"Iraultza antiespezistak feminista izan behar du"

Izan al zaitezke feminista eta arrazista? Izan al zaitezke feminista euskaltzale izan gabe? Galdera horiek nahiko ezagunak zaizkigu. Agian, ondoko hau ez hainbeste: izan al zaitezke feminista antiespezista izan gabe?

Iturria: Onintza Irureta Azkune - Argia

Catia Faria filosofo eta aktibista portugaldarrari elkarrizketa egin dio El Diagonal agerkariak. Ekofeminismotik urrundu eta zergatik, feminista izanda, antiespezista izateak logika duen azaltzen du. Elkarrizketa osoa gaztelaniaz lotura honetan daukazue, eta elkarrizketaren zati bat euskaraz emana hurrengo lerroetan.

Hauxe kazetariaren galdera:

Zure teoriatako batean diozu ekologismoak ekosistemak babestu nahi dituela eta antiespezismoak gizakiak jartzen dituela erdigunean. Beraz, diozu, antiespezista izanda, jarrera ekologista eta ekofeministetatik urrun sentitzen zarela.

Nire lanak intersekzionalitatea hartzen du kontuan, baina hausnarketa berriak egiten ditut eta ekofeminismotik urrutiratzen naiz. Ekofeminismoa, izenak dioen moduan, analisi feminista eta ekologismoa batzen dituen jarrera da. Bereziki, naturaren (gizaki ez diren animaliak kontuan hartzen ditu) menperatze patriarkalaren eta emakumeen esplotazioaren arteko harremana azpimarratzen du. Horrela, emakumeak eta gizaki ez diren animaliak defendatzea natura (ekosistemak, espezieak…) babestearekin batera doa. Aldiz, uste dezakegunaren aurka, natura babesteak ez du esan nahi han bizi diren izakien interesekoa izango denik beti. Helburu ekologistak dituzten esku-hartzeetan garbi ikusten da, animalia basati askok bizitzeko eta ez pairatzeko dituzten interesak sakrifikatzen direnean. Jokoan gizakion interesak egongo balira, ez genuke halakorik onartuko. Har dezagun adibide gisa Eivissan (Balearrak) duela gutxi egin duten ahuntz hilketa, zeina ekosistema berreskuratzeko egin duten.

Ekofeminismoaren ustez, gizaki ez diren animaliei kalte egiten dien iturri nagusia kultura patriarkala da, eta egoera hori konpontzeko modurik onena naturarekin aliantza kontserbazionista egitea da. Ez nago ados ideia horrekin, naturaren eta prozesu naturalen ikuspegi idilikoa ematen du eta ez dauka oinarririk.

Gizakiaren eraginpean pairatzen duten eta hiltzen diren animalia asko daude, baina arrazoi naturalengatik (goseteak, gaixotasunak, muturreko baldintza klimatikoak…) ere animalia piloa ari da pairatzen eta hiltzen. Antiespezista naizenez, iruditzen zait gertaera naturalen ondorioz sortzen diren kalte horiengatik etikoki kezkatu behar dugula, eta gizakiok eragina prebenitzeko eta arintzeko lan egin behar dugula, ahal denean behintzat.

Feminista naizenez, naturan esku hartzeko darabilgun paradigma maskulino antropozentrikoa ordezkatu behar dugula uste dut (adibidez, ehiza debekatuz, heriotza eta oinazea eragiten baitu). Baina irtenbidea ez litzateke eskurik ez hartzea, uste dugulako horrela eginez gero naturan muturra sartzen ari garela, alderantziz, esku hartzeko beste modu bat asmatu behar dugu, gure laguntza behar dutenei laguntzeko, gizakiekin egiten dugun bezala.

Feminismoak antiespezismoarekin daukan konpromisoak esan nahi du beganoak behar dugula izan eta beste animaliak diskriminatzeari uko egin behar diogula. Iraultza antiespezistak feminista izan behar du.

ETIKETAK

Elkarbanatu!