Andre ijitoak beti izan dira feministak

Ijitoa da, eta feminista. Maria Jose Jimenez (Lugo, Galizia, 1976) feminismo romaniari buruz hitz egin du Nafarroako Parlamentuan, Herritarren eta Erakundeen Arteko Harremanetarako Batzordeak gonbidaturik. Asteazkenean eskaini zuen hitzaldia Berdinak eta ezberdinak. Aurrera elkarrekin jardunaldietan.

Iturria: Iker Tubia - Berria

Zer sentitzen duzu Palabra de gitano eta halako programak telebistan jartzen dituztenean?

Aktibismora bultzatzen zaitu. Nik ez ditut ikusi, zabor hori inolaz ere ez nuke ikusiko, baina frustrazio handia sentitzen duzu, eta inpotentzia. Beste behin ere horrelakoek permisibitatea dute. Ez dute onartzen programa horia denik, estereotipo eta aurreiritziak sustatzen dituenik eta gizartearen gehiengoak dituen jarrera arrazista eta xenofoboak justifikatzen dituenik.

Zergatik ez da erantzuten ijitoen aurkako erasoak ikusirik?

Historikoki herririk manipulatuena, jazarriena, estereotipatuena eta kronifikatuena izan gara. Ijitoen aurka basakeriak egin dira Espainian, 2.500 lege egin dira gure aurka, eta gaur egun horrek badu eraginik. Gu ez gara gai izan eskubideak eskatu eta herriaren duintasuna inposatzen duen masa izateko.

Estereotipoen aurka borrokatzen dira bazterturiko komunitateak. Zuek emakumeenak eta ijitoenak desmuntatzen lan handia duzue?

Ijito herria zanpaturik dago, ez bakarrik emakumeak, gizonak ere bai. Esanen dizute emakume ijitoak zikinak direla, haur parrasta dutela, menpekoak direla... Baina esaten dute ere ijitoak matxistagoak direla, analfabetoak... Aurreiritzi horiek suntsitzeko norbera hurbildu behar da errealitate honetara.

Arrazoi duzu, komunitate ijitoa atzerakoi ikusten dugu, eta gizonak, matxistago.

Fakultateetara ailegatu ez den sekretu bat kontatuko dizut —ea ailegatzen den—. Ijitoak ez dira matxistagoak. Ijitoak matxistak dira, eta payoak ere bai. Emakume payoak izan dira gizonei mugak jarri dizkietenak. Erabili dituzten estrategia eta politikei esker daude gaur duela 50 urte baino ahaldunduago. Emakume ijitoei ez zaizkigu ailegatzen ahalduntze eta berdintasun tresna horiek, besteak beste arrazismo, estereotipo eta aurreiritzi hesi handi bat dugulako aurrean. Adibidez, kristalezko sabaia. Emakumeek %30 gutxiago kobratzen dute. Oso larria da. Hori gainditzeko legeek guri ez digute eragiten zuzenean, ijitoei ez zaigulako lanik eskaintzen. Hamaika adibide jar daitezke.

Zein dira zuen borroka lerro nagusiak?

Hiru dira: Feminismoa —feminismo komunitarioa, mendebaldeko feminismo zuriak ez digu balio—, biolentzia matxista —munduko gaitzik handienetakoa—, eta aniztasuna —zentzu orotan, baita sexuala ere—.

Zein dira mendebaldeko feminismoan dituzuen oztopoak?

Historian aurrera egin ahala, hainbat sartu dira mezu feminista europarrean: beltza, mexikarra... Baina urte hauetan feminista handi batek ere ez du aitortu ijitoen borroka. Emakume ijitoak feministak izatera beharturik egon dira beti, 600 urtez jazarria izan den herriari eusteko. Bestalde, Europan emakume ijito asko hiltzen ari da, eta horren arrazoiak ez dira aipatu ere egiten. Frantzia, Alemania eta Italiako ospitale publikoetan oniritzirik gabe antzutzen dituzte haurrak dituztenean.

Feminismo komunitarioa da zuendako egokiena. Zergatik?

Guk beltzen eta indigenen feminismoetatik edaten dugu. Haiek bezala, guk eskatzen dugu zapalkuntza egoera gainditu behar dugula, eta herri osoaren manipulazioa eta erabilera gainditu nahi dugula, ez bakarrik emakumeena.

Emakumeak kontrolatzeko tradizioen inguruan zer iritzi duzu?

Identitatearen defentsa faltsuaren aitzakiarekin kontrolatzen gaituzten tradizioak ijitoen komunitatean badaude, payoen komunitatean bezala. Hori desagertu behar da, ez duelako zure kultura hobetzen. Zapiaren afera ijitoen tradizioaren parte da, baina orain dela 50 urte payoen tradizioaren parte ere bazen.

Dena den, tradizio guziak ez dira txarrak. Zer ikas dezake mendebaldeko feminismoak zuen tradizioetatik?

Adibidez, gure arteko elkartasuna. Auzo batean ijito familia batek arazo bat badu, gainerakoek laguntzen dute. Emakume anitz erortzen ari dira amildegian behera, eta balio hori behar dugu feminismoan eta Europa osoan. Bestalde, Europan pertsona zaharrekiko errespetua falta da, eta familiaren balioa. Familia nuklearra ez, familia zabala.

Zergatik pasatu zara aktibismo sozialetik politikara?

Hauteskunde zerrendetan ijitoak apaingarri gisa sartzea beti gertatu da. Podemosek benetako apustua egin zuen, ni nintzelako Salamancako zerrendaburua, politikoki zuzena ez den diskurtso batekin. Hilabete eta erdiz ijitoen borroka aipatzeko aukera izan nuen bakarrik iritsiko ez nintzatekeen tokietan.

ETIKETAK

Elkarbanatu!