DENAK KALERA!!!

GASTEIZEN EMAKUME BAT ERAIL DUTEN EGUN BERDINEAN, ANGELUN GIZON BATEK EMAZTEA ETA BI ALABA ERAIL DITU

Aste beltza, iluna, grisa dugu Euskal Herrian. Lau emakume erail dituzte bi gizonek. Indarkeria sexistak lau emakume hil ditu Euskal Herrian. Marga erail du gizon batek Gasteizen. Zadorra ibaian topatu dute bere gorpua, gizonak emakumea hil eta bertara bota zuela onartu eta gero. Eta Angelun (Lapurdi) berriz, tiroka hil dituzte emakume bat eta haren bi alaba, 11 eta 17 urteko bi neska. Gizona, andrearen senarra eta bi nesken aita, hilda agertu da etxean; bere buruaz beste egin duela uste du Poliziak. Ikaragarria da! Indarkeria sexistak duen ageriko eta dimentsio bortitzenaren erakusle da hau. Eta gainera, indarkeria sexistaren ondorioz akabatu izana zalantzan jartzen ari dira instituzio publiko politikoetako ordezkari batzuk, Eusko Jaurlaritzako ordezkari Josu Erkorekaren hitzetan: "ez zegoen harreman afektiborik bien artean". Eta zer? Gizon batek emakume bat erail du, hori da errealitatea eta sistema heteropatriarkatua du oinarri. Guretzat indarkeria sexista:

 

"Emakumeon aurkako indarkeriak ez du mugarik, bizi garen sistema kapitalista patriarkalaren funtzionamenduaren ezinbesteko tresna da, eredu honek  sortzen dituen pertsonen arteko botere harremanak, meneko harremanak bizirauteko eta mantentzeko erabiltzen duen baliabidea izanik. Horregatik, indarkeria sexistak lehen mailako arazo politiko, sozial, ekonomiko eta kulturala izaten jarraitzen du; ez direlako modu isolatuan eta bakartuan ematen diren erasoak; bizi garen jendartearen antolaketa sexistak ahalbidetzen eta sustatzen duen indarkeriaren erabileraz ari baikara".

 

ASKI DA! Nazkatuak gaude!

Emakumeon aurkako indarkeriaren adierazpen bortitzena dugu hau. Gogor salatu nahi dugu Emakumeen Mundu Martxatik eta MOBILIZAZIOETAN PARTE HARTZEKO DEIA EGITEN DUGU! Martxan jarraituko dugu, elkarrekin, borrokan denak aske izan arte!!!!

 

ETIKETAK

Elkarbanatu!