Petra Bauerrekin solasean

Bultza dezake irudiak politika?

Petra Bauer artista eta zinegilea da, eta Estokolmon bizi da. Pasa den azaroan tailerra eta hitzaldia eskaini zituen Tabakaleran, Consonni arte-ekoiztetxeak sustatutako LaPublika ekimenaren barruan: “Emakumeak eta irudiak mugimendu(et)an. Filmak eta argazkiak politikarako tresna gisa”. Bauerrekin hitz egin genuen esparru publikoaz, erantzukizunaz, eta Southall Black Sisters emakume-taldearekin egindako Sisters! filmaz. Concreta aldizkarian argitaratutako elkarrizketaren moldaketa da hau.

Iturria: Argia - Danele Sarriugarte

A Morning Breeze aurkeztu zenuen Veneziako azken Bienalean. Irudien bidez politika negoziatzea, horixe da obraren ardatzetako bat.

Venezian erakutsitako argazki horiek ederki islatzen dute irudiek balio dezaketela politika egiteko eta negoziatzeko. Emakume sozialisten aldizkari suediar batean argitaratu ziren argazkiok, 1905etik 1920ra bitarte. Argazki gehiago etorri ziren gero, baina niri tarte hori interesatzen zitzaidan, zeren eta 1921ean emakume suediarrek eskubide politikoak lortu zituzten, eta nire jakin-mina zen ea zer egiten duzun estatuaren eta legearen aurrean subjektu politikoa ez zarenean.

Emakume haiek irudiak sortu zituzten. Beren burua erretratatu zuten subjektu kolektibo eta politiko modura. Bestalde, tradizionalki maskulinotzat jotzen diren ekintzetan ikus ditzakegu buru-belarri –irakurtzen, idazten–, eta ondorioz, genero-arauak ere urratu zituzten. Garai hartan eskas ziren emakume intelektualen irudiak. Hortaz, auzitan jarri zuten emakumeen gaitasunei buruzko irudipena, eta argazkiok argitaratu ere argitaratu zituztenez, beste emakume batzuengana iritsi ziren. Nire iritziz, oso modu inteligentean erabili zituzten irudiak politikan eragiteko.

Beste zinegile batzuen lana ere ekarri zenuen LaPublika proiektuaren barruan egindako tailerrera.

Bai, adibidez, Avi Mograbi zuzendari israeldarraren filmak erakutsi nituen. Okupazioaren aurka dago, eta kamera hartuta checkpointetara joaten da, baita soldaduak dauden beste hainbat tokitara ere. Kameraren bidez, zenbait egoera probokatzen ditu, botere-harremanak agerian utziz. Kamerari esker lor dezake hori, ikusgarritasunak egiten baititu ageriko harreman politiko horiek.

Palestinarrek egindako filmak ere erakutsi nituen, eta interesgarria da biak alderatzea, haiek ezin baitira soldaduengana hurbildu. Beraz, beste modu batean erabiltzen dute kamera, baina azken batean, helburua bera da: egoera politiko zehatz bat ikusaraztea. Argi dago prozesuaren potentziala dela irudi horiek publiko bilakatu ahal izatea. Soldaduek modu jakin batean ekiten dute kamerak daudelako. Bestalde, palestinarren kasuan, grabatzen hasten direnean biktima izateari uzten diote, subjektu aktibo bihurtuz. Segurtasun-jaka moduko bat da kamera, eta batzuetan tentsioa baretzen laguntzen du.

Zer-nolako harremana dauka zure obrak esparru publikoarekin?

Galdera erraz-erraza da hori, eta aldi berean izugarri konplikatua. Artea ahalegin publiko bat da, niretzat bai behintzat. Film bat ez da existitzen harik eta norbaitek ikusi arte. Beraz, zentzu horretan, erantzuna begien bistakoa da.

Gero, hona hemen galdera konplikatua: zertaz ari gara esparru publikoaz ari garenean? Hannah Arendten ekarpenak oso garrantzitsuak dira niretzat, eta berak dio ez dagoela alderik esparru politikoaren eta publikoaren artean. Horrez gain, esaten du espazio bat politikoa izan dadin zenbait baldintza bete behar direla: hasteko, anitza izan behar du, askotariko ikuspuntuak bildu behar ditu; bigarren, ezin aurreikusizkoa eta intersubjektiboa izan behar du. Esparru bat kontrolatzen edo aurreikusten saiatzen bazara, parte politikoa desagertu egiten da. Hortaz, nire filmek aniztasuna dakarte, eta kasurik onenean, aniztasunaren mugak zabaltzen dituzte. Alegia, ikuspegi bat eransten dute, ahots bat, arazo bat, akaso esparru publikoan sekula agertu gabea. Ez dut nire proiektu guztiekin lortzen, baina horretan saiatzen naiz.

Noski, gai eta ahots horiek agertzeko modua ere garrantzitsua da. Artista naizen heinean erantzukizun bat daukat gauzen itxurarekiko, eta uste dut horrek kezkatzen nauela gehien, esparru publikoari lotuta. Noski, ulertuz estetika ere edukiaren parte dela.

Talde-praktikak ere interesatzen zaizkizu, praktika kolaboratiboak.

Jende askok pentsatzen du praktika kolaboratiboak esan nahi duela denek parte hartzea, denek erabiltzea kamera... Oso sinplista iruditzen zait hori, ez da batere ikuskera garaikidea.

Nire metodologiek parte-hartzaileen arteko harremanak azpimarratzen dituzte. Nire iritziz, kolaboratzea da konturatzea, adibidez, guk biok sortzen dugula elkarrizketa hau, elkarrekin. Horrek ez du esan nahi biok lan bera egiten dugunik, edo ibilbide edo erabakitze-botere bera daukagunik, baina metodo bat sor dezakegu, bi-bion esperientzia eta gaitasunak baliatzeko, helburu batekin. Hori da kolaboratzea eta hortxe hasten zara negoziatzen.  

Ez da langintza erraza, jakina, harremanek gatazka baitakarte, baina kontua ez da tentsiorik gabeko lan-giro bat sortzea, baizik eta lan-giro bat sortzea non gai izango baitzara gainerakoekin harremanak eraiki eta erabakiak negoziatzeko. Hortik abiatuta sortzen dira emaitza kolektiboak.

Eta autorearen auzia?

Noski, alderdi garrantzitsua da hori, baina batzuetan hori baino ez daukagu buruan. Oraintxe bertan ez zait hainbeste interesatzen zeinek sinatu duen lana, baizik eta nola ekoiztu den. Ekoizteko erabilitako tresnek zuzenean eragiten diote ekoitz dezakezunari. Adibidez, Sisters! filma sortu ahal izan genuen Southall Black Sisters (SBS) emakume-talde politikoak eta neuk harreman bat geneukalako. Elkarrekiko dependenteak ginen, eta horixe interesatzen zait. Interdependentzia eta zaurgarritasuna kontzeptu garrantzitsuak dira niretzat.

Hala ere, ez dituzu botere-harremanak ukatzen. Nola kudeatzen dituzu?

Bistan da botere-harremanak daudela, baina boterea ez da beti neurea. Hasteko, uste dut are gehiago problematizatu behar dugula kontua. Baliteke SBS taldekoek ikus-entzunezko artearen testuinguruan agertu nahi ez izatea. Artisten mundua da hori, eta militante politikoei akaso ez zaie hainbeste interesatzen.

Bestalde, interesgarria da erantzukizunaren ikuspegitik erreparatzea gaiari. Film bat estreinatzen dugunean, zeinek hartzen du horren erantzukizuna? Auzia aldatzen da, erabaki baitezakezu zerbaiten erantzule izan ala ez. Kontzeptu hau garatze bidean dago, baina orain egiten ari naizen proiektuan erantzukizuna eta talde-autoretzaren gaiak eztabaidatzen ari gara, filmaren edukia bera eztabaidatu aurretik. Sisters!en ez genuen horrela egin, beraz  esan daiteke prozesuan ikasi dudala.

Sisters! egiterakoan SBS taldearen eguneroko lanari erreparatu zenion bereziki, lan hori ikusezina baita sarri.

Iraultzaren estetika, ia beti, gizon-saldoak dira, kalean: oso irudi apasionatuak. Baina, egia esan, iraultzaren unea da hori, alegia, 15 bat minutu irauten ditu. Zinezko lan politikoa beste nonbait gertatzen da. Politikagintzan diharduzu erresistentzia handiz, urte luzeak joan behar dira ezer aldatu aurretik, eta bat-batean hor daukazu iraultzaren unea... eta gero itzultzen zara eta eguneroko lanari ekin behar diozu berriz.

Emakumeek eguneroko horren barruan egiten dute lan politiko asko. Politikagintzaz hitz egitean ez dugu horretan pentsatzen, baina ezinbesteko jarduna da. Nire helburuetako bat zen eguneroko lan hori erakustea, proiektu politiko gisa. Sisters!i buruz hitz egitean beti esaten dut iraultzaren aurreko eta ondorengo uneak direla.

Zer uste duzu errepresentazioaz?

Errepresentazioak ideia bat dakar, hots, norbaiten izenean hitz egin dezakezula, edo gertatu den zerbait errepresentatu dezakezula, gertaera edo ideia bat. Munduaren konplexutasuna murrizten du horrek, eta baita filmen konplexutasuna ere. Ez dut ideia hori sinesten: ezin duzu inoren izenean hitz egin. Filmek zerbait proposatzen dute, zerbait aurkezten edo iradokitzen dute, baina proposamenak ez du mundu historikoaren berri ematen, areago, mundu historikoaren parte da filma bera. Ezberdintasun hori oso garrantzitsua da.

Zer-nolako harremana daukazu zure filmekin estreinatu ondoren?

Hortxe amaitzen da nire lana, filma mundura iritsi ostean ez dagokit eztabaida eta foroetan parte hartzea. Filmak badu bere gorputz propioa. Zentzu horretan, ez daukat ohiko aktibisten inongo antzik. Niretzat, gakoa ez da egoera zehatz bat aldatu edo horretan eragitea, ezpada ahots berri bat txertatzea errealitatearen aniztasunean.

 

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA