrantzitsuagoa da inposatu dizkiguten genero rolak zalantzan jartzea, berdintasun legea ikastea baino. Oro har feedback positiboa jaso dut, emakumeekin aritu naizelako batez ere.  

Eta gizonekin?

Bestelakoa da. Donostiako Udalean ari nintzela, bazterkeria arriskuan dauden pertsonentzako laneratze programa batean aritu nintzen. Haraxe joan nintzen, alai, berdintasun formazioak ematera, eta soldadura ikasten ari ziren gizonez beteta zegoen, sekulako motxilekin eta sekulako zailtasunekin denak ere. Han zaplazteko handiak hartu nituen: nire powerpointak eraman nituen, eta batzuek ez zekiten ia irakurtzen. Indarkeriaren gaia ere landu nuen, eta noski, kolektibo errazekin zenbait gauza aise doaz baina oso kolektibo zailekin, bada... Gizon horiek jaiotzatik zeukaten harremana indarkeriarekin, eta nik indarkeria planteatzea oso potentea izan zen. Te doy mis ojos filmeko eszena batzuk ipini nituen eta tipo bat izugarri haserretu zen eta joan egin zen, berak bizi izan zuelako indarkeria hori, eta orain berak egiten zuelako.

Bazterkeria arriskuan dauden emakumeekin aiseago topatzen dut elkarlanerako puntu bat; gizonekin zailago. Hala ere, uste dut nire lanean halako kolektiboekin lan egin behar dugula. Emakumeekin ere bai, jakina, kolektibo horietakoek dauzkatelako behar handienak eta haiek daudelako egoera kaskarrenean. Sarritan, berdintasun politikekin ez gara emakume horiengana iristen.

Zenbat denbora daramazu Donostiako Berdintasun Sailean lanean?

Zortzi urte, orduan atera zen lan-poltsa. Zalantzak izan nituen, baina azkenean animatu nintzen, udaleko baldintzengatik eta zegoen jendea interesatzen zitzaidalako. Ainhoa Beola zegoen berdintasun zinegotzi, Agurtza Zubero aholkulari, eta politika feminista erreal bat bultzatzen ari ziren.

Hor konturatu nintzen zer garrantzitsua izan zen feminismoak aldarrikapen hau egitea, berdintasun sailak egotea, aurrekontuak lortzea berdintasun politikak ezartzeko... Hiru ardatz klabeak batu ziren, gainera: politikari feministak, berdintasun teknikari feministak (militanteak, asko) eta mugimendu feminista indartsua, kanpotik eragiten.

Medeak talde transfeministako kide ere bazara. Nola sortu zen talde hori?

Plazandreok taldean hasi ginen. 20 urte zeramatzaten haiek feminismoan militatzen, eta asko ikasi nuen. Bi urtean ez nuen ahorik ireki asanbladetan, soilik belaki baten moduan aditu eta ikasi. Une batean beharra sentitu genuen zerbait propioa sortzeko, bai edukietan bai formetan. Plazandreoken dinamika asteroko bilerak egitea eta gai-ordenari jarraitzea zen. Guk, ordea, 20 urte geneuzkan eta nahi genuen hitz egin larrua jotzeari buruz, gure gorputzei buruz, gure familiarekin geneuzkan arazoei buruz... Barren-huste kolektiboa behar genuen eta Medeakek eman zigun arnasa. Plazandreok taldekoekin ere hitz egin genezakeen, noski, baina behar genuen hori guztia elkarrekin bizi, badakizu, 60ko hamarkadako autokontzientzia taldeetan bezala.

Eta gero?

Hasierako garai introspektibo hori pasata, kanporantz hasi ginen lanean, kalean ekintzak egiten, eta, gero inflexio-puntu handi bat izan genuen: Arteleku. Lauzpabost jardunaldi egin ziren han eta beste feminismo bat ezagutu genuen, Euskal Herrian ez zegoena. Feminismo queerra topatu genuen. Bat-batean ate pila bat ireki zitzaizkigun. Ez zen zehatz-mehatz gure testuingurua, baina erantzun pila bat eman zizkigun.

Adibidez?

Drag king tailerrek sekulako eragina izan zuten gugan. Drag queenak gizonak dira, normalean maritxuak, trabestitu egiten dira, eta emakumetasun hiperboliko bat agertu. Drag kingekin hori egiten dugu baina alderantziz: bollerook maskulinitate hiperboliko batekin trabestitzen gara eta ikusten dugu nola eraikitzen den maskulinitatea, hasi keinu txiki eta txoroenetatik, gorputzarekin eta jantziekin buka.

Lehenik eta behin konturatu nintzen zer barneratua neukan feminitatea. Feminista eta lesbiana nintzenez pentsatzen nuen oso gaindituta neukala, baina bai zera! Barru-barruan daukagu txertatua. Bestalde, orduan hasi ginen Medeaken maskulinitatea lantzen, ordura arte guri ez baitzitzaigun batere interesatzen. Maskulinitate patriarkala ez dugu gustuko baina gure mundu bolleroan badaude bestelako maskulinitate batzuk, eta horiei bai, egin nahi diegu tira, maskulinitate patriarkala jartzen baitute zalantzan, gainera.

Indarkeriari buruz ere hausnartu duzue.

Gai hori beti dago presente, emakumeok askotan feminista egiten gara indarkeriarekin topo egiten dugunean, orduantxe kolpatzen zaitu-eta benetan errealitateak. Medeaken beti saiatu gara pentsatzen ea nola erantzun indarkeriari eta hamaika modutan egin dugu: amorruz, haserre, nola kudeatu jakin gabe...

Azken urteetan, feminismo instituzionalak indarra hartu duenean, egokitasun politikotik abiatuta, diskurtso bat garatu da gaiaren bueltan, eta gizarte honetan denak daude indarkeriaren kontra. Guk bestelako diskurtso bat egin nahi genuen eta batez ere emakumeen boteretzea landu, ez genuen biktimismotik hitz egin nahi. Indarkeriarekin amaitu nahi dugu ez poliziaren bitartez, baizik eta beste bide batzuetatik. Hori, politikoki, baina norbanakoari dagokionez, gauez ateratzen ginenean-eta, guretzat oso-oso inportantea izan da ildo hori: eraso matxisten aurrean, erantzun, eta erantzunok kolektiboki babestu, tinko.

Amaitze aldera, orainaldiari erreparatuko diogu. Badirudi loraldian dagoela mugimendu feminista.

Loraldian dago eta ni, berriz, gainbeheran-edo, erdi jubilatzen. Orain dela urte batzuk konturatu nintzen atseden hartu behar nuela. Lana, militantzia... nire bizitza oso-osorik hartzen zuen feminismoak, ez neukan beste ezer. Une batean konturatu nintzen akaso beste gauza batzuk ere egin nahi nituela, akaso denbora behar nuela pentsatzeko ea zer egin nahi nuen. Orduan, erritmoa murriztu nuen eta oso ondo etorri zait.

Onena da jende berria ikusten dudala, eta eskerrak! Bilera batera joaten banaiz eta orain dela hamar urteko jende berbera topatzen badut, malaostian jartzen naiz, horrek esan nahi baitu badagoela arazoren bat espazioarekin. Baina leku eta egitasmo berriak topatzen ditut eta nik neuk, orain, ez nituzke egingo, baina izugarri gustatzen zaizkit. Oso pozik nago feminista gazte asko daudelako.

ETIKETAK

Elkarbanatu!