Prostituzioa: Ikusezina azalera

Berria egunkariko Maddi Ane Txoperena eta Maite Asensio kazetariek, prostituzioaren inguruko erreportaje sorta berezi bat psatu zuten pasa den igandeko egunkarirako. Guk Euskal Herriko egoeraz egindakoa ekarriko dugu hona, baina beste guztiak ere gomendagarriak dira oso:

- Zoru egonkorrago bat zapaltzeko premian

- Beatriz Gimenori elkarrizketa "Patriarkatuari estuenik lotutako erakundea da"

- Maria Jesus Fernandezi elkarrizketa: "Euren osasunaz anitz kezkatzen diren emakumeak izan ohi dira"

PROSTITUZIOA: IKUSEZINA AZALERA

Legeek, ordenantzek eta gizarteko joerek bultzaturik, gero eta ikusezinagoa da prostituzioa Euskal Herrian. Emakume anitzek dihardute lanean, ordea, eta bezeroak ere ugari dira. Klub handietan eta etxeetan lan egiten dute gehienek, eta gutxik kalean. Familia askoren sostengu ekonomikoa dira.

Maddi Ane Txoperena - Berria

Munduko lanbiderik zaharrena omen da prostituzioa. Baina, aurreiritzietatik harago, egiaz gutxi daki jendeak jarduera horren gibelean ezkutatzen den errealitateaz. Eta, are gutxiago, sexu zerbitzuak eskaintzen dituzten pertsonez, haien eskubideez, arazoez eta ezaugarriez. Itzalean egonagatik, prostitutak ere Euskal Herriko gizartearen parte dira, ordea. Zenbat dira, baina? Non egiten dute lan? Zergatik? Nondik etorriak dira? Eta nori eskaintzen dizkiete sexu zerbitzuak?

Fenomeno konplexua eta ezkutukoa izanik, ez da erraza prostituzioari buruzko datu zehatzak lortzea. Joera nagusiak ezagutze aldera, prostitutekin lan egiten duten elkarteekin batera osatu du BERRIAk Euskal Herriko prostituzioaren argazkia. Nafarroako Abiatze, Ipar Euskal Herriko Aides, Gipuzkoako Arrats, Arabako Sidalava eta Bizkaiko Askabide elkarteek emandako datuekin landutakoa da erradiografia hau.

Eragile guziak bat datoz: mugikortasuna eta ikusezintasuna dira prostituzioaren egungo ezaugarri nagusiak, eta horrek are zailagoa egiten du fenomenoa ikertzea. Elkarteek prostitutengana jotzen dute zuzenean, laguntza eskaintzera eta informazioa eskatzera; harreman horietatik bildutakoak dira datuok.

NOR?

Emakumeak nagusi

Nagusiki emakumeak dira sexu zerbitzuak eskaintzen dituztenak: Euskal Herriko prostituten %96,6 dira, hain justu. Horietatik %5,7 andre transexualak dira. Gizonek ere jarduten dute prostituzioan, baina askoz gutxiago: %3,4 dira. Joera orokorra halakoa dela azaldu du Diego Lodeiro Askabide elkarteko kideak: «Prostituzioa oso mundu konplexua da, heterogeneoa, jorratzeko zaila, eta, oro har hitz eginez gero, beti geratuko da zerbait kanpoan. Baina argi dago oinarrizko premisa dela bezeroa gizonezkoa dela eta prostituzioak emakumezko aurpegia duela». Lan egiteko lekuen arabera, are nabarmenagoa da andreen presentzia. Klubetan, erraterako, guzi-guziak dira emakumeak. Gizonek eta emakume transexualek, aldiz, etxeetan egiten dute lan, bereziki. Ipar Euskal Herrian, kalean ere bai.

Prostituten batez bertzeko adina 30 eta 40 urte artekoa da, baina 18 eta 70 urte bitartekoekin aritu izan dira elkarteak.

ZENBAT?

Kopuru aldakorra

Zifra bat zehaztea zaila den arren, Euskal Herrian 3.380 prostituta inguru daude, elkarteen datuen arabera. Aldakorra da zenbatekoa, ordea, eta pertsona guziek ez diote ordu kopuru bera eskaintzen jarduerari. Alegia, batzuek hori dute ogibide nagusitzat, eta bertze batzuek ez. Hala azaldu du Amaia Lasheras Arrats elkarteko kideak: «Batzuek tarteka lan egiten dute, hilabete bukaerara iristeko. Adibidez, badira aldi berean etxeko langileak eta prostitutak direnak. Batzuk hiru hilabetez lan egitera etortzen dira, eta gero berriro itzultzen dira beren herrialdera». Ezin erran jarduera nagusitzat prostituzioa dutenak ere denbora guzian Euskal Herrian aritzen direnik: «Plaza sistemaren ondorioz, mugikortasun handia dago egun».

Sistema hori dela eta, zaila da zehaztea lurralde bakoitzean zenbat prostituta dauden. Elkarteen kontaktuen arabera, halere, lurraldeka badira aldeak: prostituta gutxien Lapurdin daude, eta gehien Gipuzkoan eta Bizkaian. Gipuzkoako kopuru handian muga administratiboak eragina duela azaldu dute Aides eta Arratsekoek. Izan ere, Frantziako Estatuan prostituzioa zigortua izanik, Ipar Euskal Herriko gizonezkoak Irunera eta Donostiara doaz sexu zerbitzu eske: Aides elkartearen datuen arabera, Ipar Euskal Herrikoak dira Gipuzkoako prostituten bezeroen %50.

NOLA?

Plaza sistema

Andreak klub edo etxe batetik bertzera etengabe mugitzera bultzatzen dituen sistema da plazena; bereziki klub handietan egiten da. Lasheras: «21 egun pasatzen dituzte klub batean lanean, eta gero beste batera mugitzen dira ». Bezeroei begirako neurria da: «Sistemaren helburua da beti eskaintza berria egotea; aurpegi berriak». Bat etorri da Lodeiro: «Bere garaian, esaten zen andreek hilekoa baliatzen zutela lekuz aldatzeko eta atseden hartzeko, baina, egun, prostituzioa hilekoarekin, haurdun egonda edo eskaiola batekin egiten da; bezeroen eskaera bati erantzuten dio horrek». Sistema hedatzen ari dela nabarmendu du: «Duela urte batzuk, Bilbon oso arraroa zen; hiri handiagoetan gertatzen zela uste genuen, baina gero eta gehiago zabaltzen ari da orain, batez ere etxeetan».

Plazak kluben jabeek edo kudeatzaileek antolatzen dituztela azaldu du Askabidekoak. Emakumeak klubean bertan bizi dira 21 eguneko lanaldia egiten ari diren bitartean: «Bertan lo egiten dute, bertan jaten, eta euren beharrizan guztiak bertan asetzen dituzte, klubaren dinamikaren barruan. Plaza bat egiten ari direnek ez dakite ezer inguruaz». Etxeetan gauza bera gertatzen da: «Egon daitezke etxe batean Bilbon, eta ez jakin etxe azpian supermerkatu bat dutela. Haien lehentasuna da 21 egunez egon eta ahalik eta diru gehien lortzea».

NON?

Kaletik klub eta etxeetara

Kaleko prostituzioa makal zegoen lehendik ere, eta, orain, ia erabat desagertu da. Hala erakusten dute datuek, baita elkarteetako kideek azterturiko egoerak ere. Koro Ormaetxea Nafarroako Abiatze elkarteko kideak, adibidez, azaldu du anitz gutxitu dela Iruñeko kale prostituzioa: «Garai batean, ikus zenitzakeen hamasei emakume aldi berean. Orain, berriz, gehienez lauzpabost ikusten dira. Jende gutxiago dabil, argi eta garbi». Saharaz hegoaldeko Afrikakoak dira Iruñean kalean ari diren gehienak, eta Europara iristeko ordaindu behar izan duten zorra —50.000 eurorainokoa izan daiteke— ordaintzeko egiten dute lan prostituzioan: «Zorra kitatu ostean, utzi egin ohi dute».

Bilbon ere jatorri horretakoak dira kaleko prostituten %59. Hiriburu hori da karrikako prostituzioari kopuru esanguratsu batean eutsi dion Euskal Herriko leku bakanetako bat. Lodeirok azaldu duenez, Bilboko Udalak 2010ean espazio publikoa arautzeko onartu zuen ordenantzaren ondorioz, Miribilla auzotik atera egin zen kaleko prostituzioa, baina Gorte kalean, aldiz, mantendu egin da: «Prostituzioa auzoaren parte da, prostituta asko bertan bizi baitira; oso integratuta daude». Kexak, prostituzioak baino, arazo «zibikoek» eragiten dituztela zehaztu du: «Ozen hitz egiten dutelako, inoiz bezeroren batekin sartu direlako etxe atari batera...».

Horregatik, ordenantza salatu du: «Arazo horiei aurre egiteko bazeuden beste ordenantza batzuk —adibidez, zaratari buruzkoa—, baina justu egoera ahulenean zeuden andreen jardunari buruzko bat egin zuten». Gero eta eragin gutxiago du, halere: «Ez da erabiltzen zigortzeko: sortu zen urtean hamabost bat salaketa jarri zituzten; hurrengoan erdira jaitsi ziren, eta egun ez dago halakorik. Udaltzainek eurek esaten dute Bilbon ez dagoela prostituzio arazorik».

Gipuzkoan, berriz, kaleko prostituzioaren beheranzko joera etengabea ikusi du Lasherasek: «Hiru bat emakume gelditzen dira Irunen». Lapurdin, Angelun eta Miarritzen, bizpahiru gizon ari dira kalean. Eta Araban, hogei bat emakume. Horietan bai, udal ordenantzek, Frantziako lege zigortzaileak eta oro har Poliziaren jazarpenak eragin dute gutxitzea, edo hirietako erdiguneetatik kanpoaldeetara lekualdatzea. Gasteizen eta Iruñean, erraterako, industrialdeetan aritzen dira. «Ez dute nahi ikusgarri izan daitezen», salatu du Lasherasek. Mozal legearen ondorioz, are gehiago okertu da kaleko prostituten egoera: «Poliziari desobeditzeagatik zigortu ditzakete orain».

Baina, kalean ez badaude, non jarduten dute? Hego Euskal Herrian klubak eta etxeak dira prostituten jarduera eremu nagusiak: 83 klub eta 200 etxe inguru zenbatu dituzte elkarteek —etxeak askoz gehiago izan daitezke, baina zenbatzeko zailtasunak dituzte—. Gero eta nagusitasun handiagoa hartzen ari dira klub handiak, eta etxeak oro har. Klub txiki ugari itxi egin dituzte azken urteotan, hain zuzen. Eta, joera horrekin lotuta, handitu egin da prostituten mugikortasuna, Ormaetxeak azaldu duenez. «Etxeena in crescendo doa, eta, plaza sistemako klub handietan bezala, horietan ere mugikortasun handia dago, berritasunak funtzionatzen baitu. Erraztasun handiz muntatzen eta desmuntatzen dira etxeak».

Lasherasen erranetan, «denetik» dago etxeei dagokienez: «Batzuk 24 ordukoak dira; bertze batzuk irabazien %50era aritzen dira... Badira modu independentean antolatzen hasi direnak ere». Alde on eta txarrak ditu modalitate horrek, haren ustez: «Haientzat ona izan daiteke euren kabuz antolatzen badira. Baina batzuek bakarrik lan egiten dute, eta arriskutsua ere izan daiteke». Lodeiroren arabera, prostituzioa gero eta ikusezinago egiten dute bai etxeek eta bai klub handiek, eta horrek ez du laguntzen: «Gero eta zailtasun handiagoak ditugu lokaletara eta, batik bat, etxeetara heltzeko». Etxeetako eskaintza bera ere aldatzen ari dela azaldu du: «Logelen alokairu soila zabaltzen ari da: hartara, logela alokatzen duen pertsona prostituzioarekin lotutako jarduera orotik bereizten da». Antzera gertatzen ari da klub handietan: hotel gisa funtzionatzen dute, eta gela erabiltzeagatik kobratzen diete andreei.

Iparraldean klubak eta etxeak debekatuta daudenez, prostitutek telefonoz edo Internetez jartzen dituzte hitzorduak, eta hoteletara edo leku partikularretara joaten dira zerbitzua ematera.

NONGOAK?

Atzerritik etorriak

Euskal Herriko prostituta gehienak atzerritik heldutakoak dira, eta horien artean nagusi dira Hego Amerikatik etorritako emakumeak. Gibelean daude Europa ekialdekoak, afrikarrak eta asiarrak. Euskal Herrian sorturikoen ehunekoa handitu egin da azken urteotan, baina Lasherasek dio kontuz ibili behar dela datuokin: «Etorkin asko beren herrialdeetara itzuli dira». Nafarroako Abiatze elkarteko Kepa Astrainek ere joera bera antzeman du: «Anitz sorterrira itzuli dira, edo Europako bertze herrialde batzuetara joan dira, nahiz eta haietan prostituzioa debekatua egon».

Uste okerraren kontra, bertzalde, gero eta gehiago dira paperak dituztenak. Gipuzkoan, erraterako, prostituten %62 daude egoera erregularrean; Araban, %69. Arazo handiagoak dituzte osasun txartela lortzeko. Eta hori ere mugikortasunarekin lotuta dago. Izan ere, osasun txartela lortzeko, erroldatuta egon beharra dago, eta, erroldarekin txartela aterata, erkidego horretarako balio du soilik. Hori ez dator bat prostituta anitzen errealitatearekin. Lasheras: «Asko ezin dira erroldatu lan egiten duten etxe berean, eta horrek eragiten du batzuetan hemen aritzea lanean baina Madrilen egotea erroldatuta». Lodeiro: «Plazak egiten dituztenek, oro har, ez dute osasun txartelik izaten, edo, edukiz gero, erroldatuta dauden erkidegokoa daukate». Osasun zerbitzuak erabiltzeko zailtasuna dakar horrek, edo zerbitzuok ordaindu behar izatea.

ZERGATIK?

Premia ekonomikoa

Diru premia da andreak prostituziora bultzatzen dituen arrazoi nagusia, bakarra ez bada. Alegia, diru gehien lanbide horrek ematen dielako hautatzen dute anitzek, «aukeren» artean dituzten bertzeen aldean. Gainera, diru iturri hori ez da izaten prostitutentzat bakarrik: sexu langile anitz beren familiaren sostengu ekonomikoa dira. Arabako datua honako hau da, erraterako: lurraldeko prostituten %65ek dituzte seme-alabak, eta haietatik %56k mantentzen dituzte ekonomikoki. Migrazioarekin dago lotuta sostengu hori, maiz. «Prostitutak beren jatorrizko herrialdeak mantentzen ari dira», erran du Lasherasek. Zaintza lanak egiten dituzten andreekin parekatu ditu: «Egoera horretan dauden andreek bi aukera izaten dituzte: oso lan gogorrak egin —eta hor sartzen da prostituzioa—, edo gaizki ordainduak. Ahal duguna egiten dugu emakumeok».

Bide beretik doa Ormaetxea ere: «Prostituzioan ari diren gehienek ez zuten pentsatzen sekula hori eginen zutenik». Baina aukera gisa suertatu zaie, eta horretan dihardute: «Edozein emakumeri gerta dakiguke inoiz prostituzioan aritzea». Seme-alabak ez ezik, familiako bertze kide batzuk ere ekonomikoki mantentzen dituztenak badira, eta, estigmaren eraginez, anitzek ezkutatu egiten diete zein den bidaltzen dieten diruaren iturria. Lodeiro: «Krisi uneren batean familiei aitortzen diete, eta, askotan, senideek harremana mozten dute haiekin, baina gero erlazioa berriro abiatzen dute, dirua heltzen zaien heinean. Jaioterrian duten senideekiko harremana diruan oinarritzen da: etengabe bidaltzen diete». Horrek, era berean, prostituzioarekiko mendekotasuna sortzen die andreei: «Denbora pasatzen da, eta, konturatzen direnerako, jada euren beharra ez da haurren ikasketak edo gurasoen ospitalea pagatzea, baizik eta seme-alabek sakelako edo motor onena edukitzea».

Azken urteotako egoera ekonomiko apalak ere jo ditu: jaitsi egin da bezeroen eskaria, elkarteek nabaritu dutenez. Beraz, prostituzioan aritzen direnek lan gutxiago dute, ala prekarioagoa. Ormaetxea: «Prostituzioan ari ziren batzuek orain nahiago dute lehen nahi ez zituzten lan batzuetan ibili; adibidez, adinekoak zaintzen. Zeren, prostituzioan aritzea 800 euro irabazteko bada, ez baitute nahi; normala da». Egoera ekonomikoaren itzala gizarteko bertze sektoreekin batera doala berretsi du Lodeirok: «Krisiak gizarteari eragiten dion neurrian eragiten dio prostituzioari; hau da, ezin dugu prostituzioa aztertu gizartetik kanpo».

Behartuta aritzen diren emakumeak ere badaude: sexu esplotaziorako saldutakoak. Lodeirok azaldu du salerosketaren fenomenoa «konplexua» dela: «Gure inguruan ere badago errealitate hori, baina oso zaila da atzematen». Eragileek ez dakite zenbat andre dauden egoera horretan. Izatez, prostituzioari buruzko posizio politikoen arabera erabiltzen dira datuak: abolizionistek diote prostituten %90 salerosiak direla; erregulazionistek, berriz, gutxiago direla. Mugak lausoak direla erantsi du Askabidekoak: «Espainiako Gobernuak salerosketaren aurkako plana abiatu zuenetik, kasu gehiago agertu dira, baina, halere, nahaste handia dago, arrisku adierazle batzuk —mugikortasuna, adibidez— berezkoak dituelako prostituzioak egun. Eta definizioz salerosketatzat hartzen ez diren kasu askotan ere gehiegikeriak daude».

NORENTZAT?

Gizonak bezero

Sexu zerbitzuak eskaintzen dituztenak emakume, transexual zein gizon izan, gizonezkoak dira haien bezeroak. Hortik aurrera, alta, oso zaila da bezero soslai bat zehaztea, elkarteen ustez. Edozein gizon izan daitekeela dio Ormaetxeak: «Anitz dira, eta gure inguruan daude». Bide beretik jo du Lasherasek: «Gizon gehienak joan dira inoiz putetara». Estereotipoak badaude, ordea: adibidez, bezeroak adin batetik gorakoak direla. Lodeirok gezurtatu egin du: «Adinaren arabera, agian jardun desberdina izango dute. Zapatu gau batean Trapagarango klubetan ez dira egongo 40 urtetik gorako asko, baina astearte arratsalde batean bai». Askabidek Bizkaiko bezeroei buruz 2008an kaleratutako ikerlanak azaleratu zuen anitz direla bezero gazteak: 30 urte baino gutxiago zituzten %11,7k, eta 30 eta 40 urte artean %44,7k.

Nabarmentzekoa da, bertzalde, gizon ugarik eskatzen dutela preserbatiborik gabeko sexu harremanak izatea; bezeroen %76,9k, Askabideren ikerketaren arabera. Lodeiroren arabera, hori da prostituzioan dihardutenen arazo nagusia. Ez bakarra. Azken urteotan gora egiten ari baita beste joera bat: bezero ugarik eskatzen diete prostitutei haiekin batera drogak kontsumi ditzatela; erraterako, kokaina. Eta, azkenik, erasoak. «Gorte kalean, sarri gertatzen dira irainak: autoetatik denetik esaten diete, listua botatzen diete...». Zenbaturiko eraso fisikoak urriak dira, baina horiek detektatzea zaila dela salatu du Lodeirok: «Genero indarkeriaren aurkako [Espainiako] legeak ez ditu jasotzen». Prostitutek ere normalizatuta dauzkatela dio: «Guretzat harrigarria da, baina haiek barneratuta dauzkate arrisku horietako zenbait, eta ia normaltasunez hitz egiten dute bezeroen indarkeriaz, erasoak prostituzioan lan egitearen parte balira bezala».

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA