Izena eta izana ezbaian _ Emarauna

Euskal Herrian, askotarikoak izan dira pertsonen izenak bildu dituzten zerrendak. Izendegi ezberdinak egon dira, eta garai eta ideologia desberdinen arabera aldatuz eta tokian tokiko errealitatera egokituz joan dira. Emagin eta Euskal Herriko Bilgune Feministak elkarlanean egindako “Izena eta izana ezbaian: gida praktikoa” sortu dugu, pertsona izenek duten balio sinboliko eta eraikitzailearen garrantzia jendarteratzeko eta gogoeta pizteko.

Abiapuntua.

Bilgune Feministako kideok, Idurre Eskisabelekin egindako formazio saioan, izendegiaren gaiari heldu behar geniola pentsatu genuen. Baina gaia jorratzeko modu asko zeuden eta ez genuen kanpaina huts batekin konformatu nahi. Gaia problematizatu eta sozializatu beharra zegoela balioetsi genuen, hortik atera zen tresna, gida praktikoa, sortzeko ideia. Lan taldea osatu eta martxan jarri ginen.

Birpentsatzea helburu.

Ponte-izenen inguruan egon diren gogoeta feministak zabaldu, bizipenetatik abiatuta izenen aukeraketetan egon diren arrazoiak jaso, egungo izendegiaren arautzea ikuspegi feministatik begiratzeko parada eskaini, izenen binarismoaren inguruko gogoeta zabaldu eta, izenak jartzeko arautegian, zirrikituak azalarazi eta desobedientziarako ateak irekitzea dira gure asmoak.

Gidak, euskal -izendegia ikuspegi feminista batetik ikertzeko parada eskaini nahi du. Izenak pertsonaren izatearen eraikuntzan izan dezakeen pisua arakatzeaz gain, hizkuntzak berak, arlo horretan jokatzen duen papera aztertzeak, eman ditzake izendegiaren birplanteamendu berria egiteko giltzak. Izan ere, planteatzen baita mintzaira komunikatzeko bitarteko hutsetik harago ulertu behar den elementua dela, alegia, errealitatea egituratzeko eta pentsamendua sortzeko medio gisa.

Izenen eta hizkuntzaren garrantzia.

Identitate kolektiboetan ere oinarri nagusietako bat da hizkuntza. Izan ere, hizkuntzek herri bakoitzaren ezagutza gorde dute belaunaldiz belaunaldi, eta belaunaldi bakoitzak ezagutza berriak gehitu dizkio. Hizkuntzak gordetzen ditu bere hiztunen komunitateak mendeetan landu eta garatu dituen jakinduria eta ezagutza, mundu ikuskera, ohiturak, tradizioa … Hizkuntzarekin lotzen dute errealitatearen balorazioa eta elkarren arteko komunikazioa. Hau da, munduan pertsona bezala izateko eta egoteko beren era propioa eta ordezkaezina zertzen duen huraxe hain zuzen.”

AGIRREZABAL, Lore (koord.) (2010). Euskararen berreskuratzea. Hizkuntzak biziberritzeko gako batzuk, Eskoriatza: Garabide Elkartea.

 

Hizkuntza, pertsonen arteko komunikazio-tresna ez ezik, mundu-ikuskeren, ohituren, tradizioen eta herri-kulturen esperientziaren transmisiorako tresna ere bada. Zentzu horretan, mundu-ikuskera, ohitura eta tradizio horiek eraldatu nahi izanez gero, premiazkoa da hizkuntzaren inguruko gogoetak egitea, eta hizkuntza eragin gune nagusi bihurtzea.

Hizkuntza, hitzak arautuz eta erabileraren bidez alda daiteke, baina testuingurua ere kontuan izatea ezinbestekoa da eta hau horrela izanda, patriarkatuaren sinbolo-sistemaren inguruko azterketa egin behar da. Hitzak aldatzeak ez baitu bermatzen genero-markarik gabeko gizarte-ordena.

Halaber, izenek, informazio asko eman diezagukete. Errealitatea deskribatzeko eta sortzeko bitarteko diren moduan, pertsona-izenak, hizkuntzaren parte izanik, baliagarriak dira hainbat balio transmititzeko ere. Balio horien eroale dira eta, beraz, hizkeraz harago doazen mezu zein edukiak adierazteko tresna gisa uler daitezke.

Izendegiek egunerokotasunean emakumeak eta gizonak sortzen dituzte”. Idurre Eskisabel Arratibelen hitzek gogoratzen digute, izenak sexuen arabera bereiztean jendarteko genero-sistema binarioa erreproduzitzen dugula eta bereizketak norbanakoaren eraikuntzan eragin zuzena duela.

Izenak sexuaren arabera. Araudiak diona.

Egun, euskal-izendegiaren afera, euskal-lurraldeen zatiketa administratiboak bereizten du eta, horregatik, desberdina da legea Iparraldean eta Hegoaldean. Ipar Euskal Herrian, Frantziako Estatuko legea ezartzen da eta honen arabera, gurasoengan uzten da izena hautatzeko eskumena, hau da, haurrari edozein izen jar diezaiokete umearentzat iraingarria ez den bitartean.

Euskaltzaindia da Hego Euskal Herrian euskal izendegia arautzen duen erakundea. Baina, araudi hori, zein irizpideren araberakoa da? Nola eta zeren arabera arautu ditu izenak Euskaltzaindiak? Nahiz eta euskal izendegiak historian zehar ohikoak izan direla onartu, proposatzen duen izen zerrenda 2015. urtekoa da eta aurretik egon diren euskal izendegiez baliatu da berau osatzeko.

Euskarak gizonentzako izen batzuk eta emakumeentzako beste batzuk izan dituela esaten du baina ez du aipamenik egiten, arautuak dituen arren, gizon zein emakumeentzat balio duten izenen inguruan.

Geldiezinak gara.

Genero eraikuntzan izenek duten garrantziaz jakitun bagara, eraldatzeko dugun gaitasunean sinetsi eta beste errealitate bat eraikitzeko boteretzea ezinbestekoa zaigu, ez dadin izan genero eraikuntza jaiotzen garen mementotik bizi osoan zehar garraiatuko dugun marka.

Desobeditzeko jarrera duten milaka pertsona geldiezinak dira. Baliatu dezagun, bada, indar hori genero-markarik gabeko izendapenak egin eta balio eta identitate berri eta parekideagoak sortzeko. Hartu gida eta arrakalatu!

ETIKETAK

Elkarbanatu!