Defendatzea zeure burua maitatzea da

Emakume izateagatik jasaten zituen erasoak grabatzen hasi zen Alicia Murillo Ruiz, eta ezagun egin dira sarean. Halako egoeretan defendatzen irakasteko, tailer bat eman du Donostian.

Iturria: Ihintza Elustondo - Berria

Artista, aktibista eta etxekoandrea da Murillo Ruiz (Sevilla, Espainia, 1975). 13 urte zituenean hasi zen eraso sexistak sufritzen: lausenguak, begiradak, ukipenak... Urte askoan isilik egon bazen ere, erasotzaileak grabatzeari ekin zion 2012an, El Cazador Cazado proiektuan (Ehiztari ehizatua). Egun, izen bereko tailerrak ematen ditu.

Zer desberdintasun dago piropo baten eta eraso baten artean?

Batetik, zentzu komuna dago, zentzu guztien artean komunetik gutxien duena. Eta, bestetik, lausengua jasotzen duenak jartzen du beti neurria. Zalantza minimo bat baldin badaukat esango dudanarekin aurrean dudan pertsona deseroso sentituko ote den, zergatik esan? Elkar ezagutzen ez badugu, zalantza ugari daude laudorioaren adostasunaren inguruan. Ulertzen dut horrek sedukzioari espontaneotasuna kentzen diola, baina ez dut uste seduzitzeko asmoz egiten dutenik. Eremua markatzeko egiten dute. Ulertarazteko espazio publikoa maskulinizatutako espazio bat dela eta guk beldurra izan behar dugula. Gizon batek limurtu nahi bazaitu, ez dizu kalean zerbait esaten; beste bide batzuk baliatuko ditu. Ez dut ezagutzen emakumerik «a ze titiak dituzun!» entzun eta gizon horrekin ohean amaitu duenik.

Gizonek askotan esaten dute loreak entzutean emakumeek poztu egin beharko luketela.

Horrelako iruzkinak egitean, ez gaituzte emakume moduan ikusten. Uste dute geure buruarekiko dugun irudia gizon baten iritziak baldintzatu behar duela. Nik ez dut haien iritzirik behar neure buruaren irudi on bat izateko. Nik badakit asko balio dudala, eta ez dauka gizon batek esan beharrik. Nolabait, gure gainetik jartzen dira.

Emakume bat gizon bati aurre egiten saiatzen denean beti gauza bera gertatzen dela diozu: erasotzaileak beldurtu egiten direla.

Arrazarekin gauza bera gertatzen da. Zergatik ez diegu utzi nahi sartzen Siriako errefuxiatuei? Beldur handia dugu, haiekin oso gaizki portatu garelako. Pertsona horiek gure erruz daude dauden egoeran. Ezezaguna denak beldurtzen gaituela diote, baina ezagutzen dugunak ere beldurtzen gaitu. Gauza bera gertatzen da gizonekin. Akordio bat dute beren artean emakumeok kalean beldurra izan dezagun.

Gaizki ari direla esanez gero, barkamenik eskatzen al dute?

Gehiago jotzen dute justifikaziora, lagunari errua bota, ihes egin... Ez diote biktimari aurre egin nahi; bat-batean, biktima izateari utzita, bere burua defendatzen ari delako, duintasunez. Gizonei ispilu bat jarri zaie aurrean, eta beren miseriak ikusten dituzte islatuta.

«Erasotzaile izatea maritxu izatea baino onartuago» dagoela esan izan duzu. Zerren ondorio da hori?

Badakite gizartean piramide bat dagoela, eta gizon zuri heterosexuala dagoela goi-goian. Piramideko maila baxuenean daudenei eraso egiteak botere handiagoa emango dizu, eta pribilegio gehiago gozatu ahalko dituzu. Aldiz, estamentuz jaitsiko zaituen elementuren batekin identifikatzen bazara, pribilegioak galduko dituzu. Erasotzaile izateak ez dizu pribilegiorik kentzen, baina homosexuala izateak, bai.

Oldarkortasuna bideratzeko tresnak lantzen dituzu ikastaroetan...

Arrisku baten aurrean gaudenean, adrenalina eta beste osagai kimiko batzuk sortzen ditu gorputzak. Baina, kulturalki, emakumeoi erreakzio hori ukatu zaigu. Adrenalina hori guztia tragatu dugu, eta baita homosexualek ere. Kontua da erreakzio biologiko hori onartzea, eta ez pentsatzea pertsona txarragoak garenik defenditzen bagara. Defendatzea zeure burua maitatzea da.

Mikromatxismoaren kontzeptua gorroto duzula diozu. Zergatik?

Erasoak mailakatzearen oso aurka nago. Uste dut neurria erasoa jasotzen duenak jartzen duela. Denetarik ikusi dut: indarkeria psikologikoak traumatizatutako emakumeak tokatu zaizkit, eta baita aitak bortxatutako emakumeak ere, oso ondo daudenak, gainditzea lortu dutelako. Orduan, zer da mikromatxismoa? Aurrekoan, batek idatzi zidan ez zela etxetik irteten esanez, ahozko erasoen beldur zelako. Niri ezin didate esan hori mikroeraso bat denik, pertsona bat modu makro batean baldintzatzen baitu.

Bideoak ezabatu dizkizute, mehatxatu egin zaituzte... Ez duzu aktibismoa uzterik inoiz pentsatu?

Ez, horregatik ez, behintzat [barrez]. Non bizi naizen eta emakume zuria naizela kontuan izanda, zer egingo didate? Ezer ez. Posizio pribilegiatu bat dut, eta, atzetik, babesten nauen talde bat. Mehatxatzen nautenean, publizitatea besterik ez didate egiten. Ez dizut esango atsegina denik egunero irainak eta mehatxuak jasotzea, eta ez dut normalizatzen. Hasieran, gehiago eragiten zidan, baina konturatu naiz ez dutela inongo botererik. Norbaitek hil nahi banau, ez dit Twitter bidez esango. Hiltzaileak etxean ditugu, eta gure ondoan lo egiten dute.

ETIKETAK

Elkarbanatu!