Gutxienekoa ere lortzeko dago

Etxeko Langileen Nazioarteko Egunaren harira, gogora ekarri dute babesgabetasunean daudela. Egoiliar aritzen diren andre migranteen egoeraz ohartarazi du SOS Arrazakeriak

Iturria: Arantxa Iraola - Berria

«Pairamendua». Irribarre zabala du Altagracia Petra Gilek; Dominikar Errepublikan sortua da, 1961ean, eta mende laurden bat darama migrante, azken urteotan Euskal Herrian. Baina haren hitzek ez diote larritasunik kentzen berak eta bere gisan etxeko lanetan ari diren beste milaka etxeko langilek jasan behar duten egoerari: «Asko pairatu behar da». Gizarte Segurantzan izena emanda daudenei —beltzean ari dira asko— aitortuak zaizkien lan baldintzen eskasari begiratzea aski da hitz horien atzean zer dagoen ulertzeko. Hona bilduma bat: langabezia saririk ez dute, gaixoaldiak bederatzigarren egunetik aurrera kobratzen dituzte, ez da soldata osoagatik kotizatzen, ez dago itun kolektiborako esparrurik, eta erreferentziazko soldata lanbide arteko gutxienekoa da. Zaila da langileen alde neurri sorta meharragorik imajinatzea, eta horren gainean ohartarazteko, elkarretaratze bat egin zuten atzo Errenterian (Gipuzkoa) hainbat etxeko langilek eta SOS Arrazakeriak deituta. Eskubide guztiak etxeko langileentzat pankarta ireki zuten. Zabal-zabal.

«Legez onartzen zaien gutxieneko hori, behintzat, betetzea: hori da asmoa», azaldu zuen SOS Arrazakeriako kide Gerar Karrerek. «Eta beren errealitatea ikusaraztea». Izan ere, zinetan talde zaurgarria dira. Emakumeak izaten dira etxeko langile gehienak, etorkinak horietako asko —egoiliar aritzen direnen %80 baino gehiago—, eta horregatik ari dira haien eskubideen aldeko lan ildo bat sustatzen Errenterian eta inguruko herrietan. Ahal duten neurrian, pozik hurbiltzen dira talde horren abarora Gil eta beste hainbat andrazko: tartean, Andrea Encarnacion eta Lina Perez. Dominikar Errepublikan sortuak dira, eta biak ere 1960ko hamarkadako alabak dira. Eta, Gilen gisara, egoiliar daude Errenteriako hainbat etxetan: zaintza handiak behar dituzten adineko pertsonen etxeetan ari dira. Goizetik iluntzera.

Oro har, egun dituzten lanbideetan nahiko pozik daudela azaldu dute hirurek. Denek dute, ordea, arranguraren bat, lan baldintza eskasen erakusgarri. Perezek aste osoan egin behar izaten du lan: «Egun bakar bat ere ez dut osorik libre izaten; asteburuetan ez dut egunik jai, eta ezin naiz inora joan. Oporretan besterik ez». Gilek azaldu du mendekotasuna zuen pertsona bat artatu beharko zuela esan ziotela, eta etxera joan zenean bi zirela ikusi zuela: «Esan zidaten familiako kideetako bat autonomoa zela, baina ez, dena egin behar zaio. Hori aintzat hartuta, soldatak handiagoa behar luke. Baina horretan ez dago aldaketarik». Gutxieneko horri estu lotuta dago, ordea: «Behar dut». Gil eta Perez enpresa baten bidez ari dira. Familiarekin tratua zuzenean itxi zuen Encarnacionek. Sano edo eri, lanari irmotasun berarekin eutsi behar izaten diola dio, derrigorrean: «Egun batean ez banoa, soldatatik 50 euro kentzen dizkidate datorren ordezko pertsonari pagatzeko».

Aterperik gabe

Lantokia bizileku ere badutenez, bat-batean lanik gabe geratuta, egoera zinetan larrian ikusi dituzte hainbat kide. Encarnacionek jarri du adibide bat, beste biei ere ezagun egin zaiena. «Gertatu izan da, esaterako, kideren bati iluntze batean 'zoaz' esatea: 'Ez etorri gehiago'. Eta nora jo orduan? Badira eskaileraperen batean gaua egin behar izan duten lagunak». Lan egin duten familietan jende aski ona ere topatu dutela diote, eta badituzte oroitzapen gozoak. Baina gaziak ere bai asko: bizitakoak, eta entzundakoak. Gil: «Zatarra esan zioten nire lagun bati: beltza».

ETIKETAK

Elkarbanatu!