Emakume zaintzailearen rola inposatutakoa da

Astelehenean hasiko da Pasaian emakume zaintzailearen rolari buruz hausnartzeko mintegia. Lopezek dioenez, beharrezkoa da zaintzaren gaineko guztiak familian planteatzea.

Iturria: Olatz Mitxelena - Berria

Zaintzaren gaineko gogoeta sustatu nahi du Ni zaindu, zu zaindu ikastaroak. Kontxi Lopezek (Errenteria, 1965) gidatzen du, han eta hemen. Pasaian, etzidamu abiatuko da mintegia, eta ekainera bitarte iraungo du. Emakumeen Jabekuntza Eskolak antolatu du, eta ez kasualitatez.

 

Emakume zaintzailearen rolaren gaineko gogoeta bultzatu nahi du mintegiak. Zergatik?

Ikastaroa eskaintzen dugun aldiro, hausnarketa taldeak eratzea da gure helburu nagusienetakoa. Menpekoak zaintzen ari diren emakumeek gogoeta egitea lortu nahi dugu. Emakume zaintzailearen rola inposatutakoa da; ez da aukeratutako rol bat, derrigorrezkoa eta mandatu batzuk dituena baizik. Gure asmoa da mintegian parte hartzen duten emakumeek hausnartu dezaten ea zergatik diren beraiek zaintzen ari direnak, zertarako, nondik eta nola ari diren zaintzen. Horiek dira gogoetaren bitartez erantzun nahi ditugun galderak.

Emakumeok ez dugu dohain berezi bat zaintzarako. Betidanik egiten dugun zerbait da, jendarte patriarkal eta kontsumistari oso ondo datorkion rola delako. Ekonomikoki diru asko aurrezten da horrela, eta, gainera, dohain bereziaren ideia betikotu egiten da.

Emakumeek zer egin dezakete errealitate bidegabe hori nolabait iraultzeko?

Guk tailerretan proposatzen dieguna da beraiek erabaki eta aukeratu dezatela ea nahi duten zaindu. Zaintzea beti egokituko zaigu, baina gure asmoa da zaintzaren erantzukidetasuna bultzatzea. Familiako mendekoen zaintzaren ardura ez dezatela bakarrik emakumeek hartu. Familian zaintzaren beharra planteatzea eta denon artean adostea nola eramango duten aurrera. Komunikazioaren gaia lantzen dugu, eta emakumeen ahalduntzea bultzatzen dugu, beren burua eta ezagutza sustatuz. Alde horretatik, erabakiak hartzerakoan beren desioak kontuan har ditzaten saiatzen gara. Emakumeok gainontzekoen arabera eraiki dugu geure burua. Beti gaude besteen beharrak estaltzeko prest; semearenak, bikotekidearenak, gurasoenak, anai-arrebenak… eta norberaren beharrak beti azkenekoak dira. Horregatik, emakumeak beren desioekin harremanetan jartzeko lan egiten dugu.

Izan ere, emakume asko eta asko, besteak zainduz, beren buruaz ahazten dira.

Asko. Horregatik, gure mintegian beti eskaintzen diogu tartea norberaren zaintzari. Besteen beharrak baino ez badituzu kontuan hartzen, azkenean, bizi bat duzula ere ahaztu egiten duzu. Zaintzaren gaineko guztiak familian planteatzea gomendatzen diegu, zaintza beste modu batez antolatzeko, familiako beste kideak, batez ere gizonak, zaintzan inplika daitezen. Emakumeek gai izan behar dute beren senar eta bikotekideei zaintza beste era batean antolatu behar dela planteatzeko, berdinetik berdinera, modu horretan harreman bidezkoagoak izan ditzagun.

Baina, ziur, emakume askorentzat gaia etxean planteatu behar izatea ere arazo bihurtzen dela.

Oso zaila da. Horrelako gai bat planteatzea familia batean konplexua da. Komunikazio falta egoten da askotan, gauzak jakintzat ematen direlako. Adibidez, haur bat jaiotzen bada familian, aitona-amonek zainduko dutela suposatzen da; orokorrean, amonek. Eta ez zaie galdetu ere egiten. Jakintzat ematen da rolaren barruko zerbait balitz bezala. Familian planteatzeak horrela ez duzula zaindu nahi, mugak jartzeak, ezetz esateak… gatazka handia sortzen du. Oinarrian komunikazio gabezia bat dago, zaintzarako harremanak berdintasunetik eraikitzeko borondate falta. Rolak hala daude, eta ez dugu planteatu ere egiten aldaketa beharrezkoa denik.

Ez da kasualitatea mintegia jabekuntza eskoletan eskaintzea.

Ez da kasualitatea, ez. Batzuetan gizarte zerbitzuen bitartez ere eskaini izan dira, baina halakoetan ere ez da kasualitatea izaten. Betiere diagnostiko bat izaten da oinarrian. Zaintzen ari diren emakumeek gainean daramaten zama emozional handi hori arintzeko beharra dutela antzematen da.

Mintegian norberaren zaintza eta ezagutza ere lantzen dira. Nola?

Bizipenetan oinarritzen den terapia erabiltzen dugu, terapia parte hartzailea. Emakume bakoitzak bere bizipenak ditu, bere ibilbide propioa, eta ibilbide horretan esperientzia asko. Horietatik abiatuta lan egiten dugu. Norbere burua berriz aurkitzeko terapia. Badira eduki komunak ere. Hausnarketa bultzatzen dugu testu feministen bidez, eta zaintzari buruzko bestelako idatziekin. Bada zati teorikoa, hausnarketa feministarako baliatzen duguna, eta bada beste zati bat kudeaketa emozionalerako. Idatzi ere asko egiten dugu. Hainbat metodologia uztartzen ditugu.

Pasaian soilik ez. Herri askotan ari zara lanean.

Zarautzen bukatu berri dugu ikastaroa, eta esperientzia oso polita izan da. Sestaon ere ari naiz, eta Getxon bukatu berri dut. Basaurin, tailer honen bigarren zatia litzatekeenarekin hasi berri gara, norberaren zaintzarako gakoetan sakontzen.

Erakundeek nahikoa lan egiten al dute egoera honi irtenbidea emateko?

Udaletan berdintasun departamentuak sortu direnez geroztik, gizarte politiketan aurrerapausoak egin dira, emakume feministek egindako urteetako borrokaren ondorioz lortuak. Baina goragoko erakundeetan, hitzetatik harago ezer gutxi egiten da. Asko dago egiteko. Emakumeok ezin gara lokartu, eta borrokan jarraitu behar dugu.

ETIKETAK

Elkarbanatu!