Angela Davisen bisita_Martxoko Emaraun

Inoiz imajinatu ez genuen arren, Angela Davis (Birmingham, Alabama, AEB, 1944) filosofo eta ekintzaile afro-amerikarra Euskal Herrian egon da. Borroka ezberdinen erreferente bihurtu zen 1972an atxilotu eta “Free Angela” kanpainari esker mundu osoan zehar famatua egin zenean. Davisek umiltasun osoz aitortu zigun berak ez zuela ezer lortu, kanpaina horretan murgilduta egon zirenen lanari esker askatu zutela eta horren ondorioz bera eta bere ile afroa borroka anti-arrazista, anti-sexista eta anti-klasistaren sinbolo bihurtu zirela. Ezin dugu ukatu, bera ezagutzeak urduritasun eta zirrara handia eragin duela gugan.

Iturria: Idoia Arraiza Zabalegi - Emaraun

Euskal feministon aitzindari

Baina fanatismo puntu horretatik haratago, Angela Davisek sekulako ekarpen ideologikoak egin ditu esparru ezberdinetan eta bere hausnarketak bereziki garrantzitsuak izan dira euskal feminismoarentzat. Izan ere, euskal feminismoa egituratu zuen zapalkuntza hirukoitzaren ideia (nazio, klase eta sexua) Angelak 1981. urtean idatzitako Women, Race and Class (Emakumeak, arraza eta klasea) liburutik eratortzen da. Gaur egun ohituta gaude intersekzionalitatearen kontzeptua nonahi entzutera, baina garai horretan iraultza bat suposatu zuen, bide berri bati ekiteko argia.

«Euskal mugimenduan feministarik ez zen. Guretzat hau dramatikoa zen [...]. Gure betebeharra zen emazte gisa mugimendu abertzalearen baitan feminista gisa agertzea [...]. Martxoaren 8an, Maiatzaren Lehenean edota Aberri Egunetan agertzea» (1974. urtean sortutako Euskal Emazteak Beren Askatasunaren Alde (EEBAA) kolektiboaren hitzak)

Oihana Etxebarrietak Berrian idatzitako artikulurako Gure Genealogia Feministak liburutik berreskuratutako pasartea da. Testuinguru honetan Angela Davisek “euskal feministen barnean zeuden kezka eta egonezinei hitzak jarri zizkien, eta horrela, bideari indartsu ekin zioten lehenik EEBAAko kideek, eta ondoren KAS Emakumeak, Aizan, Egizan eta beste hainbat asanblada eta koordinakundetako emakumeek ere”

Emakumea eta kartzela

Baina Davisek ekarpen gehiago eskaini dizkigu bere bizitzan zehar. 72 urterekin idazten eta praktika internazionalista garatzen jarraitzen du. Azkeneko urteetan emakumea eta kartzelaren inguruan aritu da lanean. Horregatik parte hartu zuen ostiralean GITE-IPESek antolatutako “Kartzela kalera! Emakumea eta kartzela” jardunaldietan.

Kartzelatua izan aurretik preso politikoen askatasunaren alde egin zuen lan, baina bera barrura sartu zuten arte ez zen ohartu emakume presoek bizi duten egoera bereziaz: “Gizonek baino indarkeria eta gehiegikeria larriagoak sufritzen dituzte erabateko inpunitatean; sexualki erasotzen dituzte, baita bortxatu ere”. Estatuak oro har presoen aurka eta, bereziki, emakume presoen kontra darabilen indarkeria salatu du eta indarkeria estatala eta intimoa, pertsonala eta publikoa harremanetan daudela azaleratu du.

AEBtan espetxeak demokrazia burgesa berriarekin sortu ziren eta beraien funtzioa pertsonei beraien askatasuna eta eskubideak kentzea da. Baina zigor demokratiko honetan, eskubideak aurretik aitortu behar dizkizute gero hauek ukatuak izateko eta emakumeak beti izan gara eskubiderik gabeko bigarren mailako herritarrak. Kartzela pertsonen damutzea eta birgizarteratzea bilatzen bazuen ere, delituak burututako emakumeak lege biologikoak zalantzan jartzen zituzten izaki bideraezinak omen ziren.

1870eko hamarkadan hasi ziren emakumeen lehen espetxeak eraikitzen. Ordutik hona, emakume presoei ama onak izaten eta zaintza lanak nahiz etxeko jarduerak menperatzen irakasten zaie. Jarrera paternalista eta moralizatzaileaz tratatuak dira funtzionario eta instituzioaren partetik. Izan ere, Davisek bereziki nabarmendu du gizonen eta andreen espetxeak egoteak genero bereizketa indartzen duela. Eta galdetu du binarismoan oinarritako banaketa horretan non kokatu daitezkeen transexualak. “Trataera are bortitzagoa ematen zaie preso transexualei, eta zer esanik ez, emakume transexual beltzei”

Espetxeak apurtu

Angelaren esanetan, AEB “Kartzela nazio bat dira, eta beren eredua zabaltzen ari dira mundu osora”. Kartzela, hemen edo han, jendarte demokratiko neoliberal batek onartu ezin dituen pertsonak biltzeko zabortegia da. Horregatik, kartzelak delinkuenteak eduki baino, pertsona pobreak, prekarioak, kanpotarrak, migranteak, sistemari aurka egiten dioten disidente politikoak eta, oro har, bazterrean kokatzen diren subjektuez osatua dago: “Neoliberalismoak sortzen duen kartzelan, biolentzia estrukturala, arrazista eta estatala da”.

Bestalde, espetxeen inguruko sektore ekonomiko indartsu bat dagoela azaldu du Davisek. Munduko 3. multinazionalik handiena (G4S) segurtasunaren esparruan egiten du lan. Kartzela mordoa kudeatzen ditu munduko herrialde ezberdinetan eta Afrikan adibidez, lanpostu gehien mugitzen duen enpresa da. Bakea segurtasuna hitzarengatik ordezkatzen ari diren garai hauetan, ezin ahaztu segurtasunak etekin ekonomikoak ematen dituela, eta handiak gainera.

Ikuspuntu abolizionista eta feminista batetik segurtasunaren esanahi berri bat behar dugu: “Segurtasuna nahi dugu denok. Baina zer da segurtasuna? Polizia eta kartzelak? Ez. Enplegua da, etxebizitza, osasun eta buru-osasun arreta. Hori guztia bermatuta lortuko dugu segurtasuna”. Espetxeak gure jendarte kapitalista, arrazista eta heterosexisten isla diren heinean, ez da aski preso politikoak askatzearekin. Sinesten dugun jendarte eredu berri horretan kartzelek ez dute tokirik: “Preso guztiak kalean egoteak ez du ziurtatzen errotutako arazo sozial eta ekonomikoen gainditzea”.

Guzti honengatik, espetxeen abolizioaren borroka guztiz estrategikoa dela aipatu zuen. Bere ustetan, kartzelarik gabeko jendarte bat, kapitalismo, arrazismo eta sexismorik gabeko jendarte baten sinonimo dira, zigor mekanismoak erabiliko ez dituen jendarte eredua. “Indarkeriari ezin diogu zigorrarekin erantzun, indarkeria gehiago sortzeko. Gizarte enpatikoa eta indarkeriarik gabea sortu behar dugu». Erronka ez da soilik arrazismo eta seximoaren kartzelak bezalako kanpo egiturak apurtzea, errotuta ditugun barne egitura arrazista eta sexistak ere apurtu behar ditugu. Hemen Euskal Herrian, kartzela oso presente egon den elementu bat izan arren, asko dugu oraindik honen inguruan hausnartzeko. Zerumugan kokatu nahi dugun justizia restauratiboaren bidean, beste behin Angelaren hitzak zeharo inspiratzaileak izan dira.

Insurrekzio feminista!

Larunbat goizean “Herri, klase eta feminista izaeradun borrokaren ikuspegia egun” izeneko barne mintegiak antolatu zituzten Gite-Ipes, Ipar Hegoa, Ernai eta Bilgune Feministak. Kasu honetan, Angelak bere bizitzako eta historiako pasarte ezberdinei heldu zien bere borroka eta ibilbide iraultzailearen nondik norakoak azaltzeko. Aurreko egunean bezala, plazer bat izan zen presentzia handiko emakume hau ikusi eta entzuteko aukera izatea. Eta plazer bat bere ahotik entzutea ezinezkoa delako feminismorik gabeko jendarte antikapitalista eta antiarrazista bat lortzea.

Baina egun horretan, beste izar asko ikusi genituen distiratzen Zuatzuko aretoan. Mahainguruan parte 3 kidek hartu zuten hitza eta publikotik beste hamarren bat lagunek. Guztiak neskak eta guztiak euskaraz. Bakoitzak bere esparrutik, guztiek agerian utzi zuten feminismoaren beharra.

Euskal Herriak bizi duen inflexio puntu honetan erronka handien aurrean gaudela argi geratu zen. Besteak beste, subjektu eraldatzailea birdefinitzea eta sektore zapaldu ezberdinak errekonozituko dituen identitate kolektiboa osatzea; elkarren aitortzan oinarritutako aliantza iraunkorrak lortzea; iruditegi eta kultura politiko berri bat eraikitzea; burujabetza feministaren bidean, lidergo feminista osatu eta eragiteko gaitasuna lortzea... Korapilo handiak bai, baina bertan sentitutako indar eta kapital humano naiz intelektualaren tamainakoak. Geroz eta gehiago gara, boteretzen ari gara eta asko dugu esateko. Insurrekzio feministak ez du atzera bueltarik!

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA