Ipar Irlandako hiru emakumek poliziari aitortu diote abortatzeko pilulak hartu dituztela

Hiru emakumek abortatzeko pilula ilegalak hartu dituztela adierazten duen idatzi bat aurkeztu dute Derryko polizia etxean, Ipar Irlandako abortuaren lege murriztailearen aurkako protestan.

Iturria: Ane Urkola Agirrezabala - Argia

Diana King, Collete Devlin eta Kitty O`Kane abokatuarekin batera aurkeztu dira polizia etxera. Hiru emakumeek idatzi bat eman diete poliziei, eta hor azaldu dute zergatik lortu dituzten pilulak.

King da horietako bat eta 72 urte ditu. Oso “haserre” dago emakumeen aurka martxan jartzen ari diren prozesamenduekin: “Barkaezina da nola tratatzen ari diren emakumeak. Poliziarengana etorri naiz esatera abortatzeko pilulak lortu ditudala behin baino gehiagotan”, adierazi du.

Kingek nabarmendu du ez duela inoiz deliturik egin. Pilulak ez dira substantzia pozoitsuak eta Munduko Osasun Erakundeak ere “ezinbesteko” botikatzat jo ditu, azaldu duenez. Kartzelara joateko arriskua dutela badakite, baina “argi” defendatuko dute ez dutela ezer txarrik egin.

Ekintza hainbat emakumek jasandako erasoen ondorio izan da. 21 urteko neska gazte batek abortatzeko pilulak erosi zituen eta epaileak erruduntzat jo zuen. Pozoi bidez abortua praktikatzea egotzi zioten eta hiru hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten.

Ez da kasu bakarra; beste emakume batek ere Ipar Irlandako epaitegi batean aurkeztu behar du ekainean, nerabe bati emateko pilulak lortzea leporatuta.

Ipar Irlandan debekatuta dago abortua

1861etik indarrean dagoen lege “murriztailea” aldatzea da ekintza horren helburua. Abortua legez kanpo dago Ipar Irlandan, “emakumearen bizitza arriskuan dagoenean” edo " haurdunaldiak emakumeari eritasun mentalak edo fisikoak sor diezazkiekeenean" izan ezik.

Ipar Irlandan abortatu nahi dutenek bi aukera dituzte: kanpora joatea edo pilulak hartzea. Alde batetik, Gales edo Ingalaterrako ospitale pribatu batera joan daitezke abortatzera –osasungintza publikoak ez ditu artatuko Ipar Irlandakoak izanez gero–, horretarako nahikoa diru badute: 1.000-2.000 libera inguru (1.300-2.600 euro).

Beste herrialde batera joatea erabakitzen duten emakumeak ez dute inolako lege hausterik egiten. Aitzitik, pilulak hartzea erabakitzen duenak zigortua izateko arriskua du. 1861eko legearen arabera, biziarteko kartzela zigorra ere eragin dezake pilula hartzeak.

Hori da, hain zuzen, ekintzaile horien aldarrikapen nagusia: lege bat aberatsentzat egina dago, eta beste bat txiroentzat.

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA