Ekologismoak eta feminismoak bizitzaren errespetua defendatzen dute

Ama ere feminista zuen, Maixan Arbelbidek azaldu duenez. Hark eragin zion borrokarako grina. Hara-hona ibili da bere bizitza osoan, Frantzian batez ere. Bizi! elkartearen sortzaile ere bada.

Iturria: Bidatz Villanueva Etxague - Berria

Mila eta bat istorio ditu kontatzeko Maixan Arbelbidek (1933, Heleta, Baxenabarre), bizi mugitua izan duen seinale. Zazpi anai-arrebaren artean helduena da, eta berak hautatu zuen baserrian laguntzea. Gerora, Frantziako hainbat lekutan ibili zen, eta gertutik ezagutu zuen emakume askoren errealitatea. Egun, Internet bitartez egiten du militantzia. 

Dezente erabiltzen dituzu Internet eta sare sozialak.

Bai, azkar erabiltzen dut. Aski denbora pasatzen dut horrekin. Interesgarria da. Aunitz informazio erabiltzen duzu; ene gogoa da, halaber, barreiatzea jendeak egiten dituenak.

Zure kabuz ikasi duzu?

Lanean pixka bat. Lanean bazen eremu finko bat: bulegoa, alegia. Bertan ikasi dut pixka bat. Erabili behar genuen nahitaez. Eta gero beste leku batean ikasi nuen. Baina, oro har, ibiliz ikasten duzu; azkenean, logikoa da biziki. Bestela badaukat lagun bat etortzen zaidana laguntzera. Pixka bat lagunduz 30 libera hartzen ditu oreneko.

Militatzeko erabiltzen duzu, hein batean?

Mundu pozoitu honetan, hainbeste pozoi dago, behar dela igorri pozoiaren kontrakoa ere pixka bat. Bizitzaren errespetua falta da. Ohartu behar dugu zer mundutan bizi garen, eta nik zer egin ahal dudan mundu horretan, eguneroko bizian.

Gaztetatik engaiatu zinen borroka feministan?

Horrekin begiak ireki nituen. Ama feminista zen jadanik, eta entzuten nion beti hari. Haren inguruko batzuek erraten zuten emazteak behar ziola gizonari obeditu. Hori ez zuen gustuko.

Hortaz, amarengandik datorkizu grina?

Hark hartu zidan barnea. Gero, ikastaroak eginik eta bizian praktikaturik emazteek zer bizi egiten zuten, hurbiletik ikusi dut. Frantziako hamaika lekutan egonda, denetarik ikusten zenuen, mota askotako biziak, nolakoa zen haien egunerokoa.

Frantziara joan baino lehen, Euskal Herrian eman zenuen haurtzaroa?

Heletan, Baxenabarren. Ni 1933an jaio nintzen, laborari familia xume batean, eta zazpi seme-alabaren artean lehenbizikoa nintzen. Aita abereekin zebilen. Nire ama ez zen batere presatia ezkontzeko; kuriosa zen biziki. Irakurtzea maite zuen, eta denbora pasatzen zuen lasai, bere buruari plazer eginez. Ontsa zen. 32 urtetan esposatu da. Bestelako garaiak ziren. Nik 14 urtetan pasatu behar genuen proba egin nuen. Aita ez zegoen guztiz ongi, eta amak nahikoa zeukan zazpi haur zaintzen. Txikienak 2 urte zituen, eta nik, 14. Baserriarekin laguntzeko, etxean geratzea hautatu nuen. Gogoeta handirik egin gabe. Baina ez nuen gero dudarik egiten.

Nola gogoratzen duzu haurtzaroa?

Baserriko bizi sinplea zen, lanean. Ni zaharrena nintzenez, denean lagundu behar nuen: zaldiaren gainean, gauzak biltzen, harat-honat ibiltzen. Gero, elkarrekin ere jostatzen ginen, denetarik genuen jostatzeko. Ez genuen askoren beharrik, ez genuen azken puntako gauzaren beharrik.

Gaztaroaren zati handi batean ere hemen izan zinen?

Gazte denboran Enfants de Marien geunden. Manta eta jantzi zuriak gorputzetik zintzilik ibiltzen ginen. Igandeetan ateratzen ginen kalera, eta, gero, euskaldun gazterian. Katolikoen munduan talde bat zen, jendeari erakusteko ikusten, hausnartzen eta egiten. Biziki gustukoa nuen hori. Beste batzuek ez zuten gustuko hori. Euskal Gazterian ibili dira asko, eta hortik atera dira beste ikuskera batekin. Niri ere eman dit parada ezagutzak egiteko. Ezagutu nituen Les Petits Soeurs de Campagne. Hura ikustera joan nintzen. Bazen emazte bat, lasaia, irekia. Asko mintzatu ginen. Erraten zidan: «Egin nahi duzuna, ahal duzuna eta Jainkoak argi zaitzala». Sendoa zen biziki. Dominikar bat zen, eta Lebre aitarekin ari zen lanean. Lebre aitak gazteei, agian, ez die ezer erranen, baina asko ziren harekin lanean. Irekiak ziren. Ukan ditut irakaspenak biziki interesgarriak, beti lotuak bizia aldatzera.

Hor ere borrokatzen zinen?

Hilabete batez, jardunaldiak egin genituen emazteen egoerari buruz. Lehenik, asko irakurri, eta, gero, elkarrizketa asko egin. Pixka bat menperatzeko zer zegoen emazteen egoeraren gibeletik. Hilabete batez gogoetak egin genituen. Gauza ederrak ziren biziki, baina horrek itzala ere badu. Ez zitzaien denei gertatu, baina bai niri. Hamabost urtez bederatzi toki eta egoera ezberdin egin ditut Frantzian zehar. Hori barneratzekoa da.

Zer egiten zenuen egonaldi horietan?

Ene kongregazioa emazte alargun batek sortu zuen. Hark nahi zuen emazteak bizitzea sinpleki jendeen erdian. Hori hala hasi zen, baina Elizak errekuperatu zuen katixima eta behar zuen guztia egiteko. Eta kontzilioaren ondotik ikusi genuen nondik sortu ginen. Orduan, anitz jende zen kongregazioan burgesa zena. Batzuk kanporat atera ziren; beste batzuek ofizio hartu zuten. Nik hautatu nuen amets handiarekin talde batean parte hartzea. Hor ikusten nuen nire bizitza jendearen biziaren biziki hurbil. Ez nekien zein baldintzatan zen lehendik hori. Askotan gertatzen zen joatea Pauetik Tolosaraino 250 kilometro, eta hiru aste pasatzea familietan, 24 oren segidan. Ezin pentsatuzko gogortasuna zen hori. Ez duzu horretan on egiten ahal; ez da posible horrela lanean hastea. Borrokan izan nintzen sindikatu bat sortzeko, gure eskubideak defendatzeko. Baina langileak barreiatuak ziren. Tardes, Lourdes... Nonahi. Ez zen errez elkar atzematea. Ez zegoen motibaziorik ere. Baldintza horietan, gaizki nengoen. Komentutik joan nintzen.

Eta zer egin zenuen orduan?

Gero, neskame egon nintzen. Neskameekin borrokan izan nintzen. Gero, zapata lantegi batean sartu nintzen. Han baziren 600 langile; gehiengoa, emazteak. Atzerrikoak edo dibortziatuak ziren, eta lana edukitzea hil edo biziko kontua zen. Lanagatik ere jazarriak ziren, errepresio bortitza jasan. Izugarria zen. CGTk deitu zuen oren bat greba egitera, eta 600 langileetatik hamar atera ginen. Hamar horietatik zazpi ordezkari hautatu zituzten CGTn. Horiek, nolabait, legeak babestuta zeuden. Beste hiru horien artean nengoen ni. Berehala kanporatu gintuzten. Hor ginen: langabezian, lanaldi mugatuetan, lan prekarioan. Azkenik, sartu nintzen aseguru batean, Pauen. Lagunak nituen, ezkongabeak zirenak, ni bezala. Engaiatuak ginen eskuin eta ezker. Militatzen genuen, eta, aldi berean, lagun giro handia genuen.

Hortaz, Pauera heldu baino lehen, non ibili zinen Frantzian?

Frantzia zentroan, ekialdean, eta behealdean. Ez zenuen batean kokatzeko denborarik. Segituan aldatzen ginen lekuz. Horrek hartzen dio oroitzapenari gain, hainbeste lekualdatzeak.

Pauen egonaldi luzea egin zenuen, ez?

Bai, hamabost urtez izan nintzen han. Emakumeen taldeetan ere egoten ginen. Osasunaren arloan bazegoen talde bat. Nik parte hartzen nuen. Bizitzan interesatzen zen, etxeko arazoez, haurrekin zituzten arazoez, osasun arazoez. Nik osasun arazoak tratatzeko txanda hartu nuen. Horretan interesatzen nintzen.

Non laguntzen zenuen?

Behar zen lekuetan. Talde bat bazen ere, eta askorekin egina zen: politikariekin, sindikalistekin eta militanteekin. Muntatu nahi zuten Pauen etxe bat prebentziorako. Jendea joanen zen, emanen zuten informazioa, aitzinetik ikusteko nola baztertu istorioak. Etxe horretan egonen zen medikua. Baina ez soldatapekoa; ez zen horren preso izanen. Hor bazegoen gogoa zuen jendea. Tamalez, ezin izan zen bideratu ahal.

Bereziki gogoratzen al duzu bertan zeundeneko lorpenen bat?

Lorpena ere ez dakit erraten ahal ote den. Bizia borroka bat da; bizian borrokatzea, niretzat, lorpen bat da. Pauen nire nagusia zena emazte bat zen, eta bazituen gizonak menpeko. Aski gaizki bizi zuten emazte baten menpe izatea. Emazte hori engaiatua zen, eta leku askotan parte hartzen zuen; ireki nahi genuen etxe horren proiektuan ere engaiatua zen. Haren engaiamenduak bultzatu nau anitz, eta horretan oroituko naiz beti.

Herriminik bazenuen?

Herrimina biziki nuen. Ukan dut parada aldatzeko Pauetik Baionara, eta ametsez betea itzuli naiz. Baina ez nekien amets hori latza izanen zela. 30 urtez, biziki aldatu da herria. Neurria hartzea zaila zen, eta ezagunik ez nuen. Hirian nintzen, eta jendeak ez ninduen ezagutzen. Ezartzen dituzte etiketak deus ere jakin gabe. Zaila izan da, izugarri. Ene bihotz guztiarekin heldu nintzen, eta gogorra izan da niretzat, biziki. Nik maite nuen herria.

Zergatik gertatu zitzaizun hori?

Nik ez dut espanturik egiten. Mintzatzen naiz sentitzen dudan bezala; gero, sentitzen dudan horretan badira gauzak ez direnak zuzenak. Baina ni naizena naiz; sinpleki. Jende askok badauka maskara bat. Enetako zaila zen hori; ez nintzen horrelako gogoarekin heldu. Pauen jendea banuen. Ez zegoen halako aferarik; ez dut halakorik sentitu.

Dena den, euskal gizartearekin ere engaiatu zara.

Bai. Esaterako, Pauen egiten ziren bilkuretara joaten nintzen. Hor bazeuden apezak, eta laikoak ere bai. Euskal Herriko gatazkaz mintzatzen eta gogoetatzen ginen. Nik nahi nituen nire kabuz gauzak ikusi. Ez naiz sartu sobera. Gero sartu naiz Abertzaleen Batasunean. Hemen, Euskal Herrian ere sartu naiz osasun talde eta horrelakoetan, emazteekin. Nik kementsu jarraitzen dut, baina askotan ez dakit non dagoen jendearen artean gogo hori.

Abertzaleen Batasunean ere txertatu zenuten ikuspegi feminista?

Bai, baina, tamalez, orain hemen ez da izugarria. Orain izan da martxoaren 8an sekulakoa, baina Marc Ailleten kontra zen. Hainbeste jende kanpoan ikusiko duzu datorren martxoaren 8an? Azken urteotan izan dira hemezortzi emakume erailak tratu txarrengatik. Egiten dugularik manifestazio bat, gutxi agertzen dira. Hara gure manifestazioak zer diren. Nik badut gogo bat izugarria, baina ez dut atzematen.

Ez zara baikorra egungo egoeraren inguruan?

Ez. Gazteetan dut esperantza, baina dinamikak behar dira.

Ekologista ere bazara.

Bizi! taldearen sorreran izan naiz. Izugarriak dira horiek. Biziki emankorrak dira, biziki mugikorrak. Bilkurak egiten dituzte aldiro, eta astero jasotzen duzu zer egiten duten.

Ekologismoa eta feminismoa elkarrekin uztartzen dituzu?

Loturarik baden ez dakit, baina behar liteke. Ekologia zer da? Ekologismoak eta feminismoak bizitzaren errespetua defendatzen dute. Dinamika hori biziaren dinamika da. Emazteen dinamika ere bada bizitzan izatea errespetatuak, eta ez gara. Hainbeste mendetan zanpatuak, ukatuak eta menperatuak izan gara, anitz moldez.

ETIKETAK

Elkarbanatu!