Gora gu!

Gasteiztik Pariseko ziegetaraino iritsi zaigu zuen oihartzuna. Eta ez da gutxiagorako, hamabi mila eta ehun lagun pasatxok zalaparta ederra egin baitzenuten hilaren 9an burutu zen manifestazioan. Sinetsi ezinik jaso genuen berria, emozioz beteta eta hunkituta. Ni, behinik behin, hor hasi nintzen saltoka eta txaloka bakar-bakarrik txaboloan, ”onenak gara, onenak gara” ahapeka xuxurlatuz, irribarrea eta harrotasuna gainetik kendu ezinda.

Iritzia: Ekhi Eizagirre - Klitto

Berri ona jaso, eta ahal bezain laster hots egin nion lagun bati. Bera ere manifestazioaren arrakastaz mintzo zen beste batzuekin momentu horretan. Kontatu zidan giro paregabea egon zela Gasteizen egun osoan zehar, eta antolakuntza ere bikaina izan zela. Horrez gain, esan zidan arlo askotariko feministak bildu zirela elkarretaratzera: atzerritarrak, baserritarrak, zaintzaileak, lesbianak, transak… Horrek agerian uzten du, lagunok, jende mordoa bildu eta besarkatzeko gai garela, eta hori garrantzitsua da oso.

Gainera, kideei galdegiten nien bezala, Europako zein beste herrialdetan bilduko lirateke horrenbeste feminista manifestazio batean? Inon ez. Herri txikia gara, baina asko dugu  munduari erakusteko. Uste dut txapela kentzeko moduko lana egin duzuela, benetan!

2015a urte gogorra izan zen feministontzat, baina gogorra ez ezik, interesgarria ere bai, nire ustez. Perspektibaz begiratuz gero, iruditzen zait ondo kostata, baina era berean elegante erantzun genuela sortu ziren zenbait eztabaidaren aurrean. Emaitza begi bistakoa da, Munilla eta bere lagunak elizako sotoan ezkutatua egongo dira dagoneko. Kaka eginda, alegia! Bai, bai, feministok prest gaude, eta asko gara; beraz, patriarkatuaren apopilo eta maritxulo denak ibili daitezela tentuz!

Irudipena dut manifestazio honen bidez mugimendu feministak pauso bat eman duela aurrera. Dudarik gabe, Gasteizko arrakasta azken urteetako aurrelan eta elkarlanaren emaitza izan da. Orain, etorkizunera begira jarri beharra daukagu, eta erronka berriei ekiteko prestatu. Nik  proposamen bat egin nahi nizueke mugimendu feministako militanteoi. 2008. urtean, Portugaleten egin ziren azken jardunaldi feministak, eta pentsatzen dut unea iritsi dela V. jardunaldiak martxan jartzeko. Badakit asmoa aspaldidanik dabilela zuetariko askoren buruan; ea datorren urterako jardunaldiok antolatzen ditugun. Apustu bat ere egin nahi dut, lagunok, 1977an Leioan egindako I.topaketa haietan baino jende gehiago bildu baietz V. jardunaldietan?

Zoritxarrez, azken urteetan bezalaxe, bahituta gauzkaten euskal preso politikook ezingo dugu zuzenean parte hartu antolatuko dituzuen hamaika ekimenetan, baina izan ziur gertutik jarraituko ditugula zuen pausuak. Guk ere salbuespeneko legedi, dispertsio eta oztopo guztien gainetik, gehituko diogu borrokari gure apurra, eta jarraituko dugu garaipen bakoitza saltoka, txaloka zein irrintzika ospatzen. Amaitzeko, zorionak denei, eta segi horrela aurrerantzean ere!

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA