Mozal legea, patriarkatuaren arau

Astebetea bete gabe irakurri ditut bi albisteak: lehenik, Argiako kazetari Axier Lopezi 601 euroko isuna ipini diola Espainiako Gobernuak, Mozal Lege indarrean sartu berria baliatuta; ondoren, Lopezen kasuaren berri eman duen Guardian egunkari ingelesak berorrek ikerketa egin duela, bere kazetariei iristen zaizkien irain eta mehatxuak aztertu dituztela, eta emaitza izugarri harrigarriak argitara ekarri, izan ere, gizarte patriarkal batean bizita, zeinek asmatuko zukeen emakumeak izango zirela gehien iraintzen dituzten hamar kazetarietatik zortzi? Bada bai, halaxe da, alajaina.

Iritzia: Danele Sarriugarte - Klitto!

Hain zuzen, Argiako kazetari Jon Tornerren bidez iritsi zitzaidan bigarren albistea, Lopezen alde Donostian elkarretaratzea egiteko bezperan. Bertaratu ginenok Lopezen hitzak aditu genituen, Argiako lan-talde osoaren izenean irakurri baitzituen: “isiltzen bagara dena galtzen dugu”. Mozal Legeak baduelako oinarrian asmo sakon bat, hain zuzen ere, beldurra erein eta isiltasuna biltzea. Guztiz nator bat irakurketarekin. Eta harago ere joan naiteke.

 

Behingoan aitortuko dizuet: ni neu ez nintzen harritu Guardianen peskizena jakinda. Aurrez ere jendaurrean agertzen garen emakumeok ondotxo baikenekien gure hitza zalantzagarriagoa dela beti, aiseago erakartzen ditugula trolak, hezur-haragitan bizi izan baititugu eraso horiek. Beste emakume askok bezalaxe, bestalde: asanbladetan hitza hartu nahi eta ezin izan duten, edo hitza hartu eta haria moztu dieten, edo protesta egin eta gaitzespenak jaso dituzten andreek moduan (histerika, gero!), edo, adibide ageriko baterako, sukalde-lanaren eta -jakintzaren truke milioiak eta unibertsitateak erdietsi ez dituzten andreek bezala.

 

Datuak, haatik, beti datoz eskura; histeria-salaketei aurre egiteko, besteak beste. Trolgintzarekin nahiko interesatuta egon nintzen orain ez hainbeste, hain zuzen ere, elkarrizketa bat eman, balizko lan bati buruz ari nintzela ordain ekonomikoa aipatu eta irakurle zorrotz, atsegin eta noski anonimo batek leporatu zidanez geroztik diru-gose hutsa nintzela (eta kaka-idazlea, bide batez).

 

Beste kasu baten ingurukoak jakin nituen orduan, Michelle Goldbergek eta Ellen Paok, biek ere AEBetako Wahington Post egunkariaren bidez, adierazi baitzuten, hurrenez hurren: 1) artikulugile feministak, trol-erauntsiaren aurrean (heriotza-mehatxuak tarteko), idazteari uzten ari zitzaizkiola; eta 2) trolak ari zirela interneteko gudu-zelaia irabazten, eta, hala ere, Redit atarian behintzat –horixe kudeatzen zuen Paok–, irakurleen iruzkin positiboei esker egin ziotela aurre trolen izugarrizko setioari. Beste datu bat, Irantzu Varelak hitzaldi batean esana, orain gutxi, Bartzelonan: matxodonteak antolatzen ari dira eta AEBetan hainbat blogari feminista akabatu dituzte. Bide batez, zenbat eta pribilegio gutxiago, orduan eta eraso latzagoak (sorpresa itzela hori ere, ezta?): emakume beltzei zuzendutako erasoak emakume zuriei zuzendutakoak eta gizon beltzei zuzendutakoak baino are bortitzagoak eta sarriagoak dira.

 

Kontua da, propio antolatu gabe ere, (beharrik!) matxodonteek badutela beren mozal lege autonomoa: patriarkatua; eta, era berean, beren helburua Espainiako lege desdemokratizatzailearen antzekoa dela izan: injektatutako beldurrak isiltasuna ekar dezala, fruitu emankor. Eta guk, Argiako kazetariekin bat, irakurketa argia dagigu: isiltzeak ez digu gaitzik baizik ekarriko. Eta guk, Argiako kazetariekin bat, iruzkin argia dagigu: erantzunak kolektiboa izan behar du.

 

Zorionez, asko gara, gero eta gehiago. Zorionez, eta ez debalde, hortxe daukagu gure aurretik borrokatu direnen eredua. Audre Lordek, adibidez, argi esan zigun isiltasunak ez gintuela babestuko, izan ere, ” mintzo garenean beldur gara / gure hitzak adituko ote diren / ondoetorriak izango ote diren; / baina isilik gaudenean ere, / beldur gara oraindik. / Beraz, hobe da hitz egitea / gogoan izanik / ez gintuztela bizirauteko sortu”.

 

Annie Ernauxek, bere aldetik, abortu-esperientzia xehe-xehe azaldu eta adierazi zuen:

 

            Nahiz eta nik abortuaren esperientzia bizi izan dudan modua (klandestinitatea) iraganeko historiaren aztarna izan, ez zait arrazoi nahikoa iruditzen ezkutuan uzteko. Lege zuzen baten paradoxa antzinako biktimak isilarazten izaten da ia beti, “hura guztia amaitu zen” aitzakiaren izenean, eta horrekin zera lortzen da, gertatutako ezkutuan mantentzea orduko isiltasuna beraren pean.

 

Eta, baita ere:

 

            Hurrengo goizean ohean etzan nintzen eta puntua egiteko orratza sexuan sartu nuen kontu handiz. Uteroaren lepoa bilatzen nuen haztamuka eta mina ematen zidanean gelditu egiten nintzen. (…) (Litekeena da honelako kontakizun batek batzuei haserrea edo higuina eragitea, edo zenbaitek gustu txarrekoa dela leporatzea. Zerbait bizi izanak, zernahi ere den, horretaz idazteko eskubidea ematen du, inork baliogabetu ezin duena. Ez dago behe-mailako egiarik. Eta ez badut esperientzia hau bukaeraraino kontatzen, emakumeen errealitatea lausotzen lagunduko dut eta munduko gizonezkoen dominazioaren alde jarriko naiz.)

 

Patriarkatua, kaka handi bat izateaz gain, emakumeen aurkako mozal lege egiturazko bat baita, matxodonteek ondo aditu dezazuela: ez gara isilduko eta ez gara kikilduko, mututzeari uko egin eta ahotsa altxatuz gero, elkar hartuta, dena baitugu irabazteko.

ETIKETAK

Elkarbanatu!