Ahaztuenen ahotsek, entzutera dei

Tolosako Bizikidetza Foroak bake eraikuntzan ari diren emakumeen testigantzekin itxi du ikasturteko hitzaldi zikloa; Morena Herrera, Rosalina Tuyuc eta Irantzu Mendia izan dira hizlariak.

Iturria: Itzea Urkizu Arsuaga - Tolosaldeko Ataria

"Emakumeen aurkako indarkeria ez da gatazka armatuekin hasten, eta ez da bake akordioekin amaitzen. Lekuz, moduz eta intentsitatez aldatzen da, besterik ez». Irantzu Mendiaren hitzak izan ziren horiek, Tolosako Bizikidetza Foroak –Mugen Gainetik elkartearen laguntzaz– asteartean antolatutako saioaren hariak hala eskatuta. Pleno aretoa leku, modu eta intentsitate desberdinetako gatazkak ezagutu dituzten hiru emakumeren bozgorailu bilakatu zen, eta aniztasun horrek ez zuen oztopatu, bakea eraikitzeko begirada feminista bateratu bat plazaratzea.

Morena Herrera La colectiva feminista para el desarrollo de El Salvador (El Salvadorko garapenerako kolektibo feminista) elkarteko ordezkaria, Rosalina Tuyuc Coordinadora Nacional de viudas de Guatemala (Guatemalako Alargunen koordinakunde nazionala) koordinakundeko lehendakaria eta Irantzu Mendia EHUko irakasle eta Hegoako ikerlaria entzun, eta itxaropen oihal batek estali zituen hitzordura bertaratutakoak, zaildutako erraien lekuko.

HALABEHARRAREN GERRILLA

Ikasle mugimenduaren bidetik hasi zen, Morena Herrera (El Salvador, 1960), gizarte justuago baten alde borrokan. Autobuseko txartelaren garestitzearen aurka hasi, eta borroka armatuari ekinez jarraitu zuen 1970ko hamarkadan: «Beste biderik ez genuen ikusi, bestelako errealitate bat eraiki ahal izateko».

Landa eremuko gerrillari moduan aritu zen, lehenengo, kanpamentuetatik lan eginez, eta beste jardun batzuetara pasatu zen ondoren. Horrela, 1989ko azken ofentsibetan parte hartu zuen, pixkana «bestelako irtenbide baten bila hasiz».

1990ean hasi ziren El Salvadorko bake akordioak, eta komunikabideen bitartez iritsi zitzaion zapore gazi-gozoa Herrerari: «Gerra amaitu zen eta poztu egin ginen, baina borrokatutako helbururik ez zen ageri akordioetan. Eta, areago, emakumeok ez genuen inolako presentziarik izan».

Akordioetan tarterik ez izanagatik, ordea, El Salvadorko gerrillarien %30 emakumeak ziren, eta gerrillariak babesten zituen oinarri sozialean, berriz, %60 ziren emakumezkoak: «Gizarte zibileko emakumeak ahaztuenak izan ziren akordioan», dio Herrerak.

Urteen poderioz zenbait lorpen eskuratu dituzte El Salvadorren eta, esaterako, gaur egun posible da emakumeak lursail txikien jabe izatea, transferentzia legeen aldaketari esker. 2009az geroztik ere, El Salvadorko polizia zibila da, eta genero indarkeriari erreparatu egiten diote, lehen ez bezala; Morena Herrena formazio saioak eskaintzen aritzen da, beren elkartetik.

«Adiskidetze hitza ez dut gustuko, baina errekonozimendu bai, eta ezinbestekoa da beste aldean egon zirenekin hitz egiten hasteko». Bide horretan, El Salvador eredugarri suerta daiteke, besteak beste, Emakumeen Talde Parlamentarioa osatzea lortu zutelako alderdi guztietako diputatuekin, gutxieneko batzuk adosteko: «Abortua bezalako gaietan eztabaida deserosoa da, baina lorpenak eskuratzeko bidea da», dio.

ERRAUTSEN INDARRA

Guatemalako gerra zibilak 70.000 desagertutik gora eragin zituen, eta tartean ziren, Rosalina Tuyuc-en aita eta senarra. Galdutako senideen arrastoaren bila sortutako elkartea, herrialdeko bakearen zutabe bilakatu da, eta emakumeen eskubideak bezainbeste zaindu eta aldarrikatzen dituzte indigenenak ere: «1980ko genozidioak astindu zuen nire bizitza, baina Guatemalan asko izan dira lehenago ere, eta guztiak gure hizkuntza, lurra eta kultura defendatzeagatik gertatu izan dira», dio.

Hilerri klandestinoetako bilaketek eta gorpuen kokalekuen inguruko susmoek ez dute, oraindik, ezer argitu, baina «hildako horien guztien errautsek berpiztu gaituzte gu, egiturazko arrazismoaren aurka». Izan ere, bake prozesuak egindako bidean alargunen elkarteak zeresan ikaragarria izanagatik, ordezkari politikoek ez dute, oraindik, herritar indigenen Guatemalako %80 inguruko parte hartze kuotarik onartu erakunde publikoei begira; generoaren kasuan, aurrerapauso hori eman dute jada.

Bide horretan, azken urteotan justiziaren balantza emakumeen aldera erortzea ere lortu dute, nolabait: «Eraso sexual masiboak jasan zituzten ehunka emakumek gerran, eta hainbatek prozesu judizialak irabaztea lortu dute, militarren aurkako zigorrekin».

Ezinbestean, beraz, Rosalina Tuyuc-ek Bakearen Nobel sarirako 2005ean hautagai izandakoak, argi dauka «guztion ongizatea lortzeko gizarte zibilak elkartu» egin behar duela: «Adostasunei erreparatu behar diegu, lorpenetara begiratzeko, eta parte hartzeari garrantzia eman. Emakumeon garaia da, eta gizonezkoek lekua utzi beharko digute. Guk, berriz, leku hori merezi dugula sinetsi».

ERDIGUNEA HARTZEKO DEIA

Euskal Herriko bake prozesua «eraikitze bidean» da, oraindik, Irantzu Mendiaren ustez eta, hain zuzen horrexegatik, Herrera eta Tuyuc-en testigantzak iturritzat baliatu zituen, proposamenak sortzeko.

«Gertatu denaren eta dakigunaren arteko aldea sekulakoa da, eta giza eskubideen ikerketei ekiterakoan, ikusten da emakumeenganakoa normalizaturiko zerbait dela», dio Mendiak. Finean, euskal gatazka aztertzerakoan begirada emakumeen aurkako biolentziara ere mugitu beharraz ohartarazi du.

Borroka armatuaren alde edo aurka egotearen zauria «oraindik zabalik» dagoela azpimarratuz, errealitate horrek feminismoari zuzenean eragiten diola dio eta, beraz, alderdi politikoei zentralitatea kendu behar zaiela, benetako trantsizioa ekar dezaketen mugimenduak indartuz: feminismoa kasu.

«Gizarteak berriz topo egin behar du, eta horretarako fokua emakumeengan jartzen dut nik».

ETIKETAK

Elkarbanatu!