STOP Homofobia, Lesbofobia, Transfobia!

Pertsona batek Orlandoko Pulse lokalera sartu eta gutxienez 50 lagun hil ostean, biktima kopuruak gora ez egitea da lehentasuna erasoaren biharamunean. Izan ere, 53 lagun zauritu zituen erasotzaileak, eta horietako batzuk larri daude. OneBlood erakundeak jakinarazi duenez, Orlandoko erasoaren harira eman den odol kopurua ez da eman 2001eko irailaren 11ko erasoez geroztik. Floridan, 35.000 lagunek eman dute odola, Susan Forbes OneBlood-eko komunikazio zuzendariordearen arabera.

Iturria: Jon Olano - Berria

Bitartean, hildakoak identifikatzen eta erasotzailea ikertzen ari da Polizia. Jakinarazi duenez, bi aldiz ikertu zuten "talde terroristekin lotura" ote zuen jakiteko. Gainera, azaldu du 39 lagun tabernan bertan hil zituztela.

NBC Newsek esan du erasogileak tabernara sartu aurretik larrialdietara deitu duela, "Estatu Islamikoarekin leial" dela esanez. Erasoen biharamunean, Estatu Islamikoak bere gain hartu du erasoa, esanez Omar Mateen ustezko erasotzailea "kaliferriaren soldadua" zela. EIk bere irratiaren bitartez zabaldu duenez, Mateenek "segurtasun erasoaldi bat egin zuen, gurutzatuen topagune batean sartuz". Barack Obama Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak ez du hipotesirik aldeztu; esan du nahikoa informazio badutela esateko "terrorismo eta gorroto erasoa" izan dela.

Elkartasun mezuak AEBetan eta munduko hainbat lekutan zabaldu dira. Bi aste barru, ekainaren 28an ospatuko dute Gay, Lesbiana, Transexual eta Bisexualen Nazioarteko Eguna, eta, hain justu, New Yorkeko Stonewall tabernan 1969an izandako istiluen harira ospatzen da LGTB eguna ekainaren 28an. Orlandoko erasoen ostean, New Yorken Stonewall izan da erasoak salatzeko eta biktimei elkartasuna azaltzeko topaleku nagusia.


Bide batez, albiste hau irudikatzeko Herrialde Katalanetako Endavant elkarteak egindako kartela erabiliko dugu. Besteak beste, Cañizares apezpikua (Gay inperioaren eta feminismoaren kontra hitz egiteagatik ezaguna) asaldatu duen kartela izan da.

ETIKETAK

Elkarbanatu!