Korapila gaitezen askatzeko!

Ekainak 11 Uribe Kostako agenda morean letra larriz markatu dugun eguna. Eskualdean, feminismoak saretu gaituenon egun handia, urte osoko lanaren osteko uzta jasoko duen jaialdian. Goizetik hasita prestatu dugun ekintza sortak Erandioko kale izkina bakoitza emakume antolatuen indarraz bustiko duena.

Txoko desberdinetako emakume antolatuen nahiei erantzunda sortu den ekimena da, herriarteko harreman sarea sendotzeaz gain, borroka feministaren aldarriak indartu nahi dituena. Gogoeta xumeek sortu duten ideia erraldoia, aurre erreferenterik gabe erein dena eta hemendik aurrerakoei bultzada neurrigabea emango diena. Dantzatu ezin den iraultza ez denez gure iraultza izango, jaialdi formatuan batzea erabaki dugu, kontzertu eta musika ekimenez gain, egunean zehar adierazpen desberdinen topagune izango delarik, arte ekintzetatik monologoetara, performanceetatik poesi xuxurlatura.

 

Asko gara orain arte saretu garenak baina askoz gehiago izango garela badakigunez, gonbidapena luzatzen dizuegu, adin, gorputz, jatorri desberdinetakoak zaretenoi, garenoi. Gorputz anitzen matxinada feministaren topagune izango den jaialdian denak gara ongietorriak.

 

Anima zaitezte!

 

https://www.facebook.com/Uribe-Kostako-Jaialdi-Feminista-1513289698979023/?fref=ts

ETIKETAK

Elkarbanatu!