H(eteroar)AUa EZ DA GURE BAKEA irakurketa

Familia nuklearrik? Ez, eskerrik asko (Alde erantzira nabil, Ekhiñe Eizagirre, Susa argitaletxea, 2016). Gero eta gehiago gara patriarkatuaren oinarria den familia nuklearraren nagusitasuna eta gailentzen den harreman eredua ezbaian jarriz, heteroaraua plazerez desobeditzeko hautua egiten dugunak: guraso bakarrak, lesbianak, bi guraso baino gehiagoko haurrak, harreman poligamiakoak dituztenak, ama izatea erabakitzen dugun bikote lesbianak, sexu langileak, transexualak, praktika sexual koitalak lehentasunezkoak ez ditugunak, ama ez izatea erabakitzen dugunak, praktika sexualen kategorizazioari ihes egiteko hautua egiten dugunak, lagun taldeak etab.

 

Hortaz, sexualitateari, plazerari, dimentsio politikoa emateko saiakera erabatekoa izan dadin jarraitzen dugu. Ez ditugulako praktika lesbianak arauaren barnean sartu nahi, araua bera deslegitimatu, praktika aniztasuna errealitatea bat dela ohartarazi eta denak erdigunean gaudela aldarrikatzen jarraituko dugu.

 

Monogamia, familia eredu patriarkala, estigma, zein maitasun erromantikoaren bitartez emakumeon sexualitatearen eta gorputzen kontrola sustatzen duen heteroarauaren aurrean geroz eta ozenagoa da arau nagusitik kanpo kokatzen garenon ahotsa. Sexualitate hegemonikoaren edozein arau haustek, bidean aurrera jarraitzeko ezinbestekoak ditugu: patriarkatuak sortu dituen kategoria hertsiak eta mugatuak gailendu, eta aniztasuna oinarri duen jendarte baten beharra geroz eta ageriagoa da. Zentzu horretan, jendarte feminista baten alde lanean jarraitzeko beharra ikusten dugu, eta honetan herritar orok badugu zer egina.

 

H(eteroar)AU (a) ez dela gure bakea diogu. Heteroarauaren haitzean arrakalen ugaritzearen aurrean, erresistentziak eta indarkeria ere areagotzen doaz: kaleko erasoak, edota Espainiako Gobernu ultra eskuindarrak krisiaren aitzakiapean edo egindako erreforma eta bultzatutako neurriak ere. Artean, Familia Plana, zeinetan, gay, lesbiana eta etorkinen sendiak arazotsuen multzoan sartu dituen; osasungintzan transen sexu operazioetan emaniko murrizketak, lesbianei zuzendutako lagunduriko ugalketa teknologien zerbitzu publikoetan izandako murrizketak, hezkuntzan LOMCE legearen bitartez ematen ari den ideologizazio eskuindarra, balore diskriminatzaile eta erreakzionarioen sustapena, abortuaren lege organikoan eginiko aldaketa (16-17 urte bitarteko emakumeen gurasoen baimena behar izatea)... Guzti horrek, familia patriarkal nuklearraren indartzea, eta sexualitatea plazeraren kudeaketa gisa ulertu beharrean, erreprodukziorako bitarteko gisa denaren ulermenean sakontzea ditu ondorio, besteak beste.

 

Horregatik guztiagatik, ez gara nazkatuko adierazteaz, H(eteroar)AU (a) EZ DA GURE BAKEA eta plazerez desobeditzen jarraituko dugu muxu, begirada, koxka, masaje, mimo, laztan bakoitzean. Ekainaren 28a borroka eguna dugu, beraz, egingo diren mobilizazio eta ekintzetan parte hartzeko deia zabaltzen dugu.

Euskal Herrian, 2016eko ekaina

EUSKAL HERRIKO BILGUNE FEMINISTA

 

ETIKETAK

Elkarbanatu!