"Ez dago berezko estilo matxistarik, halako erabilerak baizik"

Madrilgo musika jaialdi feminista batetik bueltan harrapatu dugu Furia rap abeslaria. Estandarretatik ihes, ikusi nahi ez dugun emakumeen lur azpiko eszena indartsuan dabil buru-belarri, haien lana eta borroka ahalduntzen eta ezagutzera ematen. Free Otegi free them all kantuaren bideoklipean abestu du eta azken urteotan ekimen askotan dabil. No hay clemencia diskoak, abortu eskubidearen aurkako legeaz idatzitako Aborto retrospectivo kantuak eta herriz herri ematen dituen tailerrek begi eta kontzientzia asko zabaldu dituzte.

Iturria: Iker Barandiaran - Argia

Cascantekoa izateak markatu zaitu?

Norberak jatorria duen lekuak beti eragiten du. Zaila da herri txiki batean neska izatea, genero estereotipoak are eta estuagoak direlako eta asko behatzen zaituztelako.

Noiz eta nola deskubritu zenuen rapa? Zure bizitza errotik aldatu zuen?

15-16 urterekin, ez dakit nola heldu zen nigana. Ez ninduen bat-batean liluratu, baina oso erreminta aproposa iruditu zitzaidan, hain denbora gutxian hainbeste gauza esan ahal izatea. Denbora gutxira idazten hasi nintzen, baina urte asko pasa ziren abesten hasterako; batez ere rapa egiten zuten neska erreferenteak falta zitzaizkidalako. Egon bazeuden, baina La Mala Rodriguez eta Ari besterik ez nituen ezagutzen.

Nola gogoratzen duzu agertokira igo zinen lehen aldia?

Orain dela 7-8 urte izan zen, nafar erriberako gaztetxe batean. Hainbat eta hainbat taldek parte hartu zuten, eta guztiak gizonezkoak. Talde onak ikusi nituen, baina baita erdipurdikoak ere. Ohartu nintzen haiek baino maila hobea nuela, eta kantu bat abestu nuen, lotsa medio, eserita egin banuen ere.

Gerora ikasi duzu agertokiaz gozatzen?

Tira! Agertokiak alderdi asko ditu: badu nahi duzuna esan eta askatzetik; baita ikusleekin hartu-emanetik; baina kontuz, egoa handitzeko arriskua ere bada. Irakaspen handiak ematen ditu beti.

Nondik irteten da barruan daramazun “furia” hori?

Nahi dudana izateko eta ezintasunaren aurrean haserretzeko sistema patriarkalak jartzen dizkidan oztopoetatik. Abesten dut zauritik zornea ateratzeko eta odoletan nagoela kontatzeko. Terapeutikoa da niretzat.

Eraman ezin dituzun printzesa, dontzeila eta bukaera ideialei buelta ematen diezu zure kantuetan...

Ahultzen eta mina sorrarazten didaten bizitza moldeetatik urrun egon nahi dut. Genero arrazoiengatik baztertzen gaituen indarkeria matxista gure hezkuntzan txertatuta dago. Horregatik jotzen dut kantuetan irakatsi zizkiguten ipuin horietaraino, haurtzaroraino.

Zure abestietan kopla, pasodoble, reggaeton... oinarriak daude. Zure baitan daude horiek ere?

Bai, nire musika kulturaren parte dira, familiatik datozkit. Koplak ama eta amonarengandik; jotak, berriz, aitarengandik. Eta nire kantuetan ageri dira. Batzuek uste dute musika estilo matxistak daudela, baina ez dago berezko estilo matxistarik, halako erabilerak baizik. Adibidez, rap talde serioen artean reggaetona gaizki ikusia egon da. Zergatik? Aurreiritziekin jokatzen delako. Latinoamerikako jende txiroaren musika da eta beste estilo askotan bezala bada talde sexistarik, baina ez estiloa bera. Ez dut estilo soil bat errebindikatzen, ezta rapa ere; guztiak zabaldu eta indartu behar dira!

Agerian daudenak baino askoz neska musika talde gehiago dago?

Rapa egiten dut, baina musika feministaren sarean mugitzen naiz. Rap eta punk taldeak biderkatzen ari dira eta bakarlari ugari daude. Joaten naizen jaialdietan talde berriak aurkitzen ditut beti.

Anaiak ere rapeatzen du...

Bai, ni baino gazteagoa da, baina lehenago hasi zen kantuan. Lehen azaldu dudanaren haritik, mutilak besterik gabe igotzen dira agertokietara; eta guk, neskok, hiru bultzakada behar izaten ditugu. Anaiari zor diot hori: berak esan zidan oso ondo idazten nuela eta kantuan hasteko. Aukera dugunean batera abesten dugu. Por La Sombra rap taldean eta A Las Bravas reggaeton proiektuan dihardu.

No hay clemencia. Norentzat ez dago errukirik?

Hilda ikusi nahi gaituztenentzat eta nahi dugun bezalakoak izaten uzten ez digutenentzat.

Abortuaren aurkako legeari buruz idatzitako kantuak mugak gainditu zituen...

La Tuerka telebista saioaren enkargua izan zen. Kontu horrekin hain erreta nengoenez, oso erraza izan zen niretzat: astebetean idatzi, abestu eta grabatu nuen; hain handia zen nire haserrea eta hitzetan ateratzeko beharra. Gero mugimendu feministak bere egin zuen eta niretzat oparia izan zen. Iraultza guztiek ereserkiak behar dituzte, eta niretzat ohorea da.

Ahalduntze feministari buruzko tailerrak gidatzen dituzu, rapa eta musika erabilita.

Bizitzan gertatu zaidan gauza politena da. Nik sortu eta garatutako proiektuak dira, eta elkarrekin ikasten dugu tailerretan. Tailer horietako batean ahalduntze feminista rap-aren bitartez lantzen dugu: erreferenteak bilatu, bilaketarako erremintak definitu, emakume raperoen historia berridatzi, eta rap kantuak idazten ikasi. Ez dut inongo interesik rapa ondo idazten ikas dezaten, baina nola idatzi ikas dezatela. Edozeinen eskura dagoen borrokatzeko erreminta da, punka bezala, “zuk zeuk egizu”. Papera eta boligrafoa nahikoak dira gauza asko esateko. Hiru urteotan Oreretan, Ordizian, Pasaian, Zumarragan, Gopegin... aritu naiz. Gainera, horietako batzuetan, bigarren tailerra ematen hasia naiz, “Bestelako diziplina artistikoekin landutako ahalduntze feminista” izenekoa. Horietan feminismoa musikarekin, zinemarekin eta literaturarekin jorratzen dugu.

Hala, zuk ere lehen aipatutako musika harrobia hazten diharduzu, ezta?

Bai [barre egin du]. Tailer horietatik dagoeneko Panteras Rojas, Las Golden Macarras eta Bragada Criminal taldeak sortu dira; eta lehen biek Beldur Barik lehiaketako azken edizioak irabazi dituzte.

Bigarren diskoarekin buru-belarri zabiltza. Zer aurreratu dezakezu?

Disko pertsonalagoa egiten ari naiz, bai egiteko moduari, bai emaitzari dagokionez. Rap gehiago izango du, elektronika ere bai, eta zuzenekoetarako berrikuntzak egingo ditut.

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA