Denak ez gara egongo

Ahulak garela dioskute, eremu pribatuari lotutako gorputz otzan eta pasiboak. Besteentzako izakiak garela, hitzarmen sozial modernoaren aita den Jean Jaques Rousseauk hala agindu zuen: emakumeok maitatzeko izaki eta alboan dugun gizonaren menpekoak behar dugula, naturaren patu eta jendartearen antolaketa harmonikoaren bermea ei da hori.

Iritzia: Amaia Zufia Erdozain - Berria

Gauean kontuz ibili behar garela dioskute, ez baita guretzat, biolentzia mota ororen diana garelako, eta gizonezkoen bultzada zein desio neurrigabeen hartzaile. Zuloz beteriko gorputz penetragarriak, objektu sexualak, izatea egotzi zaigu emakumeoi. Beldurrez jantzi gaituzte, zineak, albistegiek edota gurasoen ikarek, guretzat arriskutsua den mundu batean bizi garela erakutsiz, oinkatzen ditugun lur eta kaleak arrotz sentitzeraino.

Indarkeria matxista gizon gaizto batzuen afera dela dioskute, eroak, mozkorrak, basapiztiak eta kanpotarrak omen dira. Erasotzaile batzuk, ordea, bizilagun eredugarriak direla baieztatzen dute hainbat testigantzek, inork ez zuen espero, inork ez du azalpenik topatzen.

Gure berdintasun eta garapenaren jendartean lekurik ez duen gaitza omen da indarkeria matxista. Mendebaldeko berdintasunaren aroan, beraz, lekuz kanpo daude ere feminismotik indarkeria matxista aztertzen duten teoria eta hari erantzuteko praktika politikoa. Legeak baditugu, zer gehiago nahi dugu? Horregatik, aho-handiak, erradikalegiak, deserosoak eta gehiegizkoak gara feministok.

Hainbeste hitz huts dioskute. «Genero indarkeriarekin, tolerantzia 0» daukan jendarte honetan, zarama eta zarata, lastoa eta gorotza topatzen dugu emakumeok han eta hemen, itotzeraino, goitikatzeraino. Baina guk ere diogu. Gure arbaso feministek osatutako ahotsez diogu. Aurretik emandako pausoez diogu. Mugimendu feministak abiatutako borrokaz diogu: Indarkeria matxista zer den, noiz pairatzen dugun eta nola egingo diogun aurre.

Indarkeria matxista gure jendarte patriarkalaren erreprodukzioaren erdigunean kokatzen da, eta generoen instituzionalizazioaren parte da, hau da, gizon eta emakumeek izan behar dutenaren definizioaren parte da, eta, aldi berean, kategoria soziopolitiko horiek eraikitzeko egiturazko tresna. Eta ez da indarkeria isolatua. Kolonialismoaren, heteroarauaren edota kapitalismoaren bortizkeriaren beste ardatzekin elkar gurutzatzen da. Emakumetzat diagnostikatutako gorputzak ez dira indarkeria matxista pairatzen duten bakarrak eta indarkeria matxista orok ez ditu harreman heteronormatiboak jatorritzat. Disidenteak diren gorputzak, gorputz transexual edo lesbianek adibidez, gorputz arrazializatuek, lodiek edota dibertsitate funtzionala dutenek indarkeria matxistarekin bat egiten duten bestelako indarkeria espezifikoak jasaten dituzte.

Mugimendu Feministak denbora luzea darama indarkeria matxistaren adierazpen desberdinen aurka borrokan: kaleko mobilizazioaz, eragile sozial eta politikoak interpelatuz, erakundeekin protokoloak adostuz, gogoeta eta pedagogiaz, eraso egin dieten emakumeentzat asistentzia sareak eratuz, autodefentsa feministaz ahaldunduz eta beste harreman zein identitate ereduak bultzatuz. Jorratutako bide horiei esker lortu dugu egun jendartean indarkeria matxistarekiko dagoen sentsibilizazioa eta hartutako hainbat konpromiso.

Feministok Prest! plataformatik, aurretik egindako urratsak eta erantzun anitz aldarrikatzen ditugu, denak izan dira beharrezkoak, eta denak beharko ditugu aurrerantzean ere. Hori horrela, azkenaldian Mugimendu Feministari zilegitasuna kendu eta hura kriminalizatzeko egin diren saiakera ezberdinak salatzen ditugu. Jakin badakigu erantzuten dugunean zalantzan jartzen gaituztela, jomugan kokatzen gaituztela, baina lanean jarraituko dugu, gure bizitzak jokoan daudelako eta oraindik bide luzea geratzen zaigulako. Apirilaren 9an, Gasteizen, eguerdiko 13:00etan Gasteizen indarkeria matxistaren aurkako borrokan inflexio puntu bat markatzeko aukera izanen dugu.

Denak ez gara egongo. Melissa, Annie, Leire, Almudena, Alexxe, Alicia eta indarkeria matxistak eraildako emakume guztiak ez dira egongo. Etxeetan barne zaintzaile gisa lanean egongo diren jaiegunik gabeko emakumeak ez dira egongo. Europaren gotorlekuko hesietan odolusten ari diren emakume errefuxiatuak ez dira egongo. Emakume presoak ez dira egongo.Emakume asko faltako dira. Baina han egongo gara, zu, ni, hura, haiek. Gu. Elkarrekin, aliatuta, korapilatuta, Euskal Herriko Mugimendu Feminista batuta eta indarkeriari erantzun irmoa emateko prest dago.

Erraietatik, haserretik, amorrutik hartuko ditugu Gasteizeko kaleak. Horregatik, Feministok Presteko plataformatik erantzutearekin lotzen ditugun elementu anitz ekartzeko deialdia egiten dugu. Horrekin batera, batuko gaituen sinboloa eramatera deitzen dugu: zapi morea. Gure gorputzak kolpatzen dituen indarkeria matxistak elkartzen gaitu, eta, bat eginda, gorputz bakarra izango bagina bezala erantzutera goaz.

11 eraso, 12 erantzun. Feministok prest!

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA