'Artea ikusteko, betaurrekoak jantzi eta ikuspegia aldatu'

Ikasturte hau bukatzear delarik, Arte Ederretako hainbat ikasle feminista protesta egitera joan dira Topatu.eus atarira. Haserrea antolatzen eta argudioak bilatzen pasa dituzte hainbat hilabete, eta hemen daude, prest!

Iturria: Topatu.eus

EHUko Arte Ederren fakultateko talde feministaren artikulua:

Harritu egin gintuen Artearen Historiako ikasgaian lau hilabeteren buruan nola ote zen posible emakumezko artista bakar baten obra aztertu ez izana, harritu eta kezkatu ere bai. Zer etorkizun iradokitzen ote digu horrek artista izan nahi dugun emakumeoi? 

Ikasgai horretarako gomendatu ziguten testuliburuan ere beste horrenbeste (“Historia del Arte, 4 El mundo contemporáneo”. Juan Antonio Ramírez. Alianza editorial): 463 orrialdetan bi mendetako artearen historia kontatzen da (XIX. eta XX.mendeetakoa), bost orrialdetan soilik aurkitu ditugu emakumeek egindako obrak: Georgia O´Keeferena da lehena. 1931ko obra bat erakusten da, urte horretara arte emakume bat bera ere ez da aipatzen, eta hortik aurrera beste lauzpabost. Aipagarria deritzogu, baita ere, body-art-ari buruz mintzo denean Ulay-Abramovic aipatzen dela performance baten argazkiaren ondoan, eta Marina Abramovic aipatu ere ez dela egiten bere izenez, “pareja de artistas” kontzeptuaren barruan aipatzen da soilik. 

Artearen Historiaren ikuspegi androzentriko eta sexistak metodologia zehatza erabili izan du emakumea baztertzeko, eta ikuspegi kritiko hori Artearen Historian txertatu gabe, historia bera herren geratzen da.

Ondoriorik behinena hauxe da: genero estereotipoak erreproduzitu egin dituzte Artearen Historiaren kontaketaren bidez. Gizonak artearen subjektu sortzaile gisa ikusi ditugu gehienetan ikas prozesuetan, eta emakumezkoak objektu errepresentatu gisa. Artista/gizon eta modelo/emakume asoziazioak kontzeptu orokorrago batetik datoz, gizonezkoei aktibotasuna eta emakumezkoei pasibotasuna esleitzen dien ohituratik hain zuzen. 

Nabarmendu behar da emakumeen presentzia % 70ekoa dela arte-ikasketetan. Baina, beraiek izango ote dira ikasketak bukatutakoan arlo horietan nabarmenduko direnak? Orain arte, ez. 

Museoei dagokienez (ez gara orain sakonean sartuko), datu txiki bat aipatzea nahikoa da egoera zein den ikusteko. Bilboko Arte Ederren Museoan 30 urtetan ez da emakumezko artista baten erakusketa indibidualik egin, martxo honetan hautsi da datua, Susana Talayeroren erakusketarekin. Museo honek laguntza publikoak jasotzen ditu eta hori da panorama, atera kontuak. Dena den, zorionak eman beharko dizkiogu portzentajea aldatzeko lanean jarrai dezan. 

Artearen Historia, estereotipoak gainditzeko tresna izan daiteke, bere bidez, irauli egin ditzakegu estereotipo horietako asko. Baina bide horretan aurki ditzakegun zailtasun handienak bi hauek dira: material falta (testuliburuetan emakumeek duten ausentzia, eta gabezi horri aurre egiteko ezintasuna denbora eta baliabide ekonomikoen eskasiagatik) eta irakasleen kontzientzia eza (haietako asko ohartu ere ez baitira egiten beren irakas-prozesuaren joera sexistaz). 

Artearen Historiaren norabide androzentriko eta sexista iraultzeko hainbat gomendio eman nahi ditugu, eta ezer baino lehen, esan behar da emakumezko artistak Artearen Historiako zerrendara gehitze hutsa ez dela nahikoa ikuspegi androzentrikoa iraultzeko; horretarako, eraldatu egin behar ditugu diziplina honen planteamendu teoriko eta metodologikoak.

ARTEAREN HISTORIA HEZKIDE BATERAKO HELBURUAK:

1. Artearen eta Artisautzaren arteko bereizketari dimentsio historikoa ematea diziplinaren birplanteamendurako. XIX. Mendean eman zen gizarte berrantolaketak finkatuko ditu gaur egun arteari buruz dugun ikuspegiaren oinarri nagusiak. Diziplina artistiko guztiak jeinutasunaren arabera sailkatzen ziren. Horrela, pintura mitologiko eta erlijiozkoa lehen postuan zegoen, eta artisautzako lanak, azken postuan, tradizionalki emakumeek landutakoak izanik. 

2. Sexismoa agerian uztea, klasismoarekin eta arrazakeriarekin batera, Arteko gaien eta generoen arteko bereizketa hierarkikoa egiteko irizpide izan baita. Bai artearen eta artisautzaren arteko bereizketa egiten denean, bai genero handien eta txikien artekoa egiten denean, eta bai “Artea” letra larriz eta “emakumeen artea” letra txikiz bereizten direnean ere. 

Pinturan, genero handi gisa, emakumeentzat eskuratzeko zailak izan zirenak daude, ikasketa akademikoa eskatzen baitzuten, hala nola erlijio-gaiak, mitologikoak eta biluzia menperatzea eskatzen zutenak (XIX. menderarte Akademiak debekatuta egon ziren emakumeentzat, eta, onartutakoan ere, muga batzuekin). 

3. “Jeinu” gisako kategoriak eta horiek gizonezkoekin duten asoziazioa zalantzan jartzea. Errenazimendutik aurrera Artea jeinuarekin hasten da harremanetan, eta jeinuzko izatea maskulinotasunarekin lotzen. Testuinguru hartan, emakume baten obran jenialtasuna ikusten bazuten, emakume hura anormala edota asexuatua zela uste zuten. 

4. “Maisu handiak” pertsonalitate isolatuak bailiran ikertzen dituen Artearen Historia kritikatzea. 

5. Arte-sorkuntzaren baldintza sozialak ezagutzera ematea, generoa analisi historikorako kategoria gisa txertatuz. 

6. Arte-sorkuntzara dedikatu diren emakumeak ezkutatzeko erabili diren mekanismoak azaltzea. 

7. Emakumeen produkzio artistikoa ezagutzera eman, ikertu eta balioan jartzea, bai produkzio indibiduala nola kolektiboa ere. 

8. Zehaztea obra anonimoak ez direla zertan gizonezkoek eginak izan. 

9. Emakumeen sorkuntza gutxiesten duen hiztegia baztertzea. 

10. Garai desberdinetako arte gai dominanteak kritikoki aztertzea, agerian utziz hautatutako gaiek edota gaiei emandako tratamenduak estereotipoak indartzeko balio izan dutela askotan. 

 

Honenbestez, feminismoak dena dauka egiteko. Pauso batzuk eman ditu, legeak aldatu... Europan behintzat XX. mendean lortu duguna da berdintasuna politikarien agendan jartzea. Beste kontu bat da gizartea aldatzea. Gure gizarte “aurreratuan” emakumeen zapalkuntza ez da jada legeen bidez egiten, kulturaren bidez baizik. 

Gaur egungo hezkuntza-sistemak badu zerikusirik emakumeen zapalkuntza erreproduzitzeko garaian, nahiz eta aurrera pausoak eman diren, oraindik ere molde zaharrean segitzen baitu neska eta mutilei rol eta betebehar ezberdinak esleitzen. Modu horretan, emakumea subjektu pasibo, umil eta sumisoa sortzen da.

Iritzi artikulu honen bidez UPV-EHUko Artearen Historiako Departamendu nagusiari ikuspegia aldatzeko eskatu nahi diogu: utz diezaiotela LOMCE, Bologna eta abarri hainbeste begiratzeari, eta zentra daitezela hezkidetza gure ikas-prozesuaren erdian jartzen. Martxoaren 8an historiako irakasleei gure aldarrikapenak eramatera joan ginenean bidean kexatu zitzaigun irakasle batek esan zigunez, “errazenari ekin diogu ikasleok”, antza denez oso erraza omen da artearen historian gabezi hori detektatu eta aldatzea. Bada, ikasleontzako hain erraza izan bada, irakasle, dekano eta abarrentzat ahuntzaren gauerdiko eztula izan behar du. 2016-17 ikasturterako aisa prestatuko dute gaitegi hezkidetzaile eta integral bat, material didaktiko eta guzti, irakasle guztiek klasean txerta dezaten, ezta? Bihoakie gure bultzada lan hori egiteko.

ETIKETAK

Elkarbanatu!