Emozioen zertzeladak_Martxoko Emaraun

Espetxean sartzen zarenean, maitasun gabeko munduan sartzen zara. Emozioak barne-barnean gordetzen dituzu, etsaitasunezko giroari hoztasunez aurre egiteko. Barneko zure munduan babesten duzu, jakitun baitzara benetan zurea den espazio bakarra dela.

Iritzia: Teresa Toda - Emaraun

Baina emozioak hor daude, badauzkagu, eta halabeharrez, pixkanaka azalarazten dira, bestela, bizitza gogorregia bihurtuko zitzaigun. Pertsonak gara, pertsona nahiko kontziente eta kontzientziatuta, gainera; beraz, ezin gara harrizkoak izan… Jakina, kanpora begira aktiboak mantentzen ditugu bikoteekiko maitasun berezia, senideekiko maitasuna, lagunekiko adiskidetasuna; are gehiago, emozio hauek sakontzen dira, beste dimentsioa hartzen dute adierazteko modu berriak aurkitu beharrean gaudenez.

Amatasuna garatzea eta bizitzea asko zailtzen da, asko. Amentzat, noski, eta umeentzat modu berezian, kontuan izanda beraiek egoeraren dimentsioa ezin dutela erabat ulertu. Espetxean jaiotako umeen esperientzia gogorra da: hiru urte amaren ondoan egunez egun, 24 ordu, eta, bat batean, 3 urte betetzen dituztenean, kalera. Aste luzeak ama ikusi gabe, eta ikusterakoan, oso modu mugatu batean. Dena den, haurrak egoera berrira egokitzen joaten dira, erabateko aldaketa baita. Baina ama espetxeko giroan geratzen da, bere poza izoztuta, egun osoa maitasun ematetik, umearen hutsunean egunero sentitzera behartuta. Berregokitzea oso gogorra eta zaila da; umearen kontu guzti guztiak, kasketalditik loarazteko trikimailutxoak arte, besteen eskuetan utzi behar baititu. Nahiz eta kanpoko zaintzaileengana konfiantza osoa izan, beti zalantzan dago, kosta egiten zaio kanpoko eta barruko baldintzen desberdintasuna barneratzea. Azkenean, kide, senide eta lagunen babesa sentituz, buelta ematen dio, eta aurrez aurreko bisitak egun handiak bihurtzen dira, non umeen pozek blaitzen zaion.

Bikote harremanen problematika oso zabala denez, pare bat zertzeladekin besterik ez ukituko ditut lerro hauetan. Esango nuke kanpoan hasitako harremanek, sexu berekoak edo heterosexualak izan, antzeko tentsioak sufritzen dituztela garatzeko eta zaintzeko orduan. Baina hesien artean, moduluetan, harreman berriak sor daitezke, eta sortzen dira, bi emakumeen artean. Arazorik gabe onartzen dira preso politikoen artean, baina harrigarria gerta badaiteke ere, preso arrunten artean nahiko modu naturalean hartzen dira. Keinu itsusiak, tentsioak, komentarioak egoten dira, nola ez, baina orokorrean, ez dago arazo berezirik. Gogoratzen dut nola Salamancako espetxean, eztabaida luzean, emakume ijitoek lortu zuten haien zaharrek onartzea bi ijito gazteen artean sortutako harremana.

Dena ez da, hala ere, maitasun kontua. Sakon joko genuke zergatik sortzen diren bikote harremanak, sexu berekoak edota heterosexualak, espetxe barruan. Maitasun sakon eta sanoa badago noski, baina askotan komenentziagatik sortzen dira; beste batzuetan, babesa falta sentitzea izan daiteke arrazoia, nahiz eta horrela sortutako harremanak oso menpekoak izan. Ikuspuntu feministatik, asko dago egiteko hesitzarren itzalpean ezkutatuta duden arlo horietan.

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA