Emaraun: Martxoko Klittotik!

Zaintzaren aitortza, kontziliazioaren beharra

Lana eta aisialdia uztartzean omen datza azken asteotan hainbeste hizpide eman duen kontziliazioa. Lana eta aisialdia. Ekuazioa sinpleagoa litzateke emakumeei buruz ari ez bagina. Emakumeek egindako lanari buruz, alegia. Zaintza oraindik ere lan gisa aitortzen ez duen gizartean, erren gelditzen baita aipatu ekuazioa, emakumeek burutzen duten lanaldi bikoitza ez duelako aintzat hartzen.

Definizioa birrasmatuz, lana, zaintza eta aisialdia uztartzean datza emakumeen kontziliazioa, ezin baitugu alde batera utzi oraindik, emakumeak direla zaintzaz arduratzen direnak gizarte honetan. Uztartze hori ematen den ala ez eta zein baldintzatan da, beraz, aztergai. Hel diezaiegun datuei:

 

Ama diren emakumeen %80k ordaindutako lana, familia eta denbora pertsonala kontziliatzeko arazoak dauzka. Club de las malas madres atariko (clubdemalasmadres.com) 4.445 harpidedunen informazioarekin egindako ikerketa baten ondorio da hori, Maite Egoskozabal soziologoak burutu duena.

 

Ikerketaren ondorio nagusia da, beraz, ama diren emakumeen %80k arazoak dituela zaintza, soldatapeko lana eta denbora pertsonala kontziliatzeko. Gainera, arazorik ez duela baieztatzen duen %20ak onartzen du “nekatuta daudela, beren gain hartzen duten lan karga eskergagatik”.

 

Txostenak argitzera ematen duenez, gainera, “seme-alabak edukitzeak emakumeen lan-ibilaldia zigortzen du”. Izan ere, emakumeen %35,3k zailtasunak izan ditu lanaldia negoziatzerako orduan, amatasunaga dela eta; %31,6 bere lankideengatik epaitua sentitzen da eta %31,5i helburuak aldatu dizkiete eta, ondorioz, ardura gutxiagoko lanak egiten dituzte ama direnez geroztik. Ama izan diren emakumeen %19,3k ezin izan du, gainera, lanaldia aldatu ere egin.

 

Lan munduan ama izan diren emakumeak zigortzea ez da berria, badira zenbait ikerketa hori berresten dutenak. Nazioarteko Lan Erakundeak egindako txosten baten arabera, esaterako, Espainiako Estatuan, emakumezkoek gizonezkoek baino %17 gutxiago kobratzen dute; ama diren emakumeek, ama ez direnek baino %5 gutxiago.

 

Ikerketaren arabera, besteentzako edo autonomo bezala lan egiten duten emakumeek 16 ordu eta 6 minutu ematen dituzte lanean, osotara; hau da, 7 ordu eta 36 minutu ordaindutako lanean, 6 ordu eta 12 minutu seme-alaben zaintzan eta 2 ordu eta 18 minutu etxeko lanetan. Lo-orduak kontutan hartu gabe, emakume hauek egunean 54 minutu dauzkate libre, batez beste.

 

“Datu horiek agerian uzten dute bizi-kalitatea bermatzeko denbora libre baliagarriaren eta lan-karga osoaren arteko desoreka”, dio txostenak. “Etxetik kanpo lan egiten duten emakumeek bete behar duten lanegun bikoitz horrek, gainera, errudun sentimendua sorrarazten die kasu gehienetan, ardura guztiak bete ezin dituztelako”.

 

Soldatapeko lanik ez duten emakumeen kasuan, 14 ordu eta 12 minutu ematen dituzte egunean seme-alaben zaintzan eta 4 ordu eta 45 minutu etxeko lanetan; horrenbestez, egunean libre gelditzen zaien denbora ordubete eta 8 minutukoa da. Hamarretik sei denbora librerik gabe gelditzen dira astean behin baino gehiagotan.

 

Kontziliazioa lana, zaintza eta aisialdia uztartzean datzala aipatu badugu, paradoxikoa dirudi gizarte osoaren zaintzaz arduratzen diren emakumeek euren zaintza pertsonalerako denborarik ezin topatu ibiltzea. Horrenbestez, zaintza erdigunean jartzea aldarrikapen oinarrizkotzat dugun feministok, agendaren erdigunera ekarri behar genuke, beraz, emakumeon kontziliazioak barne hartu behar lituzkeen zaintzaren bi alorrak.

 

ETIKETAK

Elkarbanatu!

AGENDA