Gutun bidalketa Nekane Libre nahi dugulako!

Gutunak bidaliko dizkiote Suitzako Justizia ministroari Txapartegi estraditatu ez dezatela eskatuz

Nekane Libre! ekimenak gutun bidalketa kanpaina abiarazi du Suitzan preso dagoen Nekane Txapartegi Estatu espainiarrera eraman ez dezaten eskatzeko. Simonetta Somaruga Justizia ministroari zuzendutako eskutitza da. Mugimendu feministak, Jaiki Hadik, Eleak-Librek, torturatuak izan diren hainbat lagunek eta 18/98 makrosumariko kideek babestu dute ekimena.

Iturria: Nagore Belastegi - Naiz

Gutuna deskargatzeko moduan duzue albistearen amaieran.Hemen irakurketa topatuko duzue osorik.

Nekane Libre! ekimenko kide diren Oihana Etxebarrieta eta Ane Artzamendik Nekane Txapartegiren estradizioaren kontra prestatu duten manifestua irakurri dute gaur goizean Donostian. Haien ondoan Txapartegiren senideak, Jaiki Hadi eta Eleak-Libre mugimenduko kideak, torturatuak izan diren hainbat pertsona eta 18/98 makrosumarioan epaitu zituzten hainbat lagun izan dira ekimena babesten.

Asteasuarra estraditatu ez dezaten Simonetta Somaruga Suitzako Justizia ministroari gutuna igorriko diote eta horretarako kanpaina abiatu dute.

«1999ko martxoan atxilotu zuten Txapartegi eta torturatu egin zutela salatu zuen: elektrodoak eta poltsa ezarri zizkioten, eta sexu jazarpena pairatu zuen. Hori gutxi balitz lau poliziak bortxatu egin zuten», gogorarazi dute. Asteasuarrak berak eman zuen tortura horien berri Auzitegi Nazionalean. 18/98 sumarioaren epaiketaren ostean sei urte eta bederatzi hilabeteko zigorra ezarri zioten 2007an.

Txapartegik ihes egin zuen berriro atxilotua eta torturatua izateko beldur zelako. Suitzan zegoela, euroagindu bat igorri zuen Auzitegi Nazionalak 2012an, baina atxilotu ahal izateko Suitzak estradizio eskaera egitera behartu zuen Estatu espainola. Azkenean, Txapartegi joan zen apirilaren 6an atzeman zuten. Orain estradizio prozesuaren zain dago. «Berdin dio zer delitu leporatzen zaion inor ezin delako epaitua izan salbuespen epaitegietan eta salbuespen legedien pean. Nekanek urraketa horietako asko pairatu ditu», aipatu dute. Emakumeengan urraketa horiek are larriagoak direla azpimarratu dute.

Ondoren, Jaiki Hadiko sikologoa den Oihana Barriosek hartu du hitza. «Ez naiz sartuko sikologo moduan torturak eta bortxaketak zer suposatzen duen azaltzen, uste dut denok irudikatu dezakegula zer nolako beldurra eta egonezina eta ondorio sikologiko latzak izan daitezken honelako esperientzia baten ostean», esan du. «Torturari beldurra izatea ez da delitua, beldurragatik hemendik ospa egitea ez da delitua», amaitu du.

Ekitaldia ixteko 18/98 makrosumarioan Txapartegirekin batera epaitua izan zen Marta Perezek hitz egin du. «Gure epaiketak 16 hilabete iraun zituen. Denbora horretan une oso gogorrak pasatu genituen. Horien artean gure kide torturatuen testigantzak entzun behar izan genituen. Nekanerena bereziki gogorra izan zen. Torturatua eta bortxatua izan zarenean, eta zure epaiketan zure bortxatzaileak perituaren papera hartzen dutenean une gogorra da», azpimarratu du

 

ETIKETAK

Elkarbanatu!