Ezin duzu feminismoa egin islamarekin

Wassyla Tamzali abokatu aljeriarrak erlijioa kontrol modua dela salatzen du. Haren ustez, erlijioaren egitekoa ez da feminismoa eta ez da demokrazia. Feminismoa berriz, ez da moralaz ari, askatasunaz baizik.

Wassyla Tamzali (Béjaia, Aljeria, 1941) emakumeen aldeko aktibista da. Unescoren hainbat egitasmo landu ditu azken 20 urteotan. El Diagonal agerkariak elkarrizketa egin dio. Kazetariak, besteak beste, ondoko galdera egin dio: Zer iritzi duzu feminismo islamiarraz? Galdera horren erantzuna itzuli eta hona ekarri dugu.

Iturria: Onintza Irureta Azkune - Argia

Zer iritzi duzu feminismo islamiarraz?

Ez dago. Ezinezkoa da. Musulmana eta feminista izan zaitezke, baina ezin duzu feminismoa egin islamarekin. Hasteko, erlijioaren egitekoa ez da feminismoa eta ez da demokrazia. Ezin dugu espero erlijioak ez dagokiona egitea. Erlijioak espiritualitatera eramaten du edo moralera, eta alde edo kontra egon zaitezke. Feminismoa beste gauza bat da. Feminismoak ez du moralaz hitz egiten. Askatasunaz ari da.

Historikoki, kristautasuna adibide hartuta, mugimendu feministak bortizki aurre egin behar izan dio Elizari, aurrera egin ahal izateko. Adibidez, abortuan edo dibortzioan. Momentu batean, ideia kontserbadore horretatik aterata baino gainditu ezin den oztopoa dago erlijioan. Poligamiaren kontra al zaude? Orduan esan ezazu poligamiaren kontra zaudela, esan “musulmana naiz baina poligamiaren kontra nago nire kontzientziak debekatzen didalako”. Ez da azaldu behar poligamia islamaren interpretazio oker bat dela. Baina feminista islamiarrek 70eko urteetan ikusi genuen diskurtso zaharra berreskuratu dute, azaltzeko poligamiaren tokia Koranean eta esateko ez duela existitzen.

Interpretazioan egiten duten lana 70eko hamarkadan egin zen eta 30 urtean dena azaldu zen, hizkuntzalaritza ere erabili zen, bitarteko moderno guztiak erabili ziren, Koranean idatzita zer dagoen azaltzen saiatzeko, emakumeen aldeko gauzak ateratzeko. Zergatik egin zen? Jainkoan eta erlijioan sinesten zuten emakumeengana iritsi nahi zuten. Emakume haiei hitz egin behar zitzaien eta argumentuak eman. Baina pauso gehiago emateko beharrik ez zegoenean, erlijioa albo batera uztea erabaki zen, zeren islama ezin da murriztu interpretazio juridikora, eta islamaren helburua ez da familia erregulatzea.

Bigarrenik, arriskutsua da. Hasteko, feminismoari zilegitasuna kentzeko jaio zen mugimendua delako. Eta mundu arabiarreko emakumeez hainbat irudi biltzen ditu. Hedabideetara jota, emakumeak hedabideengana doaz eta hedabideak haiengana. Gaur egun nolabaiteko konspirazio orokorra dago emakume arabiarra zapidun emakume irudika dadin, baina zapia zapalkuntza sinboloa da, alde batetik edo bestetik begiratu. Ni ez nago zapiaren aurka, zapiari buruzko diskurtsoaren aurka nago. Zapalduta egon nahi duen emakumeak hala egiteko eskubidea dauka, ezin dut aske izatera derrigortu, baina zapiaz askatasun-diskurtsoa egitea arriskutsua da.

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA