Gure bizitzak ez doaz filmen bidetik

Ikus-entzunezko edukiak genero ikuspegitik ikertu ditu Rut Iturbidek. Gizarte zientzietan doktorea, zuzenbidean lizentziaduna, lan heziketan diplomaduna eta generoan aditua da iruindarra.

Iturria: Iker Tubia - Berria

Utopia erromantikoari buruz mintzatu da Rut Iturbide (Iruñea, 1978) Katakrak liburu dendan, MIRaN foroaren aurkezpenean, lepo beteriko aretoan. Tesia utopia erromantiko garaikideaz eta ikus-entzunezko fikzioaz egin zuen, betiere genero ikuspegitik.

Utopia erromantikoaz mintzo zara. Zergatik utopia?

Kontzeptu kritikoa da, Mari Luz Estebanek Crítica del pensamiento amoroso [Maitasun pentsamenduaren kritika] liburuan dioenari jarraiki: utopia fantasia gisa ulertuta, ez helburu gisa. Utopia iruzur gisa. Elena de Simonek ere horretaz dihardu. Maitasun desengainua engainutik ateratzea bada, positiboa beharko luke, baina ez da horrela erabiltzen.

Horren erdigunean laranja erdien mitoa dago.

Platonen Oturuntza-tik arrastaka dakarkigu, baina gure gizarteak ez dio mito horri erantzuten. Oso eredu murritza eta murriztailea erakusten digute ikus-entzunezkoek.

Bikoterik gabe, bakarrik omen daude pertsonak...

Arraroa da bakartasunaren kontzeptu hau; izan ere, gizarteak eskatzen dizu zeure burua kudeatzea, independente izatea... indibidualizazio argia izatea. Balio komunitario oso garrantzitsuak galdu ditugu horrela. Eskatzen digute oso indibidualak izatea, baina soltero ez egotea. Emakumeei batik bat, ez zaigulako barkatzen bikoterik ez izatea.

Gizarte modernoaren bidea eta utopia erromantikoa kontraesanezkoak dira, beraz.

Gizarte modernoak estrukturalki oso anbibalenteak dira. Adibidez, oso arrazionalak izan behar dugu, baina iragarkiak emozioez ari dira. Beti gabiltza kontraesanetan. Ikus-entzunezkoetan oso argia da hori, eta hedabideetan oro har. Utopia erromantikoa ez da ezberdina, baina erabili da arrakalak estaltzeko. Maitasunagatik emakume askok lan ibilbidea eteten dute, edo lanaldia murrizten dute. Gizon asko fabriketako gai kimikoen erasanpean bizi dira, familiarekiko maitasunagatik. Beraz, maitasunaren ideia horrek ongizaterik ekartzen ez diguten gauzak estaltzen ditu.

Maitasun erromantikoa eta merkatua elkar loturik daude?

Utopia erromantikoa eta kapitala tradizionalki loturik egon dira. Bi prozesu nagusi eman dira modernitatean: maitasunaren merkantilizazioa eta kontsumo ondasunena. Dena merkantilizatu da, baita utopia erromantikoa ere.

Merkantilizazio horrek zein ondorio ditu pertsonengan?

Gaur egungo garai neoliberalean harreman interpertsonalak errotik aldatu ditu. Kapitalismoak gure gizartean izan duen lorpen handienetako bat zera da: bere irizpideak martxan jarri ditu gizarte bizitzako alor guzietan. Beraz, orain esaten dugu: «Harreman hau komeni zait, edo ez zait komeni, edo lagun hauek komeni zaizkit». Bankuetan bezala. Gaur egun, utopia erromantikoa elkartasunaren, justiziaren eta beste askoren gainetik dagoen balio soziala da. Horretaz gainera, merkantilizazio horrek sortzen ditu ezkontza merkatuak —ezkontzaren ideia kontzeptualaz ari naiz—. Eremu sexuala da jokalekua, eta saiatzen da ehizaki onena lortzen, preziorik txikienean. Gizon eta emakumeak lehiatzen dira hor, baina haien baliabideak desorekaturik daude. Genero estrukturak balio handiagoa ematen dielako gizonei.

Nola borrokatu daiteke etengabe jasotzen diren mezuen aurka?

Hausnarketa formatibo feministaren bidez. Bonbardatzen gaituzte, baina gero gure egunerokoak ez dio erantzuten dinamika horri. Bikotea duten emakume asko solteroak baina bakartuago sentitzen dira. Harreman askotan botere eta dominazio emozionala dago. Gure bizitzak ez doaz film horien bidetik. Orgasmoa batera izatea ez da erraza, ezta proiektu komun bat sortzea ere... Gainera, frustrazio handia eragiten dute. Gure benetako desirak zein diren pentsatu behar dugu. Baina badaude kantu eta telesail urratzaileak. Bestelako produktuak ere sortzen ahal ditugu.

Zer dute produktu horiek hainbeste jenderengana ailegatzeko?

Gidoilariek, normalean gizonak, errealitatea sortu eta birsortzen dute. Debate sozialean agertu diren gaiak hartu, eta eraldatzen dituzte estereotipoen bidez, jendea oso azkar identifika dadin. Hiru gauzarekin lan egiten da: ikuspuntua —normalean maskulinoa—, estereotipoak eta modeloen eraikuntza.

Askotan, ondorioek larritzen gaituzte, baina estereotipoak belaunaldiz belaunaldi igarotzen dira.

Jendea kezkatzen da gazteen harremanez, baina Aquí no hay quien viva edo Grey's Anatomy dira erreferentziak. Ezin ditugu eman sexu-genero sistemaren bermatzaile diren input kultural horiek, eta gero esan harreman parekideak izateko. Askotan, gazteekin telesailak ikusi behar ditugu. Ikus-entzunezko materialarekin lan egin behar dugu, haiek erabiltzen dituztelako.

ETIKETAK

Elkarbanatu!