Politizatzen hasi behar da amatasuna

Equala aholkularitza sozialerako enpresan lan egiten du Basabek, genero aholkulari gisa. Kazetaria da, eta ama ere bai. Ekonomia feministari eta amatasunei buruzko hitzaldia eman du Iruñean.

Iturria: Iker Tubia - Berria

Martxan dira zaintza lanen eta amatasunen eraikuntzen inguruko jardunaldiak: Izate biologikotik izate politikora: amatasunak, ekonomia eta komunitatea. Katakrak liburu dendan egiten ari dira, eta lehenbiziko hitzaldian parte hartu du Zaloa Basabek (Bilbo, 1978). «Gai honen inguruan aktibismoa sortzeko bokazioa dute jardunaldiek».

David Bravo ez da Espainiako Kongresurako zerrendan egonen, kontziliazio aferengatik. Egunkari batek erreportajea egin dio. Baina egoera horretan emakume anitz daude, eta ez dira ageri prentsan.

Hedabideek erabiltzen duten ohiko estrategia da; hau da, gizon bat protagonista denean, neurriz gaineko garrantzia ematea, eta emakumea denean, ez. Egin nahi dutena da salbuespena arau bihurtu. Horren argi dugu zer rolek duten prestigioa eta zeinek ez, non oraindik ere gauza hauek berritzat hartzen baititugu, eta berria da, salbuespena delako.

Zaintza afera politikoa da?

Amatasunaren inguruan eraiki diren diskurtsoak arlo pertsonaletik etortzen dira, baita subertsibo edo iraultzaile moduan planteatzen direnak ere. Guk esaten duguna da duela zenbait hamarkada Simon de Beauvoirrek esaten zuena: pribatua dena politikoa dela. Gure bizipenak eta amatasuna politizatzen hasi behar dugu.

Nola pasatu alor pribatuan zokoratutako zaintza alor publikora?

Zaintza soilik afektibitatearekin lotuta, logikoa da pentsatzea doakoa izan behar duela, ez dela nekagarria eta, gainera, horren saria maitasuna dela. Zaintza lanetan lan pila bat sartzen dira, eta denbora eskatzen dute. Beste hainbat gauza uzten dira alde batera: militantzia, aisialdia, bizitza soziala, prestakuntza... Politizatu behar da denbora horrek ere ekonomian eragina duelako. Eremu honetara eramanda azalera aterako dira kontraesan guztiak.

Emakumeek hartzen dituzte kontziliazio neurriak. Lege hauek ez dira aski?

Lege aldetik exijitzen dugu aitatasun eta amatasun baimenak derrigorrezkoak izatea, berdinak izatea, eta %100ekoak. Bigarrenik, haurrendako eta dependentziarako zaintza lanetan kobertura unibertsala. Hirugarrena litzateke lan ordu arrazionalagoak izatea, bizitzarekin bat datozenak. Aspaldi mugimendu feministak erakundeei egin dizkien aldarrikapen nagusiak dira horiek. Baina hori aplikatzeak ez dakar benetako eraldaketa edo rol aldaketa, kontziliazio neurri horiek soilik emakumeok hartzera eramaten gaituzten mekanismo batzuk daudelako.

Zein da bidea, beraz?

Kontzientziazio politikoa egin behar da. Errentaren aitorpen bateratua, haurrak zaintzeko baimenak, lanaldi murrizketak... Menpeko pertsona bilakatzen gaituzte gauza horiek guziek. Emakumeok konpentsatu nahi gaituzte independentzia ekonomikoa lagatzeagatik. Oso zaila da horiei uko egitea, badirelako behar material urgenteak, bete beharrekoak; adibidez, prezioarengatik haur eskolak ez duela konpentsatzen pentsatzea. Unitatea ezin da familia izan pertsonaren gainetik. Kontziliazioa eta erantzunkidetasuna batera lantzen ez badira, ez dago deus egiterik. Zaintzari balioa eman behar diogu denek.

Baliorik ez ematea loturik dago merkatua ulertzeko modu kapitalistarekin?

Feminizatuak dauden alor guztiek askoz ere prestigio sozial, politiko eta ekonomiko txikiagoa dute. Mandatu bat dago zaintza maitasunaren izenean, ama ona izatearen izenean... egiteko. Diskurtso horiengatik normaltzat hartzen da lan horiek dohainik egitea, eta ondorio guztiak irentsi ditugu, sistema konpentsatzaile bat dagoelako.

Izozmendiaren alde ezkutua.

Hori irudikatzeko, behin hacker batek ekintza bat egin zuen: Europan gizonek osatutako bilera handi batean The Guardian-ek ateratako argazkian zeuden gizonen irudiaren gainean zanpatzean, gizon hori argazkian egotea zenbat emakumek ahalbidetzen zuten agertzen zen: idazkaria, emaztea... Oso polita izan zen, izozmendiaren beheko parte hori ongi islatu baitzuen.

Mendekotasuna duten pertsonak gero eta gehiago dira. Horiek ere zaindu behar dira.

Jendartean zahartze prozesua gertatzen ari da. Behar horiek gero eta presenteago egongo dira, eta irtenbide bat eman behar diogu horri. Haien behar bereziak beteta egongo direla bermatu behar da, baina berme horrek ez du haren familiaren edo afektibitate harremanak dituztenen eskutik etorri behar, baizik eta estatuaren eskutik. Jeanne Rolande Dacougna Minkette Senegalgo feministak zioen asko ikasi behar dugula hegoaldeko herrietatik. Ez kontziliazio neurriak dituztelako edo politika publiko garatuak dituztelako, baizik eta haiek komunitatearen zentzua dutelako. Badakite unitate ekonomikoa ez dela familia, komunitatea baizik.

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA