"Erresistentzian aritu ginen ahizpak gara"

Eskuetan kolore ugaritako banderak eusten zituzten emakumeak ikusi genituen igandean Elgetan, gerra garaia bizi izan zuten begirada sakoneko aurpegi zimurtu ederrak. Baita gerra zuzenean bizi izan gabe, osteko frankismoaren urterik gogorrenak bizi izan zituztenak. Urduri zeuden asko, hainbeste jenderen aurrean agertzeagatik kezkatuta. Ohitura falta. Antolatzaileek kontatzen dute omenduengana gerturatu zirenean nola batek baino gehiagok zioen, "Ni? Baina ez dut ezer egin eta!!". Beste batzuk ordea, harroago, ukabilak estututa, euren edo senideen izenak entzundakoan altxatuko zituztenak.

Iturria: Iraitz Agirre Aranguren - Argia

Intxorta Kultur Elkarteak eta Elgetako Udalak antolatutako Erresistentzia Eguna ospatu zuten igandean Elgetan. Urtero ospatzen den ospakizuna da honakoa, gerra zibilaren eta gerra osteko memoria historikoa berreskuratu eta islatzeko helburuaz. Baina aurten, izan du berezitasunik egunak, Euskal Herriko emakume errepresaliatu eta erresistenteei omenaldia egin baitzaie.

Omenaldi hunkigarria izan zen. Lehen aldiz, Erresistentzia Egunean, gerra jasandako emakumeak eta Frankismorik krudelenaren aroan erresistentzian aritu ziren emakumeei aitortza publikoa egin zitzaien. Aspaldikoa zen kezka Intxorta Kultur Elkartearentzat. Hainbeste urtean memoria historikoa josteko ahaleginean, gizonen gerrak norabidetzen zuela kontakizun eta errepresentazio guztia. Gerraz dihardugunean gudu-zelaiak datozkigulako gogora, ez hainbeste jendearen eta gorputzen testigantza eta bizipenak.

Emakumeen gerrak beste kolore batzuk ditu

Elgetan une eta gune ugaritan aritutako ahizpa eta arrebek hartu zuten protagonismoa, isilpeko ahots guzti horiek. Literaturako azken nobel saria den Svetlana Aleksievitxen Gerrak ez du emakume aurpegirik liburuan kontatzen den bezala, emakumeek kontatzen duten gerrak, eta beraz, errepresioak eta erresistentziak berak, beste kolore batzuk ditu, beste usain batzuk, beste argi-ilun eta espazio batzuk. Heroi eta batailetatik haratago, egoera lazgarrietan bizi den jendearen bizitzak kontatzen dira hauetan. Gerra eta errepresioak dakarren gogortasuna, tragedia, urruntze zein galera guztiek, ez dituzte emakume hauek biktima bilakatzen ordea. Erresistentzia, borroka, elkartasuna, laguntasuna eta sorkuntza pertsonalaren adibide dira. Menpekotasun patriarkal eta frankistaren inposizioei izkin egin eta euren ideia politiko eta sozialekin konprometitu ziren emakumeak, botere egiturek inoiz domatu ezin izan zituztenak, errebelde eta borrokalariak.

Fusilak bizkarrera bota eta guda-zelaira, gudari edo miliziana bezala joan zirenen ahotsak. Erretagoardian erizain lanetan ibilitakoak, lubakiak eraikitzen aritutakoenak, frontean gelditu eta itzuli zirenenak.

Igandeko ekitaldian 41 emakumeri egin zitzaien omenaldia, Iñigo Arregik egindako Egiaren Iturria eskultura jaso zutelarik. Antolatzaileek argi zuten ordea, omenaldia garai hori bizi izan zuten emakume guztiei zuzenduta zegoela. Isilarazitako ahotsek, kontakizun ezagun zein ezezagunak kontatzen dituztela. Horiei guztiei honako hitzak eskaini zizkieten.

Gerraren lekuko zuzenak izan ziren emakumeak omentzeko elkartu gara gaurkoan, baita diktaduraren aurkako erresistentzian borrokan aritu ziren andrazko guztiak oroitzeko. Hemen zaudetenak, hil zituztenak eta memoriaren mapa marrazten hasi garen bitarte honetan bidean gelditu direnak.

Historiako eta memoria kolektiboko orrietan isilaraziak izan diren ahotsak entzunarazi nahi ditugu gaurkoan.

Fusilak bizkarrera bota eta guda-zelaira, miliziana bezala joan zirenen ahotsak gara. Erretagoardian erizain lanetan aritu ginenona, lubakiak eraiki genituenena, frontean gelditu eta frontetik itzuli ginenona.

Mugak zeharkatu eta gure kideen aldamenean, faxismoaren kontra, internazionalismotik, ahizpatasunetik aritu ginen brigadistak gara.

Fusilatu zituzten horiek denak gara; gure hilotzak guk geuk brodatu genituen bandera more, gorri, berde, zuri, beltzekin estali zituzten, odoldutako banderak.

Gure besoen artera jausitako gorputz zaurituak zaindu genituenak gara, haragiz estalitako hezurrak, azaletik sentitzen dutenak, errepresioa poro guztietan sufritzen dutenak.

Gure gorputzak gerra krimenen guda-zelai bihurtu zituzten. Gure konpromiso politiko eta sozialagatik torturatuak izan ginen, torturatuak izaten jarraitzen dugu, sistematikoki bortxatuak, zaurituak, behin eta berriz kartzelaratuak.

Irakasle izan ginen, idazle, kazetari, joskin..

Eta batez ere, sufragistak eta feministak izan ginen. Horregatik ere hil gintuzten, bortxatu gintuzten, ilea zerora moztu ziguten, betiereko lotsara kondenatu nahi izan gintuzten. Lesbianak gara, transak gara eta gudari izateari beste zentzu bat ematen hasita gaude dagoeneko.

Indar polizialengandik ihes egitea lortu genuenak, martxoaren 3 bakoitzean, maiatzaren 1 bakoitzean. Langileak eta sindikalistak. Antolatuak eta autonomoak.

Mira Marusiña, Mirá, Mirácómovienen… Munduko Maria Luisa potzu guztietatik datozen eta etorriko ez direnen zain, omenez, eguneroko borroka txiki eta handiak bultzatuz aurrera egitea beste erremediorik izan ez genuen guztiak gara.

Kuba, Mexiko, Alemania, Errusia.. herrialde horietara erbesteratu behar izan genuen, bonbardaketetatik eta ezarri nahi izan zituzten arauen beldurretik ihesi.

Irakurtzen amaitzeko jo hona

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA