"Geuk hezi, geuk teorizatu" iritzi artikulua

ARTIKULU HAU POLITIKA, SINDIKATU, GIZARTE MUGIMENDU, UNIBERTSITATE, KULTURGINTZA, KAZETARITZA, ENPRESA ETA BERTSOLARITZAREN EREMUKO HONAKO HAUEK SINATU DUTE:  Jule Goikoetxea, Kattalin Miner, Irantzu Varela, Zuriñe Rodriguez, Danele Sarriugarte, Onintza Enbeita, Irati Sarasua, Leire Palacios, Maialen Aranburu, Malen Aldalur, Josebe Iturriotz, Estitxu Garai, Günes …ztürk, Nagore Uriarte, Andrea Etxenagusia, Nagore Iturriotz, Ana Iruretagoyena, Elena Sanchez, Bea Egizabal, Irati Urkiola.

Gizon-emakumeek kapital ekonomiko, kultural eta sinboliko bera izan dezatela desio du ezkerrak, betiere gizonek espaziorik, ahotsik, posturik, proiekturik eta protagonismorik uzteke. Argaldu nahi izatea bezala, mauka-mauka jaten jarraituz.

Askok onartzen dute erdia sobran dagoela; hala ere, inork ez du bere tokia uzten. Zenbait ahotsen arabera, pedagogia behar dute isiltzen ikasteko, eta bigarren planoan egoten ikasteko. Gizagaixoak. Gure birramonen, amonen eta ama feministen pedagogiari ez zioten jaramonik egin, nonbait. Ezin izan zieten gizonei sinetsarazi hura pagotxa dibino itzela zela, dohainik zaintzea, garbitzea eta zerbitzatzea, nahiz eta beste batzuek kobratu. Gizagaixoak. Protagonista izaten erakutsi zieten. Horregatik, emakumeak dira haurrak dohainik hezte aldera lanaldia murriztea eskatzen duten langileen %84. Bi aukera daude, hortaz: herri honetako familia guztiak eskuindarrak eta katoliko-apostolikoak dira, ala, bestela, patriarkalak dira. Eta ez dago zin egin beharrik, hortxe dauzkagu-eta zenbakiak: EAEn, emakumeok doan egiten dugun lanak osatzen du BPGaren %30. Probabilitate hutsez, horrek esan nahi du etxe gehienetan (baita zuen etxeetan ere) ez dagoela parekoen arteko harremanik, baizik eta zerbitzariaren vs jauntxoaren artekoa. Herrialde honetako gehiengoak bere burua ezkertiartzat hartzen du, soziologikoki; beraz, herrialde honetako gehiengoa gezurretan ari da, lotsarik gabe.

Askapenaz eta demokraziaz mintzatzen da ezkerra patriarkatua aipatu, eta ulertu, gabe. Demokrazia unibertsala delako, feminismoa ez. Jarraitu, bada, sistema ekonomikoaz mintzatzen kapitalismoa aipatu gabe. (Barre-algarak).

Hainbat gairi buruz hitz egiteko deitzen diguzue, hala nola «sektore feminizatuaren prekaritateaz» (hots, «alua edukitzeagatik esplota zaitzatela») eta alokairu-uteroez; ar zuri adin ertainekoak dira, ordea, ardatza demokraziaz, gatazkaz, justiziaz, ekonomiaz, kulturaz, kirolaz eta teknologiaz hitz egitean.

«Alor horretan ez dago emakumerik», esaten diguzue, eta zuen arrautzak espazio publikoaren erdian iltzatzen.

«Ez dago emakumerik», esaten diguzue, nahiz eta herrialde honetako jende gehiena eta lizentziadunen %60 emakumeak izan, aspalditik.

Botereguneetan «ez dago emakumerik» ez diguzuelako autoritaterik aitortzen. Halakoxe xinplea da. Ez du Jainkoak egunero antolatzen agertoki patriarkala, ez ditu Jainkoak banatzen umiliazioa eta ezaxola, zuek zeuek zuzendu, bizi eta txalotzen dituzuen komunikabide, antolakunde, enpresa eta instituzioetan. Ez dira betiko harroxkoak, baizik eta patriarkatu progre iraultzailea.

Ezkerreko sindikatuek, akademiak, mugimenduek eta alderdiek gizonak gonbidatzen dituzte beren ekitaldietara: %80. Aniztasunaren eta berdintasunaren zale kartsu horien mesanotxeko intelektualen %99 gizon zuri heterosexualak dira. Eta, heterosexualitatea, kamarada maiteok, ez da pultsio bat. Heteroaraua ideologia bat da. Berdintasuna nahi duzue, hala ere. Eta desobedientzia. (Eta guk trago bat).

Askapena, Demokrazia eta Iraultza proposatzen duen subjektu berri hau, azkenean, Iraultza Frantsesa egin zuen subjektu iguala da: adin ertaineko gizon hetero zuria, familia heteroarautuko odolezko oinordetza eta ondorengoekin. Eta subjektu politiko «normal» horrekin bat ez bagatoz, orduan feminismoa ghetto bat da. (Barre-algarak).

Desobedientzia normalitate (hots, arau) zapaltzaileen aurkako praktika da. Subjektu «normala» guretzat gizon hegemonikoa da. Gorputz desobediente izateko hamaika modu daude. Hamaika modu, gorputz hegemoniko izateko. Gure ipurdiak ez badira zuen eserlekuetara egokitzen edo egokitu nahi (zuen antolakunde, proiektu, erritmo eta eskemetara), bada, orduan, ipurdiak aldatu bainoago, eserlekuak aldatu beharko dituzue.

Zuek partikularitatea eta partzialtasuna ikusten duzuen tokian, guk askapena ikusten dugu. Eta zuek unibertsaltasuna, ardatz artikulatzailea eta desobedientzia ikusten duzuen tokian, guk zakilak baino ez ditugu ikusten.

Ez duzue talentuagatik jasotzen gonbidapen, proiektu, soldata, jabetza, laudorio eta prestigio gehiena. Baizik eta zuen historiaren eta zuen bizitzen protagonista izateko duzuen fisionomia aproposagatik. Zientziaren eta jakintzaren subjektu eta objektua da zakila daramana. Lehenik, Jainkoa eduki zenuten (gizon zuri hetero eta adin ertainekoa, alajaina); gero, berriz, egia (Jainkoa baino zertxobait iletsuagoa), eta, orain, subjektu postmodernoa (kuadrillako beste lagun bat). Fisionomia egokia daukazue kutxak, alderdiak, sindikatuak, komunikabideak, enpresak eta baita gobernuak izateko ere. Soldata handiagoak dauzkazue, espazio publiko, kontaktu, titulu, diru eta egitura gehiago.

Zuen fisionomiagatik ez daukazuena, eta sekula izango ez duzuena, geure legitimitatea da.

Sortzen eta esaten dugun oro (militantzian, enpresetan, antolakunde eta instituzioetan, akademian, etxean eta kalean) hartzen duzue, eta axolagabeziaz tratatzen, sistematikoki sektorializatzen: patriarkala da hori. Sexista da. Misoginoa da. Politikoa da. Ez da askatzailea, ez desobedientea, ez demokratikoa. Eta ez duzue zeuek erabakitzen zer den politika patriarkala. Geuk erabakitzen dugu hori.

Patronalari ere ez baitiogu autoritaterik ematen, lan duina zer den erabaki dezan.

ETIKETAK

Elkarbanatu!