Nekane Txapartegi LIBRE

Nekane Libre plataforma sortu dute. Txapartegik bizi duen egoeraren inguruko "kezka" agertzeaz gain, bere askatasuna eskatu eta estradizio eskaerari "ezetz" esanez hasi dute ibilbidea.

Sinadura bilketa martxan dute.

Agerraldiari buruzko informazioa: Maier Ugartemendia - Ataria.info

Arantxa Asurmendi izan da hitza hartzen lehena eta Suitzako espetxe batean preso dagoen asteasuarrak honaino heldu arte izan duen egoera politikoari errepasoa egin dio. Izan ere, Txapartegi, 1999an atxilotu zuten, "Baltasar Garzon instrukzio epaileak sortutako Todo es ETA tesia jarraituz". Atxiloketa hura euskal independentisten aurka azken hamarkadetan izan den "estrategia berri horren hastapena" izan zela, eta independentismoa lortzen ari zen bultzada "errotik moztea" helburu zuela salatu du.

Horretarako, Guardia Zibilaren ikerketaren arabera "pertsona bat susmopean" jarri zuten, eta atxiloketa burutu zuten Asurmendiren esanetan.  Gainera, Txapartegiri inkomunikazioa "inpunitate guztiarekin" burutu eta komunikabidek "justifikazio lana" egin zutela gaineratu du. Auto-inkulpazioa lortzeko, berriz, "torturaren beharra eta erabilera" egon zela ere salatu dute: "Nahiz eta tortura egon dela salatu, ez judikaturatik, ez eta botere politikotik ere inork ez du salaketa larri horien aurrean bere erantzukizuna erakusten". Halaber, 19/98 sumarioan, Txapartegi epaitua izan zenean, "juridikoa gutxi eta politiko asko duen epaiketa" burutu zela azaldu dute, eta gogoratu bertan 62 euskal militante independentista epaitu zituztela, 16 hilabetez, Madrilen. bertan fiskalak eskatutakoa baino zigor "altuagoa" ezarri ziotela salatu dute, hasiera batean Auzitegi Nazionaleko epaileek 11 urtekoa, eta ondoren Auzitegi Gorenak 6 urte eta 9 hilabetekoa.

EMAKUME MILITANTEA

Mikel Egibar, plataformako kideak, Txapartegi "gure herriaren eskubideen defentsan borrokatzea erabaki zuen emakumea" dela adierazi du; "torturak eta espetxea" ezagutu ondoren, "bederatzi" urtez erbestea ezagutu duena, eta tartean ama izan dena.

Orain bere alabarengandik "banandu" eta Suitzako espetxe batean "giltzaturik" daukatela salatu dute, "Suitzako epaileek estradizioa ebatsiko duten zain". Eta egoera horren aurrean, Txapartegik "berak nahi duen lekuan, nahi duen pertsonekin (bere alabarekin bereziki) bizitzeko eskubidea" aldarrikatzen duela jakinarazi dute. Gainera, egoera honetan espainiar estatuak erabiltzen dituen argudioak "erabat arbitrarioak" direla eta egun "Ezker Abertzaletik garatzen ari den estrategiatik urrun" daudela azpimarratu dute. Honela, garai berri horri "aukerak eteteko" helburua dutela salatu dute.

Aldiz, euskaldunek "askatasunean eta bakean" bizi nahi dutela, eta "geure buruaren jabe" izan nahi dutela aldarrikatu dute.

Honenbestez, plataformatik hiru eskaera nagusi helarazi nahi izan dituzte:

1. Txapartegi "ez estraditatzeko" eskatu diote Suitzako Gobernuari. Izan ere, espainiar estatuan "ez dago oinarrizko eskubideen errespeturako bermerik" euren esanetan, "alderantziz, salbuespen legedi eta epaitegiak" daude, eta egoera horretan "inor ezin dela epaitu" uste dute. Estraditazioari aurre egiteko sinadura bilketa zabala abiatu dute.

2. Txapartegiren senideei egoera honek sortzen dizkien gastu ekonomikoei aurre egiteko, "sostengu ekonomikoa eskaintzeko elkartasun bideak" landuko dituztela jakinarazi dute.

3. Txapartegik libre egon behar duela aldarrikatu dute: "Euskal preso politikoei ezartzen zaien salbuespen egoerarekin amaitu!".

Mezu hau "Aiztondo bailara osoan zein Euskal Herrian" zabaltzen saiatuko direla jakinarazi dute, eta "eskerrak" eman nahi izan dizkie ·laguntza eta babesa" eman dieten pertsonei. Bestalde, lagundu nahi duten herritarrak plataforman "ongi etorriak" izango direla jakinarazi dute.

 

Txapartegik Suitzatik bidalitako agurra irakurri nahi izanez gero, jo Ataria.info-ra.

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA