M-1ean bandera moreak airean!

Emakumeen Mundu Martxako Plataformatik egin dugun irakurketa doakizue.

MAIATZAREN BATEAN BANDERA MOREAK AIREAN

Nor gara langile klasea?

2016eko maiatzaren lehena langile klasearen nazioarteko borroka eguna dugu. Lana, edo hobeki esanda, soldatapeko enplegu duin baten aldeko eskubidearen aldarrikapen eta borroka eguna. Tradizioz, sindikatuek ordezkatu eta defenditzen duten eguna. Emakumeok enplegu eta bizi baldintza duin batzuen aldeko borrokan beti tinko jardun izan gara lan merkatu formaletik, honen bazterretatik eta, batez ere, honetatik kanpo.

Ukaezinak dira gaur egun lan merkatuak eta lan harremanek orokorrean bizi duten prekarizazio basatia, babeserako tresna kolektiboen ahultzea eta lan harremanen indibidualizazioa tarteko. Egoera honen aurrean ondorioak bestelakoak dira gizon zein emakumeontzako. Eta logikoa denez, honek antolaketa kolektiboa eta borroka sutsua eskatzen du.

Honen aurrean, Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxatik, gure irakurketa propioa plazaratu nahi dugu egun honen karietara, bi norabideetan: Alde batetik, maiatzaren 1eko borroka egunean gure irakurketa, ikuspegia kontuan hartu dadin exijitzeko, baina baita eraldaketa sozial eta ekonomikoaren alde jarduten dugun subjektuen arteko elkarlana eta aliantzaren aldeko gure apustua azaleratzeko ere.

2012ko martxoaren 29ko greba orokorraren deialdian, Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak Euskal Herriko gehiengo sindikalarekin bat egin zuen lan produktibo eta enplegu duinaz gain bestelako lanen greba eguna ere bazela aldarrikatzeko. “Amantalak kalera!” atera genituen bizitzarako ezinbestekoak diren etxeko eta zaintza lanen aitortza aldarrikatuz. Aitortzatik haratago joatea nahi dugu. Etxeko lanei eta zaintzari benetan duten balioa aitortzea beharrezkoa da, eta auzitan jarri behar da haien antolaketa soziala: gizon eta emakumeek berdintasunez egin behar dituzte. Erantzukizun hau jendarte guztiari dagokio. Beraz, berdintasunaren inguruko diskurtsoen erretorika gainditu eta arazoaren errora jo behar dugu, hezkuntza eredua ez ezik kontziliazio politikak ere zalantzan jarri, zeren horiek emakumeon rola -bizitzaren sostengatzaileena- bideratu ordez indartu egiten baitute.

Emakumeok esan ohi dugun bezala: lana sobera dugu eta enplegu duina faltan. Lana etxetik kanpo eta lana etxe barruan. Oraindik ere zaintzak etaetxeko lanek nagusiki gure esku jarraitzen dute. Alegia, lan merkatu ez ofizialean, ez arautuan eta ez errekonozituan dihardugunak gu gara. Lana gainezka daukagu; kalitatezko bizitza eta enplegua nahi ditugu, emakume guztioi autonomia, eskubideak eta prestazioak bermatzeko.

Eta XXI. mendeko kapitalismo neoliberalean ezagutzen ari garen aldaketa prozesu anitzak kontuan izanda (langabeziaren igoera, 3. sektorearen suntsiketa, ezkutuko ekonomia…), egun, langile klaseaz aritzean, berau fabrikako menpekotasunik gabeko gizon heterosexual zuri batzuek soilik ordezkatzen al dute? Hortaz, langile klasearen berdifinizio baten beharra azpimarratu nahiko genuke, zeinetan, langile izaera esleituko zaion aberastasuna, balioa, prestigioa, zaintza, bizitzaren mantentzera bideratzen diren jarduera guztiei, hauek soldatapekoak izan edo ez. Kapitalismoa eta heteropatriarkatua txanpon beraren bi aurpegiak dira. Eredu jasanezin bat osatzen dute, pertsonen eta Lurraren, eta batik bat emakume-gorputzaren menperatzean eta esplotazioan oinarritua. Adierazpide ugari ditu, eta era desberdinean eragiten digu testuinguruaren zein faktoreen arabera: jatorria, klasea, adina, hautu sexual-afektiboa, etnia, etab. Aliantza heteropatriarkal-kapitalista honi errotik egin behar zaio aurre, sistema kapitalistak berarekin batera daraman krisiaren logika alde batera utzita.

Emakume migranteak, bollerak, transexualak, aniztasun funtzionala dugunak, soldatapeko langileak, baserritarrak, prekarioak, langabetuak, adin desberdinetako emakumeak, jatorri desberdinetakoak, hirietakoak, herrietakoak, etab. biltzen dituen Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxa honek jendarte eredu berri bat eraikitzen ari diren subjektu politiko kolektibo desberdinen arteko aliantzan sinesten du feminismoak, aldarri nagusi izaki. Gure arteko aniztasun eta desberdintasunen jakitun gara, baina argi daukagu aldaketa garai honetan, feminismorantz aldaketa egiteko elkartu eta noranzko berean eragiteko garaian gaudela. Begirada bakar edo urriko borrokek ez dute benetako askatasunik ekarriko. Ezinbestekoa da borroka desberdinak eta hauen arteko erlazioa aintzat hartzea, benetako eraldaketa nahi badugu. Horregatik, bandera moreak astintzen ditugu elkarrekin, trapu soilak izan ez daitezen.

Horrenbestez, bizi ereduen talka baten aurrean aurkitzen gara: batetik, egun bizi dugun jendarte eredua, bere ezaugarriekin: produktibitatea, kapitala, lehiakortasuna, denboraren jabetza eza, zaintza lanen gutxiespena, murrizketak... Bestetik, bestelako eredu baten aldeko imajinario eta jardunbidea: Honek produktibitatea eta erreproduktibitatearen aitortza lehenesten du, bizitzari duen balioa aitortzen dio, ezaugarritzat elkartasuna du, denboraren jabetza ahalbidetzen du eta zaintza-lanen balioespena onartuko du. Talka honetan, trantsizio prozesu baten aurrean gaude, zeinetan egungo egoerari erantzuteko neurriak, borrokak aktibatu eta behar material, afektibo eta zaintza lanak asebete behar ditugun. Eta bide beretik, eztabaida teorikoetan sakontzen eta eguneroko praktikak aldatzen joan behar gara epe ertain-luze baterako anbizio eta erronka kolektiboaz.

Maiatzaren 1ean feminismoak eta sindikalismoa beharrezkoak ditugulako, bizitza eta kapitalaren arteko talkan bizitza duinen aldeko apustua egiten dugulako, altxa ditzagun bandera moreak airean!

 



 

ETIKETAK

Elkarbanatu!